Ba al da artifiziala ez den adimenik?

Adimen artifizialaren eta gizatasunaren arteko erlazioa pentsatzeko artikulu segida abiatu dugu GAUR8n. Joxe Azurmendiren eskutik, pauso bat atzera egin eta oinarriak argitzen saiatu gara aurrena: adimen artifizialaz ari gara, baina nola ulertzen dugu adimena? Eta artifiziala? Eta gizakia?

Shu Otero ilustratzaileak artikulu segidako pieza bakoitzeko irudi bat egingo du. Honakoa da lehenengoa.
Shu Otero ilustratzaileak artikulu segidako pieza bakoitzeko irudi bat egingo du. Honakoa da lehenengoa. (SHU OTERO)

"Akabo! Kito! Adimen artifizialarekin (AA) gizatasuna amaitu da!". Aldez edo moldez, azken boladan hala esaten da maiz. Batzuetan euforiaz, tekno-optimismo absolutu batetik, gizabere mugatua behingoz gainditu eta super-gizakia nagusituko delakoan. Kontraispilu modura, erabateko beldurrik ere iragartzen da askotan, adimen artifizialak mundua erabat artifizializatu eta deshumanizatuko duelakoan.

Hala ote da? Tekno-optimismo eta beldur absolutuaren artean, AAren argitan gizakiaren eta teknologiaren arteko harremana birpentsatzen saiatuko gara datozen asteetan. Gure helburua ez da AAk dituen inplikazio politiko, ekonomiko eta sozial zehatzak lantzea (horren mapa ezin hobea duzue NAIZeko atari berezian), baizik eta funtsean dagoen eztabaida nagusietako bat (gizatasunaren eta adimen artifizialaren arteko erlazioa) zertxobait argitzea.

Nola egin, ordea? Egunez egun AAren inguruko milaka proiektu, ikerketa eta artikulu argitaratzen direla kontuan izanik, ez da batere erraza. Gure kasuan, zurrunbilo horretan orientatzeko jarraibide batzuk eskaintzen ahaleginduko gara, inspiragarriak izan daitezkeen ahotsak bilduz: Donna Haraway, Evgeny Morozov, Jule Goikoetxea… Hasteko, nola ez, Joxe Azurmendirena jo dugu, beste gai askotan bezala, auzi hau pentsatzeko ere sosegua eta perspektiba zabala eskaintzen baitizkigu.

MEDITATUAZ MEDITATU

“Joxe Azurmendi eta AA, zer zerikusi dute!”, pentsatuko zuen baten batek. Egia da Azurmendik AA terminoa ez zuela aipatu ere egin, eta AA lehertu zenerako eztabaida publikotik erretiratuta zegoela. Hala ere, gizakiaren eta teknologiaren arteko harremana luze eta zabal jorratu zuen bere obran. Besteak beste, “Teknikaren meditazioa” saiakera idatzi zuen 1998an, eta gaur egunerako ere baliagarriak izan daitezkeen hausnarketak plazaratu zituen.

Liburuaren sarreran azaltzen duenez, «lan honek bilatzen duena da ez da soluzioren bat, baina problema bera». Euskal Herritik, «meditazio bat bakarrik egingo da», argitzen zuen. Nola? «Zer meditatu dugun, meditatuz…». Hau da, Azurmendiren helburua ez zen pil-pilean zeuden eztabaida zehatzei erantzun konkretua ematea, baizik eta eztabaida horien oinarriez galdetzea: teknikaren onura edo kalteez eztabaidatzen ari gara, ados, baina teknikaren eta onuren zein kontzepziotik?

Gurera ekarriz, AAren inguruko gogoetak nondik egiten ari garen pentsatuko dugu: adimen artifiziala gora eta behera ari gara, baina nola ulertzen dugu adimena? Eta artifiziala? Eta gizakia? Izan ere, «sua asmatu zuen lehen-gizakiaren antzera, bere deskontzertuan, ‘zer zara zu?’ bere buruari erradikalki berriro galdetzera bortxatzen du gizakia egoera honek. Zer ari zara egiten? Zein da egiten duzunaren ondorioen zure erantzukizuna?». Susmoa dut zutaz, nitaz eta gutaz ere ari dela.

ZEIN DA PROBLEMA?

