Torturatuen senide eta lagunak: hitz gutxiko akonpainamendu handia
Tortura bigarren pertsonan bizi izan dutenen egoerari gutxi erreparatu izan zaio gehienetan. Hitz gutxiko harremana izan da sarritan, baina beti ondoan egon dira, ahal izan dutena ahal izan duten hobekien egiten. Torturatuen senide eta lagunen enkontru hau izango da hirugarren geltokia.

Euskal Herrian 5000 torturatutik gora baldin badaude, zenbait ehun-milaka ote dira haien lagun eta senideak? Horiek denek nola bizi izan dute ahizpa, anaia, seme, alaba, bizilagun, ama, lehengusu, kide edota lagunaren tortura kasua? Torturatuekin hitz egin ote dute horren inguruan? Eta senide eta lagunen artean? Kasu askotan, prozesu horiek haientzat ere ez al dira “tortura bat” izan? Zein neurritan eta modutan?...
Beste behin, torturaren ertz bati erreparatu eta galderek eta zalantzek egin dute gainez. Eta kasu honetan ere, ez dago erantzun erraz eta bakarrik: senide eta lagunen kopurua zenbatu ezina bada, haien bizipenak ere halakoxeak dira. Hala ere, dena landu ezin izateak ez du esan nahi zerbait landu ezin daitekeenik; senide eta lagunen bizipen batzuk argitara atera eta hortik irakaspen kolektiboak atera daitezke. Are, premiazkoa da hala egitea.
Asmo horrekin, erreportaje honetan kasu zehatz bateko bizipen zehatz batzuetan zentratu gara: Errenterian 2008ko apirilean gazte independentisten aurka egindako sarekadan atxilotuak eta torturatuak izan zirenen senide eta lagun batzuetan, hain zuen ere.
Zehazki, Maddalen Dorador Rubio (1987), Kerman Fernandez Trigo (1986) eta Urtzi Lujambio Galparsoro (1990) errenteriarrekin elkartu gara. Hirurek gertu-gertutik bizi izan dute kasua. Fernandez, gaztetxeko kide gisa, torturatuetako batzuen kuadrillakoa, lankidea eta pisukidea izan da, besteak beste; Dorador, haien militantzia kide eta lagun mina; Lujambiok, hori dena izateaz gain, haien artean zituen anaia eta koinatua.
HITZ EGIN EZINA
Errenteriako Alaberga auzoko Arditurri auzo elkartean egin dugu hitzordua. Eguneko azken eguzki-printzen gerizpean, denak ordua baino puska bat lehenago heldu dira. Eta, egiari zor, urduri, zigarroari emandako zupada bakoitzarekin ezinegona lurrundu nahian. «Aitortu behar dut aste osoan oso mugituta nagoela -hasi da Dorador-. Atzo esan nion bikotekideari: ‘benga, lagunduko didazu prestatzen?’. Eta ez nintzen gai inondik hasteko. Beraz, ez dakit gaur ere zerbait aterako dugun. Ez da hainbeste ezabatua dugula, nire kasuan oso isildua izan dut... Hamabost urte baino gehiago pasa dira eta lehen aldiz ari naiz hau altuan esaten». Azaldu duenez, elkarrizketa egin aurreko astean torturatuak izan ziren bi kideekin egon zen, baina ez zen gaia ateratzeko gauza izan.
Fernandezek eta Lujambiok behin hitz egin omen zuten horren inguruan, ordu txikitan, elkarte horretan bertan. «Ondo egon zen», dio Fernandezek; «baina askorik sakondu gabe», ñabartu du lagunak. Izan ere, Lujambioren eta bere senideen kasuan, «gai hau orokorrean tabu bat bezala markatu dugu. Ez etxean, ez beste inorekin hitz egiten ez dudan gaia da. Agian autodefentsa bezala edo, ekidite aldera. Egia esan, orain bertan elkarrizketa honek me está rebentando -ahotsa urratu zaio-. Baina gero kontzertu batera noa, eta eskerrak», jarraitu du erdi-txantxetan, kideen irriño konplizea lagun.
