
‘Zaintzaileen ongizatea, gizartearen ongizatea’ izenburupean, zaintzaren auziari begiratuko dio Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi zikloak, Ana Rodriguez Larrad doktorearen eskutik.
«Zaintzan aritzen direnak, familian zein arlo profesionalean, gizarte kohesioa bermatzeko funtsezko zutabea dira», azaldu dute antolatzaileek, gurea bezalako herrialde batean zaintzaileak diren pertsonek duten «paperaren» garrantzia azpimarratuz, 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %23 baitziren 2022an.
«Hala eta guztiz ere, zaintzan aritzen direnen errealitateari buruzko ikerketak oraindik ez du merezi duen arreta jaso. Zainketak goitik behera baldintzatzen du lan hori egiten dutenen familia bizitza, lan esparrua eta gizarte bizitza. Gainera, eragina zuzena du euren osasunean eta ongizatean eta, ondorioz, baita beraien kargu dauden pertsonei ematen dieten zainketen kalitatean ere», adierazi dute.
Ana Rodriguez Larrad fisioterapeuta, EHUko irakasle eta ikertzailea gonbidatu dute gaiaren inguruan gogoeta egiteko. Hurrengo asteazkenean (hilaren 29) izango da, 19.00etan. Hitzaldia euskaraz izango da eta aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniaz.
Osasun Publikoan eta Medikuntza Prebentiboan doktorea EHUn, fisioterapeuta da eta Erizaintzako Fakultateko Saileko irakaslea da. AgeingOn taldean egiten du ikerketa lana, «ariketa fisikoaren bitartez pertsona guztientzako zahartze osasungarria eta bizigarria sustatzeko ezagutza sortzen».

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
