
Getxo Kultura udal erakundeak eta Pinillesca kolektiboak Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren bederatzigarren edizioa jarri du abian. Lanak aurkezteko epea bihar (azaroaren 25ean) zabalduko dute. Pinillaren ondarea babestea eta sorkuntza literarioa bultzatzea dira ekimenaren helburuak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketan parte ahal izango dute egoitza Estatu espainolean duten pertsonek, edozein dela nazionalitatea. Euskaraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira, eta horien luzera 80 eta 120 orrialde artekoa izango da.
Testuak jasotzeko epea 2026ko otsailaren 20an amaituko da. Epaimahaiak abuztuaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko du bere erabakia eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian emango dira.
Euskarazko eta gaztelaniazko lanik onenek 6.300na euro jasoko dituzte, eta egileek 1.000na euroko laguntza ere izango dute lana argitaratzeko. Gainera, euskarazko lanen kasuan, Erein argitaletxeak plazaratuko du eleberri irabazlea, Getxo Kulturak argitaletxearekin sinatutako hitzarmenari esker.
Ekimenaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan hasitako elkarlanarekin jarraitzen dute. Lehiaketaz baliatuta, egile getxoztarra eta bere lana omendu nahi dituzte. Ramiro Pinillaren liburuek sari ugari eta garrantzitsuak lortu zituzten, esaterako, Nadal saria, Euskadi Literatura saria gaztelaniaz eta Narratibaren Espainiako Sari Nazionala.
Txiki Baskardo
Bestalde, Getxo Kulturak Txiki Baskardo Haurrentzako Kontakizun Lehiaketaren bederatzigarren edizioa ere antolatu du, DBH 1. mailako Getxoko ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko.
Lehiaketak bi modalitate izango ditu: bat Getxoko ikastetxeen bidez eta bestea librea. Helduentzako lehiaketan bezala, bi obra sarituko dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta irabazleek 500 euroko txartel bana jasoko dute, tokiko saltokietan erabili ahal izateko. Finalistek 50 euroko txekea irabaziko dute Getxoko establezimenduetan liburuak erosteko.


