Loreak ureztatzen

Udazkena iristeko oraindik ere egun batzuk falta arren, orbel kolorearekin topatu ditut etxeko loreak oporretatik bueltan. Uzkurtuta, burumakur, beroaldiak erasanda edo. Abuztua arnasberritzeko hilabetea izan da niretzat, etxetik urruti mendian galduta ibiltzekoa. Baina, antza, etxeko loreei luzetxo egin zaie ihesaldia, eta triste egin didate harrera bizitokira itzultzean.

Haiek ureztatzen ari nintzela jaso nuen, atzo zortzi, Arantza Arrutiren heriotzaren berria. Ezagutzen ez banuen ere, zerbait mugitu zitzaidan sabelean; tristura lauso batek hartu ninduen ni ere. Haren irribarreaz gogoratu nintzen, haren begiradaz, haren indarraz. Eta ilean eraman ohi zuen loreaz. Arrutiren lorratzari jarraika igaro ditut ordutik zenbait egun: berari buruz han eta hemen idatzitakoak irakurtzen, egin zizkioten elkarrizketak entzuten, gertukoen pasadizoak ezagutzen, lehengo eta oraingo argazkiak ikusten...

Alcalako espetxeko patioko argazkiak harrapatu nau lehenik. 1972. urtea, hogeitaka urte gutxiko lau emakume, elkarren ondoan eserita: Arruti bera, Itziar Aizpurua, Mertxe Garcia eta Jone Dorronsoro. Atxiloketak, espetxea, tortura eta beste hainbat basakeria jasanagatik, irribarrea eta elegantzia soinean. Gordin kontatzen zuen Arrutik: «Heriotza baino askoz txarragoa da tortura. Pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena». Burgosko prozesuan sentitutako beldurraz ere maiz mintzatu zen, baina baita ilusioaz eta harrotasunaz ere.

«Abertzaletasuna eta langile mundua defendatzeko talde bakarra ETA zen. Enpresa horretan sartu nintzen, kontratu fijoarekin», aitortzen zuen umoreko. ETAn ez ezik, beste hamaika antolakunde eta esparrutan ere egin zuen ekarpena Arantzak; besteak beste, Aizanen eta Bilgune Feministan. Argi zioen: «Feminismoa estrategikoa da; ez da taktika, ez transbertsala eta halakorik. Gizartea patriarkala da, eta gure borrokaren erdian ez badago, gureak egin du!».

Gazteez galdetuta, hau erantzun zuen “Berria” egunkarian 2015ean egindako elkarrizketan: «Ez didate uzten kalaka aspergarria botatzen. ‘Bueno, Arruti, ez hasi betiko musikarekin’, esaten didate, eta hori, niretzat, oso garrantzitsua da militante eta pertsona gisa, eboluzionatzera behartzen nauelako». 70 urte gainean zituen ordurako; haatik, ez zuen galdu aldaketarako eta gazteei entzuteko gogoa. Ekin eta bultza jarraitu zuen, gaurkotuz eta eraberrituz.

Chavela Vargasen “El último trago” entzuten. Lore zuri bat ilean. Jertse morea soinean. Begiak erdi-itxita. Irribarre txiki bat zerien ezpainak isilka kantuan. Bizitzaren zimurrak aurpegian eta eskuetan. Honela agurtu zuen Arrutik 2016an NAIZ Irratian egin zioten elkarrizketa: «Guk gurean jarraituko dugu, ezker abertzalean, Bilgune Feministan, eta bizitza disfrutatzen. Zuekin konpartitzeko».

Euskal Herria askatzera lotu zen behinola Arantza Arruti, beste asko bezala. Bizitza osoa eman zuen ametsa bera eta ingurukoak alaitasunez ureztatzen: «Borrokak ematen du bizitzeko poza, brillua begietan. Eta gainera, lagun onak dauzkagu. Denak merezi izan du». Segi dezagun guk ere amets hori bera ureztatzen, borrokak ematen duen bizitzeko pozarekin. •