Beste lagun bat ere etortzekoa zen elkarrizketara, baina azkenean ez da animatu: «Ez da kasualitatea. Baietz esan zidan, super beharrezkoa ikusten zuela, eta gero esan zidan ez zuela nahi, ze ‘esan didazunetik izugarrizko tripako minarekin nago, mierda guztiari bueltaka eta ez naiz kapaz’».
Hitzak josteko ezinak, tripako minak... Ez, ez dira kasualitatea, ezta gaixoaldi bat ere, askatu gabeko korapilo erraldoi baten sintomak baizik. Halakoetan ez da erraza izaten galderak egitea, ez baitakizu zauriak goxatzen edo gazitzen ari zaren. Hala ere, Maddalen, Kerman eta Urtzik erakutsitako eskuzabaltasuna korapiloaren proportziozkoa izan da, erraldoia, eta testigantza potentea eskaini digute.
BADATOR OTSOA
Hiru solaskideak oso gazteak ziren atxiloketak eta torturak gertatu zirenean -21, 22 eta 17 urte zituzten, hurrenez hurren-. Eta hasieratik azpimarratu nahi izan duten bezala, ez ziren torturatuen senide edo lagun soilak. Militantzia kideak ere baziren, eta horrek erabat baldintzatzen du testuinguruaren irakurketa, haiek ere torturaren mehatxupean bizi baitziren.
Gasteiz, Burlata, Uribe-Kosta... epe laburrean gazte independentisten kontrako zazpi sarekada izan ziren garai horretan eta inguruan sentipen bat nagusitzen ari zen: «Otsoa dator». Doradorrek kontatzen duenez, «sarekada guztiak oso barrutik bizi genituen, torturagarri bezala, atxilotua izateko arrisku batekin. Kalean bakarrik ez ginen ibiltzen... Elkarrekin ginenean ginen babestuta».
Fernandez ez zen Segiko kidea, baina gertutik bizi zuen ezinegon hori: «Gaztetxean atxilotutako gehienak nire kuadrillakoak ziren, horietako bat lankidea. Orduan, haiekin asko hitz egiten nuen. Ikusten duzu galbahea geroz eta gertuago dagoela eta badatorrela. Herrietan eta hiriburuetan hasi ziren, eta Gipuzkoa falta zen». Lujambioren hitzetan, gainera, Oarsoaldean bazen mugarri bat: «Lezoko Topagunea zetorren. Pentsa, Topagunea baino lehen jada onartzen genuen atxilotuak izan gintezkeela».
Hori gutxi ez, eta horren zantzuak geroz eta nabarmenagoak ziren herrian. Fernandezek gogoratzen duenez, «egun horietan polizia eta sekreta pila bat zeuden kalean. Etxetik jaitsi eta kotxe beltz batekin egiten zenuen topo. Gertu, oso gertu ikusten duzu mamua».
Eta horrek izu handia sortzen du. Horren froga da Lujambioren lekukotza: «Ni gurasoekin bizi nintzen orduan. Gogoan dut atxiloketa baino pare bat aste lehenago edo nola azaldu ziren anaia eta koinata etxean, biak pasa-pasa eginda, uste genuelako gau horretan bertan atxiloketa zetorrela. Eta hortik nola aitak eraman behar izan zituen... Deskonfiantza eta beldur konstante hori zegoen, dena deskuadratzen zizuna».
IRITSI DA
«Badatorrenaren» marmarra iritsi zen 2008ko apirilaren goizaldera, eta eraman zituzten Errenteriako gazteak. «Nik gogoan dut goizeko lauretako deia, mundua hautsi zitzaidan. 24/7 nengoen pertsona horiekin, eta eraman zituztenetako batzuk sei urtez ez nituen berriro ikusi», kontatu du Doradorrek. Aurrera egin behar hala ere, eta ordu gutxitan izugarrizko herri aktibazioa martxan jarri izana du gogoan: «Segur aski amorrua beldurra baino handiagoa zelako egon zen horrelako aktibazioa. Bat-batean hamar gazte, oso gazte, herritik kentzea, atxilotzea, torturatzea…». Proiektuarekin aurrera jarraitzea xedetzat hartuta prestatu zuten dinamika. Hala ere, bakoitzak oso leku ezberdinetatik bizi izan zuen.