Krisia, krisia eta krisia. «Krisia ia hitzetik hortzera edozertarako erabiltzen da gaur», zioen 1998an, eta “Teknikaren meditazioa”-n hori da ardatz zentraletako bat: «‘Krisia’, hots, beldurrak eta mesfidantzak, zientziari buruz nolanahiko kezkak, gure gizartea gauza ote den etorkizuna behar bezala bideratzeko, ala geure hondamenera ez ote goazen buruz behera (suntsiketa nuklearrera, ekologikora), edo teknikaren nagusia ez ote den teknikaren morroi bilakatzen ari, eta abar». Kezkez blai, «krisia ari du», sintetizatzen zuen, eta horrekiko sintonian sumatzen zituen bere burua eta ingurukoak: «historiak eskuetatik ihes eginda», «atergabe problema egunero berrien kopuruak gainezkatuta», kalamitateen itsaso handi horretan «itolarri sentsazioa» hezur muinetaraino sartuta...

Ia 30 urte geroago ere aski ezagunak egiten zaizkigu kezka eta sentsazio horiek, ezta? Izan ere, Azurmendirentzat, krisia ez da soilik «momentuko kinka», baizik eta «iraunaldi luzeko prozesua», eremu oro zeharkatzen duena: kultura, zientzia, balioak, politika... Tartean, baita «teknikaren arazoa» ere.

Azurmendiren iritziz, auzi hori «gizartearen arazo handiaren barruan» kokatuta pentsatu behar da. Hala ere, hori egitea zaila da, «teknika gizarte honen bizkarrezurra bera baita!». Gainera, abiadura horretara egokitu ezinda, bere ustez auzia nahi baino gutxiago landu da. Landu dutenen testuak irakurtzean, berriz, «hotzikara» sentitzen omen zuen, «ia autore haietako guztietan aurkitzen den inpotentzia, esango nuke fatalismoa, ikusita».

Zegamarraren kasuan, posizio zuhurrago batetik abiatzen da: «Teknikak onura handiak eta asko ekarri dizkiola gizadiari, eztabaidaezina da. Sano positiboa da. Itzulezina da, gainera, lasterketa teknologikoa. Suposatutzat jo behar da orain hori dena. Baina problemak ere handiak eta asko ekarri dizkio teknologiak gizadiari, eta hori izango da kontua». Baita gure kasuan ere.

DESPERTSONALIZATU?

AAri lotuta, bada askotan aipatzen den kezka bat: AArekin adimena erabat herdoilduko omen zaigu, hutsaltasuna eta ezjakintasuna zabaldu, gazteak, gizartea eta, are, Euskal Herria, galbidera eramanez. Pantailek eta bestelako artifizioek mediatuta, harremanak jada ez omen dira “autentikoak”, “pertsonalak” edota “errealak” izango. Pentsa, muga batzuk jarri ezean, AAk gure existentzia bera lapurtu diezaguke, Cécile de France aktorearen hitzetan.

Hala al da derrigor? Ulertzekoak dira kezka horiek -nork ez du halakorik baieztatu!-, baina horiek planteatzeko moduekin tentuz ibili beharko ginateke. Izan ere, askotan halako mezuek dikotomia modernoetan hartzen dute oin: alde batetik, artifiziala den hori guztia kokatzen da; bestetik, artifizioen aurretiko iragana, konexio natural eta autentikoen erreinua balitz bezala. Batean adimen artifiziala, bestean natural edo gizatiarra; batean, teknologia, bestean pertsona. Eta noski, bien arteko alderantzizko proportzionaltasuna: orduan eta adimen artifizial gehiago, orduan eta gizatasun gutxiago, eta alderantziz.

1899ko ilustrazio bat, 2000. urtean ikasleek nola ikasiko zuten iragarriz. (Jean-Marc COTE / GETTY IMAGES)

Azurmendik halako dikotomiak auzitan jartzen ditu. Nola? AAk ez bezala, ez du erantzun azkar eta ziurrik ematen, beste behin bizpahiru urrats atzera egitera behartzen gaitu: «Garuna, burua, omen duzu gure berezitasun apartena. Baina, baina: zer da burua, edo garuna?».

