
Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Durangoko Udalak sentsibilizazio kanpaina eta hausnarketa kolektiboa uztartzen dituen ekimena jarri du abian, ‘Zer kolore du euskarak?’ galdera botata.
Planteatzen den gogoeta kolektiboari dagokionez, egunerokotasunean euskararen presentzia indartzea edota erabilera sustatzea izango dira ardatz nagusietako bi. Aldi berean, hilaren 28ra arte girotze eta parte hartze kanpaina burutuko dute herriko gune ezberdinetan.
«Ekimen honen bidez, herritarrak gonbidatu nahi dira hausnarketa egitera era modu sortzailean adieraztera zer irudikatzen duen euskara bakoitzarentzat», adierazi du Udal Gobernuak ohar batean.
Galdera horri emandako erantzunak jasotzeko bi euskarri mota erabiltzen ari dira: paperezko muralak, «batez ere hezkuntza eremura zuzenduta» daudenak, eta postontzi edo parte hartze kutxak, besteak beste, kiroldegietan, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, turismo bulegoan edo gazte zentroan kokatuta daudenak.
Jasotako ekarpen guztiak ostiralean jasoko dira (azaroaren 28an), «eta, ondoren, aztertu eta landu egingo dira irudi bateratu bat sortzeko». Irudi hori abenduaren 3an bertan emango dute ezagutzera, ‘visual thinking’ dinamika baten bidez, Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusian.
Izan ere, Udalaren adierazpenarekin abiatuko dira ekitaldiak Udal Euskaltegian, eta arratsaldean, mahai-ingurua egongo da 17.30ean San Agustin Kultur Gunean, herriko hainbat profesional eta sortzaileren parte hartzearekin.
Dinamika bisuala 18.30ean aurkeztuko dute Usue Egia ilustratzailearen parte hartzearekin, eta Aroa Blanco eta Maite Lopez artistak arduratuko dira girotze lanaz.
Abenduaren 4an, Andoni Egañak, Aitor Furundarenak eta Andoni Salomerok Gabriel Arestiren omenez sortutako ‘Arestian, egun...!’ izeneko ikuskizun literario-musikala aurkeztuko dute.

«Etxebizitza iraunkorra eta merkea behar dugu, eta hori gaur egun alokairu soziala da»

Jone Forcada, askatasunaren bidea azken arnasa arte urratu duen emakumea

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»