Atxiloketen ostean Fernandezek kalean gogoratzen ditu hurrengo egunak: bilerak, kartelak, protestak. Lujambiok ere lehen kolpean kaleko erantzuna du buruan, «zorionez horrelako kasuetan automatikoki erantzuten delako». Baina plano pertsonalean beste egoera batean zegoen: «Anaia eta eraman zituenean, egia esan, ni ‘pasatuta’ nengoen. Osabaren etxean egon nintzen egun batzuetan lehengusuekin-eta babes gehiago izateko, eta bertan nengoela esan zidaten ‘txakurrak’ zebiltzala inguruan; orduan, Donostiara joan nintzen, hango osaba-izeben etxera. Bost egunak burua jaten pasa nituen, baina nik uste dut burbuila batean zaudela. Ez da konparagarria, baina ideia bat egiteko, ‘nola pasatu dituzu beilatokiko egunak?’ galdetzea bezala da; burbuila batean zaude, bazaude eta ez zaude, ba sentsazio horiekin edo egon nintzen».
Doradorrentzat, «bost egun horiek euste egunak izan ziren. Nik ihes egin nuen, etxe batean nengoen eta euste egun bezala gogoratzen ditut. Etxekoek irrati bat utzi zidaten eta nire lagunak deklaratzera pasa zirela entzutean guztiz hautsi izanaren sentsazioa daukat. Gaur egun, oraindik, ez ditut beraien torturen testigantzak irakurri, badakizu zer pasa den eta zu ere hausten zaitu. Eta nire zama handiena da, eta pentsatzen dut genero osagaia ere baduela, erruarena. Errua sentitzea libratzeagatik, beraiek pasatzen ari zirenagatik… Egun motxila horrek nigan jarraitzen du». Gerora azaldu duenez, «erruaren» zama hori militantziarekin jarraituz «arintzea edo» lortu du, baina bertan dirau.

Lujambiok ere antzeko sentsazioa bizi izan zuen inkomunikazioko bost egun horiek pasata, «berrespen sentimendu bat» iritsi zitzaion: «Proiektu politikoarekin aurrera egiteko arrazoia genuela eta ezin zela onartu, borrokan jarraitu behar genuela». Eta hausnartzen du, sarritan «kontraesankorra» badirudi ere, jende gehiago aktibatu zela gazte mugimenduan atxiloketen ostean. Hamar gazteren ingurua oso handia da, gehitzen dio Doradorrek, «inoiz manifa batera joan ez zen jendea bildu zen manifa horietan». Izan ere, «muntaia zenbaterainokoa zen» argi geratzeko balio izan zuen bere ustez: «Nire kuadrillan flipatu egiten zuten, ezin zuten imajinatu. Urrun ikusten duzunean agian onartuta zegoen ‘zerbait egingo zuen’, baina ikusi zuten ezetz; esaten zuten ‘ostias, hau badakit ezetz; honek egiten duena da gaztetxean militatu!’».
TORTUREN INFORMAZIOA IRISTEN
Inkomunikazioko bost egunak igarota tratu txarrak salatu zituzten gazte independentistek, eta tartean, herrian ere informazioa zabaltzen hasi zen: «Bat ospitalera eraman dutela, beste bat autolesionatu egin zelako ingresatuta dagoela… eta geroz eta gauza gehiagoz enteratzen hasten zara».
Hamabost urte igaro arren Doradorrek ezin duela hitzik jarri onartu du: «Badakizu hautsi dituztela, pertsona moduan hautsi dituztela zure lagunak. Nik gutun bat jaso nuen barkamen eske nire izena esan zuelako, eta ni horrek hautsi ninduen. Erruaren zama hain da handia… eta zer eta gainera eurak sentitzea errudun handik pasata izenak esan dituztelako? Niretzat hori txikitzailea izan da, badakizulako beraiek betirako orban batzuk dituztela».
Lujambioren kasuan, infernuko bost egun horien osteko lehen bisita gurasoek egin zioten anaiari. Hurrengoan joan zen bera ere, eta ez zaio berehalakoan ahaztuko: «Gogoratzen naiz anaia hamar kilo gutxiagoarekin ikusi nuela, txikituta. Lau gauza hitz egin genituen; jaso nuen zer jasan zuen pixka bat, baina ez askoz gehiago. Xehetasun gehiago bere tortura deklarazioa irakurritakoan jaso ditut».
