Adiorik ez

Pasa den astean, urriaren lehenean, utzi gaitu Jane Goodall primatologo, naturalista, aktibista eta antropologoak. Txinpantze basatien ikerketan aitzindaria izan da, 60 urtetik gora eman ditu haien harreman sozialak aztertzen, Tanzaniako Gombe Stream Parke Nazionalean. 1960an egin zuen bertara lehen aldiz, 26 urte zituela -amak lagunduta, orduko Tanganyikako britainiar protektoratuko agintariek eskatzen zutenez- eta oraindik titulu akademikorik ez zuela. Hori dela eta, doktrina zientifiko zorrotzak behatuko ez lituzkeen gauzak ikusi ahal izan zituen Goodallek. Txinpantzeei izena eman zien, zenbakiaren ordez, eta ohartu zen norbanako bakoitzak bere izaera zuela; pertsonalitatea. Besarkadak, muxuak eta kilimak, poza eta tristura bezalako emozioak, pentsamendu arrazionalarekin batera behatu zituen. Indarrean zen gizakiaren definizioa bera -homo faber, erreminta egilea- urratu zuen txinpantzeak erremintak erabiltzen ikustean. Belar zurtoinekin termitak “arrantzatzen” zituzten, eta adarrei hostoak kendu, erreminten eraikuntzaren oinarrizko hastapen bat dena. «Orain gizakia birdefinitu behar dugu, edo erreminta, edo txinpantzeak gizaki gisa onartu!», idatzi zuen Louis Leakeye Kenyako antropologo eta paleontologoak, zeinarentzat lanean ari baitzen neska gaztea.
Honez gain, belarjale izatetik urrun, txinpantzeek sistematikoki beste primate txikiagoak (koloboak) ehizatzen eta jaten zituztela behatu zuen, eta areago, taldearen barruan zein kanpoan dominantzia mantentzeko eraso eta biolentzia joerak behatu zituen, baita kanibalismoa ere. Bere ikerketaren kritika nagusietako bat, hain zuzen, elikadura estazioen erabilera izan zen, zeinak txinpantzeen elikadura eta erlazio sozialen patroiak eraldatu ahal baitzituen, gudak ere sortuz.
Aurkikuntza iraultzaileok hasi berri, lizentziarik gabe doktoretza egiten utzi zioten zortzigarren pertsona izan zen Goodall, Cambridgeko Unibertsitatean etologian doktoratuz eta natura zientzietako lizentzia ateraz. Denborarekin, honoris causa doktore izendatu dute munduko 45 unibertsitate baino gehiagotan, eta nazioarteko ehun saritik gora lortu ditu. Hauen artean ez dago asteon banatzen ari diren Nobel Saria, apika gaurko egunez Trumpen bakezaletasuna sarituko duena. Goodallek itzulerarik gabeko espazio bidaian bidaliko luke bera, Musk eta enparauekin batera, berriki adierazi duenez.
Borrokan hil zaigu Goodall, konferentzia bira baten erdian. Jakina, bere aktibismoa bere jarduera zientifikoa bezain kritikagarria izango da, baita asteotan pilatu zaizkigun hildako borrokalarien efemerideak ere, eta guztiei egin nahi nieke gorazarre. Asteazkenean Che, duela bi aste, Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez eta Sanz, Espainiako azken exekuzio ofizialak. Kasualitatez, gaurko egunez berrezarri zen heriotza zigorra Espainian, Janek hilabete gutxi batzuk zituelarik, Puig Antichekin amaitu zuen “garrote vil” harekin. Gazteengan zuen esperantza Goodallek. Hegoak eta sustraiak behar dituzte, askatasunez aireratu ahal izateko memoria. Ez adiorik!