GAUR8

Gaurko egunez jaio zen Consuelo Gallastegi, Emakume Abertzale Batzako kidea

Consuelo Gallastegi Uriarte gaurko egunez jaio zen, duela 125 urte, Bilbon. Bertako Emakume Abertzale Batzako kidea izan zen, eta 1919an irakasle titulua lortu ondoren, maistra bezala aritu zen.

Consuelo Gallastegi Uriarte ekintzaile politikoa eta maistra izan zen.
Consuelo Gallastegi Uriarte ekintzaile politikoa eta maistra izan zen. (Maitane Azurmendiren ilustrazioa.)

Consuelo Felicitas Gallastegi Uriarte Bilbon sortu zen, 1900eko azaroaren 5ean, eta Elorrion zendu zen, 1980ko irailaren 23an. Gaurko egunez jaio zen, beraz, duela 125 urte. Maistra eta ekintzaile politikoa izan zen. Bilboko Emakume Abertzale Batzako kidea izan zen, bere familiako beste kide batzuk bezala.

Bere neba, adibidez, Elias "Eli" Gallastegi zen, politikari abertzale eta jeltzale independentista nabarmena. XX. mendearen lehenbiziko erdialdeko eusko abertzaletasunaren eta bereziki euskal independentismoaren ideologo garrantzitsuenetakoa izan zen eta bere eragina ere antzemango zuen zortzi urte gazteagoa zen bere arrebak.

Consuelo Gallastegi Bizkaiko Irakasle Eskola Normaleko ikaslea izan zen. 1919an irakasle titulua lortu ondoren, maistra bezala aritu zen.

Euzko Ikastola Batzako Gobernu Batzarreko kidea izan zen Gallastegi, Concepcion Gangoitirekin batera: emakume bakarrak ziren biak, Concepcion lehendakariordea eta Consuelo idazkariordea. 1931ko ekainean Emakume Abertzale Batzako idazkariorde izendatu zuten.

1979ko Espainiako Boletin Ofizialean bere izena ageri da Laudioko Galmaka auzoko eskola partikular bati lotuta, orduantxe desagertu baitzen auzo horretako eskola Maria Jesus Ibaseta irakasle titularra zelarik.