Eta anaiak bisita horretan ez esan arren, iltzatuta geratu zaizkion une oso gogorrak ekarri ditu mahai gainera: «Gauza oso ‘totxoak’ daude, adibidez, nire anaia eta bere bikotearekin jokatzearena. Gela baten jarri zituzten, bakoitza alde batean, eta joan ziren nire koinata biluzten galdera erantzunen baitan, eta baita jotzen ere… Horrelakoen eta emandako kolpeen berri bai jasotzen dugu, baina beste gauza batzuk hor geratzen dira». Barru-barruan geratu ere.
Lagunak ditu Doradorrek ere aipaturiko gazteak, eta kontatu du nola denbora asko pasa zuen inor ikusi gabe, «eta berriz ikusi nituenean ez dugu inoiz honen inguruan hitz egin, ze kontziente gara zerbait aldatu dela. Aldatu garela, bizipen horiek aldatu gintuztela, beraiek bereziki. Zerbait hautsi zen hor eta gainera nire sentsazioa da denbora asko pasa zela, batzuk bost edo sei urtera ikusi nituen. Kide batekin lehengo astean egon nintzen, eta badakit berak hor zauri bat duela sendaezina dena, betirako dela eta ez dela lehenagokoa, baina ezingo nuke berarekin honetaz hitz egin», atera zaio barrutik.
LAGUNTZEA, LAGUNTZERIK BADA
Tortura jasan duten kideak babesteaz, ahal bezala laguntzeaz, bidaide izateaz, eta gutxi, baina pixkanaka hitz egiten hasteaz ere galdetu diegu errenteriarrei. Ea nola egiten den hori, ea hori egin zitekeen, ea beraiek nola sentitu ziren eta sentitzen diren akonpainamendu lan horretan. Oso posizio zaila baita, baina aldi berean ezinbestekoa. Eta batez ere, isiltasunak hartutakoa, Lujambioren hitzetan: «Gure etxean, adibidez, ez da gaiaz hitz egiten. Aurrekoan atera zen gaia elkarrizketa honen harira, eta hor gurasoak pentsatzen hasi eta amak esan zidan: ‘Joe, ba gu momentu horretan gauza bat bakarrik ari ginen ikusten, ez ginen arduratu zu nola sentitzen zinen, agian ez zintugulako arriskuan ikusten’. Eta niri zaila egiten zait, oso zaila, baina hitz egin dezaket, baina badakit beraientzat oraintxe landu ezin duten gai bat dela, eta iruditzen zait gai hau beraiei ateratzea, edo inguruko beste batzuei, zauri gehiago irekitzea dela, nire buruari zauri horiek ireki nahi ez dizkiodanean».
Eta antzeko zerbait gertatzen zaio bere buruarekin ere, barrutik mintzo da: «Badakit nik ere gauza asko dauzkadala lauso buruan, eta badakit nire buruak apropos egiten duela gauza horiek lausotzearena, barruko kaxoiren batean aparkatzearena. Eta hor geratzen da. Agian kalte egiten du hor egoteak? Ba agian bai, baina ni lasaiago bizi naiz jarrera hori hartuta».
Fernandezek ere aitortu du inoiz gutxi hitz egin duela komisarian bortxa jasan izan duen kideekin, eta norberaren araberakoa izaten dela hitz egin edo ez, zenbateraino egin… Bere pisukide izan zen batekin hitz egin zuen noiz edo noiz: «Elkarrekin bizi ginen eta akordatzen naiz egun batean ordu txikiak arte egon ginela hizketan, komisariako bere bizipenak intimitate horretan kontatu zizkidan, baina badago jendea ez duena hitz egin nahi». Eta guztiak errespetatu behar direla argi du. Halaxe uste dute beste bi kideek ere: «Nola hitz egin? Nola lagundu? Bakoitzak gure inguru horri gure konfiantza esparru bat eskaini behar diogu, eta gero norberak ikusi behar du; ze agian gu ere ez gara pertsona egokienak beraiekin hitz egiteko, eta agian askok jaso bezala laguntza psikologikoa behar dute gauza horiek tratatu ahal izateko». Baina argi dute modu batean edo bestean, alboan izango dituztela, isilune bidezko mintzoan bada ere.
ETA AKONPAINATZAILEAK?
