CL1: ordenagailu biologikoa ala izaki biziduna?

Bartzelonan urtero egiten den Mobile World Congress ekitaldia industriako azken berrikuntzak ezagutzeko aukera bikaina da. Aurtengo edizioan, arreta bereganatu duen aurkezpenetako bat izan da CL1: lehen ordenagailu biologikoa. Ez da makina arrunta: Australiako Cortical Labs enpresak garatu du, eta laborategian hazitako giza jatorriko zelula neuronalekin funtzionatzen du, siliziozko txip batean integratuta.
CL1 ordenagailua ez da eguneroko erabilerarako diseinatu, ezta ohiko informatika-lanetarako ere. Bere helburu nagusia ikerketa zientifikorako tresna izatea da, batez ere neurozientziaren eta biomedikuntzaren arloan. Adibidez, aukera ematen du ikertzeko nola erantzuten duten zelula neuronalek botika jakin batzuen aurrean eta nola prozesatzen duten informazioa; horrez gain, ahalbidetzen du neuroendekapenezko gaixotasunak hobeto ulertzea, hala nola Parkinson edo Alzheimer gaixotasunak.
Funtzionamenduari dagokionez, bestalde, CL1 ordenagailuak biOS izeneko sistema eragilea erabiltzen du (Biological Operating System). Sistema horrek mundu birtual bat simulatzen du, eta horri buruzko informazioa neuronei helarazten die seinale elektrikoen bitartez. Neuronek jasotako estimulu horiek prozesatu eta erantzun elektriko propioak sortzen dituzte. Ordenagailuak erantzun horiek interpretatzen ditu eta, horien arabera, testuinguru birtuala egokitzen du, ikaskuntza prozesu baten bidez.
Sistema neuronen mantenuaz ere arduratzen da. Zelula neuronalak elikagai ugariko disoluzio batean daude, eta baldintza egokiak bermatuz gero, sei hilabetez bizirik irauteko gai dira. Horretarako, gailuak tenperatura, pH maila eta gas trukea etengabe kontrolatzen ditu, gorputz baten antzera. Esaterako, tenperatura 37 ºC inguruan mantentzen da, eta pH-a orekan, ez azidoegi ez alkalinoegi, zelulek jarduera egokia izan dezaten.
CL1 ez da nabarmentzen funtzionamenduaren ikuspegitik bakarrik: energia-eraginkortasunean ere badu abantaila handia. Adimen artifizialaren eredu konplexuak entrenatzeko erabiltzen diren GPUek urtean milaka kilowatt-ordu kontsumitzen dituzte -batzuetan 3,7 milioi wattetik gora-. CL1, berriz, 850 eta 1.000 watt artean ibiltzen da, eta horrek energia kontsumoaren aldetik aurrezpen handia ekar dezake.
Hala ere, teknologia honek hainbat zalantza etiko eta praktiko pizten ditu. Alde batetik, sistema honek ez du animalien erabilera guztiz baztertzen. Izan ere, Cortical Labs-ek adierazi du etorkizunean animalien inguruko esperimentazioa murrizteko balio dezakeela, baina lehenengo prototipoetako batean giza eta arratoi neuronak erabili zituzten Pong bideojoko klasikoa ikasteko esperimentuan. Bestetik, giza jatorriko neuronen erabilerak kezka etikoak sortzen ditu. Nahiz eta neuronak laborategian hazitakoak izan eta kontzientziarik ez duten, sistemak gero eta konplexuagoak bihurtzen diren heinean, arau eta kontrol zorrotzagoak beharko dira. Horrez gain, CL1en bizitza erabilgarria mugatua da: sei hilabetean behin ordezkatu behar dira zelulak, eta horrek kostu tekniko eta ekonomiko handiak dakarzkie erabiltzaileei.
Teknologia honek oraindik hastapenetan jarraitzen badu ere, CL1 bezalako sistemek ordenagailuak ulertzeko modua bera jartzen dute zalantzan. Ez da amaiera bat, baizik eta hasiera bat: adimen artifizialetik harago, adimen biologikoaren aroari ateak zabaltzen dizkio. •