
Gazteen artean eskualdeko ondare, historia, kultura eta gizartearen zaintzari buruzko ikerketak bultzatzea helburu duen Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariaren edizio berria abiatu du Gerediaga Elkarteak. 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta kategoria bakarra izango du, 1.500 eurorekin saritua.
Sariak ezarritako baldintzen inguruan, Durangaldean kokatutako ikerketak bilatzen dituela zehaztu du elkarteak. «Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke», azaldu dute Gerediagatik. Gaia historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea edo musika bezalako jakintza arlo zabalaren inguruan izan daitekeela zehaztu du era berean.
Bakarka edo talde lana izan daiteke, baina ezinbesteko baldintza da eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea. Taldean egindako lanen kasuan, gutxienez kide batek bete beharko du baldintza.
Ekainaren 14ra arte dago zabalik lanak aurkezteko epea, gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bidalita, eta lau formatutan onartuko dira: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa du ekimenak. Pello Zabarte ikertzaileak Bittor Garitaonaindiaren inguruko lana saritu zuen azken edizioan.

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