“Gizaberearen bakeak eta gerrak” lanean salatzen duenez, «gizonak [gizakiak] ikaragarrizko gauzatzat dauka bere burua. ‘Burua’». Harro bezain itsu, ahaztu egiten zaio bere burua ere gorputzari eta animaltasunari hertsiki lotuta dagoela: «Eboluzio genetikoa hain geldi eta tekniko-kulturala hain azkar dabiltzala ikusirik, biok bata bestearekin zerikusirik ez dutela, pentsatu nahi izaten baita orain. Nondik gatozen ahaztu dugu». Horren aurrean, Azurmendik gizaberearen jatorria sakon azaltzen du, adimenaren, gorputzaren eta teknikaren arteko jarraitutasuna azpimarratuz.

Bertan azaltzen duenez, gizakiaren aurreko espeziea «naturaren produktu dekadente bat» zen: «Ehizan ikasi gabekoa oraindik, baina ikasi nahita ere, lasterka beste edozein abere baino baldarragoa, borrokan edozein abere baino ahulagoa, ez hagin eta ez atzamar esatekorik, ez indarrik eta ez ezer. Hobeto zegoen hura edozeinek bera jateko, berak inor jateko baino. Eskaskeria hutsa».

Zerk ahalbidetu zion bizirautea? Tentetu, eskua libratu eta ehizatzeko teknikak garatzeak: «Larriak laster erakutsiko zion. Tente zebilenez gero, libre zeukan eskua aprobetxatuz, inguru samarren sumatzen zituen abelkume gaxteak eta gaixtoak akabatzen hasi zen harrika eta egurka eta kriski-krausk bertan behera jaten. Asmatuta zegoen teknologia, eskuaren luzapena». Gerora, koordinazioa eraginkortu eta teknologia horiek doitu zituen: «Denborarekin garraioan eta hasiko zen. Ehizarako metodoak eta tresnak prestatzen ikasiko zuen», bai eta sormenerako gailuak lantzen ere.

Azurmendirentzat, prozesu horretan bada kontuan hartzeko datu bat: «Gizakide hori ez da gizona oraindik: tresna usadioa eta ehiza estrategiak, gizona gizontaratu baino askoz lehenago asmatu ziren. Tresnak ez ditu gizonak asmatu, gero batzuek (Marxek, esaterako, Franklini jarraituz) gizona horrelaxe definitu nahi izan badute ere, ‘abere tresnagile’ bezala alegia. Tresnak, animaliak asmatu zituen, gizontara bidean asmatu hain zuzen ere». Esan nahi baita, aberearen tresna eta teknika horien garapenean sortu zen gizakia, ez alderantziz.

Bide horretan, zein izan zen faktorerik erabakigarriena? Azurmendik ez du argi: «Problema batzuk airean gelditzen zaizkigu: esku libreak aprobetxatuz egin ote zen gizona ehiztari, ala ehiztari bilakatu beharrez libratu ote zuen eskua, tentetuz, eta abar. Oiloa ala arrautza izan ote zen lehenago». Dena den, «berdin da». Izan ere, “Teknikaren meditazioa” lanera itzuliz, garrantzitsua ez da hori, baizik eta honakoa: «Ez da gizakia tresnagile eta ehiztari bilakatu, baizik tresna-, ehiztari- eta gizagintza, hiru gintzak batera garatu dira». Milaka urteko eboluzioan, gidakide hura elkarrekintza horretan «buru-handitu» zen, eta horri esker bilakatu zen gizaki, artifizialki.

Hori kontuan izanik, Azurmendirentzat teknika ez da deshumanizatzen gaituen tresna multzo antinaturala. Kontrara, teknika «gizakiaren bere burua gauzatzeko praxi (‘natural’) esentziala» da. Bai, ondo irakurri duzue, ez dago erratarik: “teknika = praxi natural edota esentziala”. Horrek esan nahi du, batetik, teknika, egonean dagoen tresna multzoa baino, eginean gauzatzen den gizakiaren praxia dela; bestetik, praxi hori naturazkoa eta esentziala denez, gizakia eta teknika elkarrekin garatu direla, elkar eginez. Ondorioz, «teknika gizakiarekin, gizartearekin berdintzen zaigu, hots, kulturarekin».

