GAUR8

140.000 euro eman ditu Arabako Aldundiak ondarea kontserbatzeko partikularren proiektuentzat

Norbanakoek sustatutako kultura ondare higiezina kontserbatzeko edota zaharberritzeko proiektuak babesteko laguntzak ebatzi berri ditu Arabako Foru Aldundiak. 140.000 euro bideratuko ditu helburu horretara bederatzi esku hartzetan.

Kultura ondarea zaharberritzeko norbanakoek sustatutako proiektu ugari etxebizitza eta gune historikoetan izaten dira.
Kultura ondarea zaharberritzeko norbanakoek sustatutako proiektu ugari etxebizitza eta gune historikoetan izaten dira. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak kultura ondare higiezina kontserbatzeko edota zaharberritzeko norbanakoek sustatutako esku hartzeetarako diru laguntzen 2025eko deialdia ebatzi du. Horren arabera, 140.000 euroko inbertsioa egingo du erakundeak, lurralde osoan han eta hemen dauden ondare arkitektonikoko elementuak berreskuratzeko.

Zehazkiago, foru gobernuak jakinarazi duenez, deialdi honetan bederatzi esku hartze onetsi dira, interes kulturaleko higiezinen jabe diren 20 norbanakok bultzatuta. Diruz lagundutako jardueren artean daude, besteak beste, birgaitze obrak, estalkiak eta fatxadak zaharberritzea, egitura finkatzea eta proiektu teknikoak idaztea.

Hautatutako proiektuak landa ingurunean zein hirigune historikoetan daude, besteak beste, etxebizitza historikoak birgaitzea Guardian, Gasteizen edo Gordoan, eta esku hartzeak Artziniegako herrigune historikoan eta zenbait herritako eraikinetan, hala nola Murgan, Zuhatzan edo Tobillasen.

61 eskaera aurten

Arabako Aldundiak nabarmendu du deialdiak «interes handia» piztu duela herritarren artean, guztira 61 eskaera erregistratu baitira. «Kopuru horrek berresten du partikularrek gero eta konpromiso handiagoa dutela Arabako arkitektura ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko», ziurtatu du.

Laguntzak kultur ondarea babesteko eta balioztatzeko foru estrategiaren parte dira, eta bere aberastasuna eta aniztasuna babesten lagunduko dute etorkizuneko belaunaldientzat, nabarmendu dute foru Gobernutik.