
Saguzarren mundura hurbiltzea proposatzen duen hitzaldia antolatu du Hontza Museoak bere 10. urteurrenaren ospakizunen testuinguruan. Hitzordurako Aitor Arrizabalaga Biologian doktore eta Gabako elkarteko kidea gonbidatu dute. Hitzaldia bihar izango da (hilak 13) Durangoko Kurutzesantu museoan, 18.30ean.
‘Saguzarrak: Mundutik Durangaldera’ izenburupean, hitzaldia bi ataletan egongo da banatuta «Alde batetik, saguzarrei buruz berba egingo du: talde hau berezia egiten duten ezaugarriak azalduko ditu eta munduan duten aniztasun biologiko zein ekologikoa erakutsi», aurreratu dute Hontza Museotik.
Lehen atal horretan, animalia hauek duten garrantzia ekologikoa azpimarratuko du adituak, eta hauen inguruko mitoak azaleratuko dituela zehaztu dute.
«Bestetik, Gabako elkarteak (Gaueko Basabizitzaren Kontserbaziorako Elkarteak) Durangaldean identifikatutako saguzarrei buruz hitz egingo du, lan horretan erabiltzen duten metodologia erakutsiz», zehaztu dute museoko iturriek.
Aitor Arrizabalaga Escuderok (Bilbo, 1988), biologiako ikasketak egin ditu EHUn eta saguzarretan aditua da. Izan ere, animalia espezie honen inguruko ikerketan jardun zuen 2018. urtera arte. «Ordutik, Biologiako irakaslea da DBH eta Batxilergoan eta bere denbora librean Durangaldeko saguzarren ezagutza sakontzeko eta zabaltzeko lanak egiten ditu Gabako elkartearen bidez, Gema espeleologia taldearekin eta EHUko saguzarren ikerketa-taldearekin elkarlanean», azaldu dute Mañariko zientzia museotik.