Hori esanda, gure galderetara itzultzeko tenorean gaude: adimen artifizialak giza adimena ezeztatuko du? Ez du zertan. Batetik, giza adimena bera, naturaz, artifiziala delako. Bestetik, AA ez dagoelako giza adimenetik bereizterik; zehazki, giza adimena artifizialki kudeatuta da, giza erlazioetan nagusitzen diren patroi eta inertziekin.

Galdera, akaso, beste bat da: ba al da artifiziala ez den adimenik? Eta artifiziala ez den gizatasunik? Horri lotuta, AAk ez gaitu zertan despertsonalizatu ere egin. Ildo horretan, gogora ekartzekoa da “pertsona” hitzaren jatorrizko esanahia: aktorearen maskara. Hau da, pertsona bera maskara edo artifizio ezberdinen emaitza da, pertsonaia; ez dago agerbideen aurretiko “egiazko” pertsonarik. Ondorioz, AArekin ere ez da pertsona(ia) desagertuko; egitekotan, bestelakoa bihurtuko da, bestelako maskara eta gidoien baitan.

ERABILERA DA KONTUA?

Baina zer bihurtuko gara, pertsona(ia) interesgarriagoak edo pobreagoak? Bestelakotze hori positiboa edo negatiboa izango da? Hori ebazteko, AAren aukera eta arriskuak zerrendatzen dira maiz. Batean, ikaskuntzan, medikuntzan eta beste hainbat alorretan izan ditzakeen onurak; bestean, fake news-ak, enpleguen galera, gerrak krimenak, kontrol soziala... «Eta nola nahikoa badagoen begien bistan bai bateko eta bai bestekoa, sententzia salomoniko guztiz arrunta gertatu da, teknika [eta AA] ‘berez’ neutrala delako irtenbidea, eta kontu guztia hura nola erabiltzetik dagoela. Gaizki erabilita, gaiztoa da; ongi erabilita, ona».

Azurmendi ez dator bat baieztapen horrekin: «Ez, teknika ez da neutrala. Neutrala dela, edo ez dela, esatea ere ez da batere neutrala». Bere iritziz, paradisu arkaikoaren izenean teknika deabrutzen dutenen kontra baliagarria izan badaiteke ere, ez da aski. Zergatik? Batetik, “tekno-logia” orok (tekhné + logos), definizioz, logika jakin bat ezartzen duelako, interes zehatzen zerbitzura. Teknologien nondik norakoa behin betiko determinatu ezin bada ere, gidoi eta jokaleku jakin bat egituratzen du, erabakiak eta erabilera goitik behera baldintzatzen dituena.

Joxe Azurmendi. 1998an "Teknikaren meditazioa" lana idatzi zuen, gaur egunerako ere gako interesgarriak planteatuz. (Iñigo URIZ / FOKU)

Bestetik, teknika gizakiak bere burua gauzatzeko praxia izaki, horren bitartez gizatasun jakin bat (eta ez beste bat) eraikitzen da. Bata edo bestea izan ez da ezaxola. Esaterako, «konputagailu batek, egia da, tresna gisa, berdin-berdin balio diezaiokeela kapitalista bati ala sozialista bati; edo zikotroi batek, berdin balio dezakeela gerrarako ala bakerako: baina ez da berdin, ez da ‘neutrala’, konputagailuekin edo ziklotroiekin bizi garen ala beste era bateko kultura eta harremanetan». Ez da berdin, eta ezin du berdin izan, gainera: «Nola iritzi teknikari orduan neutrala, gutxienez desira guztiak eta edozein bizi-proiektu berdintzat deklaratu nahi ez bada, hots, gizon-emakumea berez izaki etikoa dela guztiz ukatu?».

Beraz, erabilera partikularrak gorabehera, zein da AAk ezartzen duen logika? Logika horren arabera ze gizatasun mota eraikitzen da? Zeintzuk dira potentzialki eraiki daitezkeenak? Azterketa kritiko eta propioa egin beharko da, erabilera ez ezik, logika bera lehiatzeko.

JAKITUN EDO JAKINTSU?

