
Mercedes Zubikaray Subinas Deban (Gipuzkoa) jaio zen 1920ko abenduaren 17an. 'Mercedes' edo 'Merche' goitizenez, erraketista profesionala izan zen. Mundu osoan barrena jardun zuen maila profesionalean 1917 eta 1980 artean, beste emakume asko pilotan aritu ziren garaian.
Urte luzez jardun zuen Zubikarayk frontoietan, 1940tik 1955era aurrelari jokatuz: Bartzelonako Principal-Palacen eta Deportivo Barcelonan, Santa Cruz Tenerifekoan, Mallorcan, Acapulcoko Jai-Alain eta Mexiko hiriko Colón eta Metropolitano pilotalekuetan. 1983ko otsailaren 9an zendu zen bere herrian.
Mercedes Zubikaray bezala, beste hainbat erraketista jaio ziren Deban, hala nola Nieves Cabanillas 'Deva', Marcelina eta Pilar Zabala Aizpurua eta Josefa eta Maria Teresa Egaña Urquiri. Ez ziren euskal erraketista bakarrak izango, ordea; haietako batzuk bildu zituen Gaur8k 2015eko urrian beren kirol ibilbideaz hitz egiteko: Maria Rosa Soroa 'Soroa', Miren Uzkudun 'Asteasu', Agustina Otaola 'Agustina', Emilia Gomez 'Emili' eta Gloria Agirre 'Txikita de Aizarna'.
Mercedes Zubikaray pilotan aritu zen urteetan, ehunka emakume izan ziren erraketista profesional espainiar Estatuan nahiz Ameriketan zabaldutako frontoietan. Badirudi emakume horiek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela.
Apustuzaleak frontoietara joan ohi ziren, eta apustuaren bidez hartu zuen ospea pilotak. Frontoien arrakasta ikusita, Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak emakumeen erraketa modalitatea abiatu zuen. Euskal Herri osoan erraketista onenak bilatzen ibili zen eta hainbat partida antolatu zituen. Hemen zuen arrakastaz konturatuta, Madril eta Bartzelonara eraman zuen modalitate berria.
Frankismoaren eraginez, ordea, kirol modalitate hori desagertu zen eta emakume kirolari bikain horien ospea eta haien izenak ahanzturan gordeta geratu ziren.

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

Gatza duen mendia
