Trumpantojo
Pasa den astean sindikatuek Palestinaren alde deitutako lanuztearekin bat egin genuen askok, kontzentrazio eta manifestazio oso jendetsuak izan ziren, bazen ordua!, baina entzun nion bati baino gehiagori «hangoa ez da ba dagoeneko konpondu?» galdera, eta zur eta lur geratu nintzen.
Bi urte luze pasa behar izan dira munduko herritarron oihua ozen entzuteko. Aurretik inoiz zuzenean ikusi gabeko sarraskiak izan dira bata bestearen atzetik, zein baino zein gupidagabeago eta basatiago. Eta horren guztiaren egile, inpunitate osoz aritzen den Israelgo estatu sionista, arrazista eta kolonialista.
Hamarkada luzeak joan dira, Israelgo estatua sortu zenetik, sionisten helburua palestinarrak haien lurretatik bota eta hiltzea dela, finean herri hori desagerraraztea. Eta inork irmo aurre egiten ez dienez, inpunitatean sinistuta, jada basakeriak ez du inongo mugarik.
Milaka eta milaka palestinar erail dituzte, horietako asko umeak; bonbardatu eta suntsitu dituzte ospitaleak, eskolak, etxeak… bizitza irudikatzen duen edozer, eta erail dituzte, baita ere, historian beste inon baino osasun langile, kazetari eta GKEetako kide gehiago. Ez dute lekukorik nahi eta laguntza oro ezabatu nahi dute.
Gobernuek, gizarteak, herritarrok hainbeste hamarkadatan utzi diegu sionistei nahi zuten guztia egiten, eta halako tamainako gorrotoa eta arrazakeria erein dute Israelgo estatu barruan, ezen hango biztanleriaren zati handi batek ondo ikusten baitu egiten ari diren sarraskia. Palestinarrak bigarren mailako herritarrak dira, etsaiak, eta horiek suntsitzea legezkoa da haientzat.
Bada, orain, bi urte luze eta gero, munduan barrena herritar asko eta asko konturatu dira, gure gobernuek ezikusia -hortaz, genozidei laguntzea- egiten badute ere, ez dela bidezkoa egiten ari direna; ezinbestekoa dela injustizia hau gelditzea eta Israelgo errudunak auzipetzea.
Munduko kaleetan protestak biderkatzen joan dira azkenekoz, BDZ ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta milioika eta milioika dolarrekin eusten duten Israelen aldeko propaganda ipurdi bistan gelditzen ari da, krudelkeria erraldoi horren aurrean gezurra eta manipulazioa ezin direlako betiko eutsi. Horregatik, orain, justu, salbatzailetik ezer ez daukan eta, aurretik Biden-ek bezala, Israel ekonomikoki eta militarki sostengatzen jarraitzen duen Trump zitalak bake proposamen bat ekarri du mahai gainera. Zertarako? Israelek nazioartean gaur egun duen hiltzaile eta arrazista irudia nola hala estali eta, foku gutxiagorekin, lan zikin bera egiten jarraitzea errazteko.
Horretarako, Netanyahu lagun minarekin batera, bake akordio bat antzeztu dute, herritarrak sutan dituzten gobernuak baretzeko. Eta, dagoeneko, ikusten hasiak gara Israelgo estatuak ez duela hitza betetzeko inongo asmorik.
Palestinatik kanpo askok eta askok pentsatu genuen eta dugu akordio hori tranpa bat dela, ziur aski bertakoek ere bai, baina nahiz eta hala pentsatu eta seguruenik tamalez asmatu, gu ez gara inor, gure bizimodu erosotik, palestinarren prakak jantzi gabe haiei zer egin behar duten esateko. Dagokiguna da han gertatutakoa salatu eta haiei babesa ematen jarraitzea. Hori zor diegu gutxienez palestinarrei eta ondorengoei. •