AAri dagokionez, bada liluragarria bezain durduzagarria den ezaugarri bat: adimentsua eta sortzailea da. Baina, baina, baina... homo sapiens sapiens (“gizaki jakintsu jakintsua”), ez al zen hori gizakion berezitasuna? Beste behin, «makinaren beregaintze, nagusitze, jainkotze prozesuan, gizakia alienatuta kausitzen da, bere buruaren kontzientzia nahastuta, bere buruari galdetu beharrean, ‘zer naiz ni neu? Makina artean makina bat ote naiz, makina beteginena?’». Eta horri lotutako hamaika kezka: orduan zer da gizaki egiten gaituena? Ordezkatu egingo gaituzte?...

Gizakiak bere burua jainko bakartzat deklaratu ostean, normala da halako larrimina sentitzea, AA izugarri azkarra baita, nola denboraz, hala gaitasunez. Hala ere, kontuz, ñabardura bat egitea komeni da: oso-oso azkarra izateak ez du esan nahi oso-oso inteligentea denik. Pertsonetan ikusten den bezala, azkarrak ez du zertan inteligentea izan. Izan ere, zerk egiten du pertsona bat inteligente? Askotan esaten den bezala, abilidade sozialek, inteligentzia emozionalak, gertakariak ulertzeko perspektiba orokorrak, isiltzen eta entzuten ere jakiteak, galdera egokiak egiteko arteak... Inguruarekiko elkarrekintzan garatzen diren askotariko adimen moten uztarketak, alegia. Mosaiko horretan, geruza guztiak dira beharrezkoak, baina bakar bat ez da aski.

Alde horretatik, interesgarria da Azurmendik jakitunaren eta jakintsuaren artean egiten duen bereizketa. Jakituna «hainbat informazioren jabea» da, «munduari buruz informazioa edo ezagutza eduki daukana»; jakintsua, berriz, «munduaren ezagutza formaletik haren balioarenenera, eta bere buruaren ezagutzara heldu dena» da. Jakitunaren kasuan, jakintza formala eta zatikatua da, arazo partikularrei begirakoa; jakintsuarenean, berriz, osoagoa da, eta, besteak beste, morala ere barne hartzen du.

Eskema horretan, esan daiteke AA gizakia baino jakitun eta azkarragoa dela, baina gizakiok, mugak muga, inteligente eta jakintsuagoak garela (ondorioz, potentzialki psikologo, kazetari, zaintzaile edota politikari hobeak). Zergatik? Konputagailu (ustez) infinituak ez bezala, gure garuna koxkorra eta finitua delako. Bestela esanda, azkartasunak transzenditu nahi duen horixe daukagulako: gorputz mugatu eta hilkor bat, gure trauma eta mugidekin. Eta horren bitartez, munduan egoteko kokagune bat, gu gainezkatzen gaituzten trama sozial eta emozionaletan inplikatzen gaituena, perspektiba jakin bat harrarazten diguna, eta horrekiko erantzule egiten gaituena. Hain justu, AAren adimen biluziari falta zaion horixe.

Horri lotuta, bada Azurmendi bereziki kezkatzen duen kontu bat: «Berritasun teknologikoekin historiak hartu duen abiada, gizakiak ezin kontrolatu duena da, berau zurrunbiloan daramana». Hamarkada gutxitan sekulako ahalmen teknikoa eskuratu du gizabereak («bere burua suntsitu ahal izaterainokoa»), baina ez du garatu ahalmen horiek behar bezala kudeatzeko nahikoa inteligentzia kolektiborik. Horrela, «gizakiak (eta gizarteak) egokitu egin behar du erritmo horretara; ezin atzera egin eta ez aldera geratu, eta menderatu ere ezin du, ez daukalako nola egin jakiteko pentsamendu bat eta balio eskala bat», ezta neurriko arkitektura politiko, sozial eta ekonomiko bat ere –horren lekuko da Europak AAren inguruan onartu berri duen lege kamutsa–.

Hortaz, «zer egin behar dugu gizakiak bere buruaz, kontzientzia baino handiagoa daukanean ahalmena?». Azurmendirentzat, «humanismo berri bat behar da aro teknologiko berrirako», ahalmen erraldoi hori gizabere lurtarren irizpide, erritmo eta beharretara integratu. Horretarako, berriz, «gizatasunaren ideia berri bat nagusiarazi behar zaio teknologiari». Alabaina, horra hor komeria, «ideia hori ez daukagu».

Eta guk, ia 30 urte ondoren, ba al daukagu? AArekiko elkarrizketa kritikoan, hori pentsatzen jarraitu beharko dugu.