
Patxo Telleria euskal kulturako sortzaile oparoenetariko bat da. Gaur 65 urte sortu zen Bilbon, eta aktore lanetan profesionalki 40 urte daramatza jada. Zehazki, Maskarara antzerki konpainiarekin hasi zen, eta orduz geroztik antzezle eta zuzendari rolak tartekatu izan ditu.
Lander Iglesias eta Aitor Mazorekin Txirene konpainia sortu zuen, eta azken honekin hainbat filmetan ere egin zuen lan (‘La maquina de pintar nubes’ eta ‘Bypass’). 2000an Mikel Martinez eta Jokin Oregirekin Tartean proiektua garatu zuen; Martinezekin, gainera, Ez Dok Hiru Bikoteatroa ekimena sortu zuen, eta bikote artistiko bezala urteak daramatzate.
Antzerkiko lanaz gain telebistako telesailetarako gidoiak idatzi izan ditu, tartean ‘Hertzainak’ eta ‘Goenkale’ mitikokoak.
2020ko hamarkadan bost antzezlanen gidoiak sortu ditu momentuz: ‘Ez dok ero’ (2020), ‘Ameriketara bidaia’ (2021), ‘Alderray’ (2022), ‘Kortxoaren dilema’ (2023) eta ‘Ai, gure juaneteak’ (2024). Guztira antzerkirako 40 lan baino gehiago idatzi ditu, eta 10 telesailetan eta 11 filmetan parte hartu du (aktore edo gidoilari moduan).
Langile porrokatua izaki, Telleriak pixkanaka geroz eta sona handiagoa lortu du eta jada hainbat aitortza egin dizkiote. Esaterako, 2013an ‘Lingua Nabajorum’ bere lanarengatik euskarazko autorerik onenaren MAX Saria eman zioten. 2014an, berriz, antzezlan horrek urteko Antzezlan Onenaren Donostia Saria jaso zuen. Bilbotarra denez, 2016an Aste Nagusiko pregoilari izateko ohorea ere izan zuen. Bertan ere, ezin bestela, umoretsu aritu zen.