Beraien buruaz hitz egitea gehiago kostatzen zaio elkartu dugun hirukoteari, beraien lagun eta senideek bizitakoa hain gogorra izanik, bigarren plano batean sentitzen direlako ziurrenik. Hala ere, hirurek aitortzen dute eragina izan duela beren bizitzetan. «Posoa» da beraiek etengabe darabilten hitza, beraiengan honek guztiak utzitako «posoa». Zauri edo min hori, amorruaren sentimenduarekin lotzen dute, eta hala aipatu dute behin baino gehiagotan: «Bizitzako beste jarrera batzuetan ere posoa uzten du honek guztiak: gorrotoa, deskonfiantza, itxiagoa izatea gauza batzuekiko.... Denborarekin joango zara gainditzen, baina betirako markatzen zaituzten gauzak dira, eta guri bezala, gertutik bizi duen anaia, arreba edo lagunei».
Gorrotoa du aipagai Fernandezek ere eta aitortu du urteetan torturak ahalbidetzen egon den pertsona egun Espainiako Barne Ministroa izateak tripak nahasten dizkiola. Baita egungo Ertzaintzaren hainbat jarrerek ere: «Ez da garai bateko tortura zuzena agian, baina zenbat kasu daude azkenaldian? Barrabilik gabe utzi dute bat, begi gabe bestea, matrailezurra suntsitu beste bati, ia hil zuten beste bat…».
Poliziarekin topo egitean, gorputzean sentitzen duten tentsioa da beste ondorioetako bat: «Lehen poliziari eta komisariari beldurra baldin banion, egun are gehiago. Gaur egun, nahiz eta ezer ez eduki ezkutatzeko, nire burua ikusten dut kontrol batean geratu eta zuzenean dardarka jartzen naizela. Azken finean, bizitza osorako markatzen zaituzten gauzak dira». Eta hala ere, gizatasuna ekarri du beste behin solasaldira Lujambiok: «Nik gorroto hori bizitza guztian izango dut, eta agian ez da onena izango, baina badut; eta aldi berean esaten dizuet inola ere ez niokeela gauza bera egingo inori. Hori egiteko gai izatea animalia bat izatea dela iruditzen zait».
Doradorrek, oraindik ere «erruaren motxila» daramala sentitzen du bizkarrean, baina aldi berean hitz egitearen garrantzia azpimarratzen du, «gure errelatoa ehunka gazterena delako»: «Niri errazagoa egin zait urrutiago ditudan pertsonekin torturei buruz hitz egitea, bizipen hauek bizi dituzten gertukoekin baino. Eta hala ere, kontatzeari ez diogu balioa kendu behar. Nik uste dut hemen badagoela errelato kolektibo bat atera behar dena, eta egin behar duguna saiakera sanazio kolektibo baterako. Ezin da indibidualki bakarrik osatu gatazka kolektibo bat izan dena».
«HITZ EGIN BEHARRA DAGO»
Heldu gara erreportaje sorta honetako azken geltokira. Burua eta gorputza mugituta, egia esan. Izan ere, zer pentsa ematen duten zenbat gako eta bizipen eskaini dituzten hizlariek! Tartean, hitz egitearen beharra azpimarratu dute etengabe, eta guk horixe nabarmenduz amaitu nahi genuke.
Dirudiena baino zailagoa da. Hasteko, tortura eta horren eraginak hitzen bidez azaltzea oso zaila delako. Bestetik, hitz egiteko solaskideak behar izaten direlako, espazio partekatu eta konfiantzazkoak. Eta oraindik halakoak faltan sumatzen dituzte denek -horri lotuta, baita aitortza eta erreparazioan urrats sendoagoak ematea ere-. Hala ere, horma instituzional, sozial zein emozionalak arrakalatu eta hitzei bide ematea ezinbestekoa da, «barbaridade» honek eragindako zauriak zornatu ez daitezen.
Testuinguru horretan, itzalak, mamuak zein minak hitzetara ekartzea eskatu diegu Maddi, Olatz, Maddalen, Kerman eta Urtziri. Talaia ezberdinetatik egin badute ere, bostentzat ez da batere xamurra izan. Horiei denei -eta tripako minez azkenean etorri ez direnei-, bihotz-bihotzez, eskerrik asko. •


