Paperik ez (2)
Badira 15 bat urte ikerketa batek jakinarazi zuenetik Gipuzkoa zela Europan, boto emaile ezkertiar portzentaje handia izan arren, eskumako lerro editoriala zuten eta duten hedabideak kontsumitzen zituen lurralde bereizgarria. Paradoxikoa zen emaitza eta arrazoiak aztertzeko premia azaleratu zen.
Ez nuen ondorengo azterketaren berri izan, baina ziur nago datu horietan zeresan handia zuela eta duela Vocento taldearen “El Diario Vasco” egunkari sakrosantuak, Francoren altxamendua publikoki ospatu eta hauspotu eta gaur egun oraindik ere haren omenezko eskelak argitaratzen dituenak.
Goebbels-en garaitik egindako marketing eta aurpegi garbiketa itzelaren ondorioz, Gipuzkoako hainbat etxetan “ohituragatik” hamarkada luzez presente egon denak, poliki-poliki, boterearen zuriketa eta kritikoak direnen kriminalizazioa landu ditu. Nola? Herri bakoitzeko tokiko albisteak egunero argitaratzeko 100 pertsonatik gorako lantaldea eratuz eta egun bat bai hurrengoa ere bai Real Sociedad taldeari buruzko albisteak sortzen. Ai futbola… Horiek izan dira amuak hainbat eta hainbat erosle eta irakurleri eusteko, eta, hala, irakurleak kontserbadoreagoak bilakatzeko ahalegin sutsua egiteko.
Izan ere, duela 25 urte Ulgor, Fagor eta abarren sortzaile Josemari Larrañagak hitzaldi publiko batean hedabide ilun honi buruz galdetuta, zera erantzun zion Mariano Ferrer kazetari handiak: «‘El Diario Vasco’ da Gipuzkoan eta Euskal Herrian inongo arazorik ez dagoela sinetsarazi nahi digun hedabidea». Hau da, irakurleei sustraietara jotzea ukatzea du helburu, azalarekin gelditu dadin, gehituko nuke nik.
Gauzak horrela, azken bi hamarkadetan hedabide eta informazio kontsumoak izugarri aldatu dira gizartean. Horren adibide, badira dagoeneko urte mordoxka egunkari saltzaile bati entzun nionetik pertsona nagusi baten eskela ikusten zuen bakoitzean bazekiela “El Diario Vasco” bat gutxiago salduko zuela.
Gertaera eta albisteen testuinguruari garrantzia ematen ez diogun garai honetan, tamalez, oro har, ez du iturriak axola. Izenburuarekin nahikoa daukagu! Edozeinek bota edo argitaratu dezake edozer eta askok sinesten dute bere horretan, besterik gabe. Horrelakoak dira sareak onerako… eta txarrerako.
Horra hor fake news eta intoxikazio ugariren irismena, gazteek bereziki eta beste jende askok ere ez dituztelako hor jasotakoak inola ere kontrastatzen, egiaztatzen, ezta testuinguruan jartzen ere. Eskuma izugarrizko dirutza inbertitzen ari da sare sozialetan etekin izugarri onak ematen dizkiotelako: betikoak gure kontura are eta gehiago aberasten dabiltzala jabetu beharrean, gu okerrago bizitzearen arrazoiaren fokua etengabe etorkinetan jar dezagun.
Horien artean badira etorkinak gordinki jipoitu eta akabatu nahi dituzten talde oso arriskutsuak, eta badira beste asko, gezurrekin etengabe etorkinak kriminalizatzen dihardutenak, atzetik etorriko direnen -lehen aipatutakoak- lan zikina justifikatu eta lurzorua prestatzen dutenak. Eta modu soilean etengabe etorkinen kontrako gezurrak Gipuzkoan zabaltzen ari denetako bat gero eta presenteago dago sare sozialetan. Izen eta marka oso zehatza dauka eta baliabide sorta zein lantalde sendoa, nahiz eta marka horren atzean nor dagoen ez duten inoiz publiko egiten. Seguruenik, horrek zerikusi zuzena izango du egunkarien salmenta jaitsiera izugarriaren aurrean lehengo “lana” egiten jarraitzearekin; hain zuzen ere, gipuzkoarrok nola edo hala otzandu ahal izatearekin. •