Gorka Zozaia
Kimikaria

Materia iluna argitu nahian

Fermi teleskopioaren instalazio lanak.
Fermi teleskopioaren instalazio lanak. (Jim GROSSMANN | NASA)

Lanean dihardu Fermi-LAT deritzan teleskopio espazialak eta bere atzean den ikerlari taldeak azken hamabost urteotan. Espazioko zona jakinetatik heltzen diren gamma izpiak irakurriz, materia iluna osatuko luketen balizko partikulen desintegrazioaren frogen bila dabiltza, laster mendea beteko duen hipotesiaren gaineko frogaren bat lortu nahian. Azken aurkikuntza itxaropentsua pasa den astean argitaratu zen “Journal of Cosmology and Astroparticle Physics” aldizkarian, Tomonori Totani ikerlari japoniarraren sinadurapean.

Materia ilunaren hipotesia 1933. urtekoa da. Fritz Zwicky astronomo bulgariarrak proposatu zuen galaxien abiadura, behatzean, hauen masak baimenduko lukeena baina azkarragoa dela; ikusten ez dugun masaren bat egon behar da hor, grabitazioaz ezagutzen ditugun legeak beteko badira. Hala ere, hipotesi hori ez zen 1970eko hamarkadara arte indartuko, berrogei urteko basamortuaren ostean, Vera Rubin astronomo estatubatuarrak teknika zehatzagoekin emaitza berriak lortu zituenean. Monte Palomarreko behatokian lan egin zuen lehen emakumea izan zen Rubin, non eta Zwickyren emaztearen familiak finantzaturiko instalazioan. Hilaren 25ean bederatzi urte beteko dira emakumezko zientzialari aitzindari horrek utzi gintuela, “Materia (eta lan) iluna” artikuluan kontatu nuen bezala. Bada, egun dugun unibertsoaren ezagutzaren arabera, %23 materia iluna litzateke, %72 energia iluna, eta soilik %5 argiarekin -uhin elektromagnetikoekin- elkarrekintzak aurkezten dituen “ohiko” materia. Hots, unibertsoaren gainean ezer gutxi da ikus dezakeguna.

Baldintzotan, unibertsoaren behaketak ageriko mugak ditu. Uhin grabitazionalak detektatzen ditugunetik esan liteke kosmosa ikusteaz gain entzun ere egin dezakegula, baina hamar urte eskas daramagu horretan. Materia ilunari dagokionez, berau osatuko luketen balizko partikulek argiarekin elkarrekintzarik ez dutenez, zeharka behatzeko saiakera egiten dute ikerlariek. Hain zuzen ere, WIMP izenez ezagutzen diren materia ilunaren balizko partikula horiek -protoia baino 500 bat aldiz pisutsuagoak liratekeenak- elkarren aurka talka egin eta desintegratzean, gamma izpiak emitituko lituzketela uste da, eta hargatik dago Fermi-LAT teleskopioa eta ikerlari taldea horien xerkan.

Egindako azken aurkikuntzaren arabera, gure galaxiaren erdigunean -materia ilun asko legokeen eremuan- espero zitekeena baina gamma izpi kopuru handiagoa behatu dela uste da. Posible da hainbesterakoa ez izatea neurtu den seinalea, eta posible da ere seinalearen iturria “ohiko” fenomeno astrofisiko bat izatea -ez baititugu behar beste ongi ezagutzen-, baina beste aukera erreal bat litzateke gamma izpion jatorria WIMP partikulen desintegrazioa izatea, eta, orduan, materia ilunaren existentziaren lehen frogaren aurrean geundeke.

Azken aukera hori frogatuz gero, ez dena batere probablea, Eredu Estandarretik haratagoko Fisika berri baterako ateak zabalduko lirateke. Iraultzarik ez, beraz, momentuz. Ilunak argitzen jarraitu beharko, ilunetan bizitzen ikasten ez badugu… •