Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Arantza Plaza Zamora
Bizkaiko txapeldunari txapela jantziko dion irakaslea

«Poz handiak hartu ditut, ze haurrentzat oso erakargarria da bat-bateko kontu hori»

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arantza Plaza Zamorari (Gizaburuaga, 1958) transmisioan egindako lana aitortuko diote txapeldunari txapela jartzeko ohorea emanez. 2004an hasi zen ikastetxeetan bertsolaritza irakasten eta horretan ibili da 2022ra arte. Bizkaiko Elkartean erretiroa hartu duen lehen langilea da. «Oso ondo eta oso babestua» sentitu izan da eta eskerrak ematea baino ez dauka.

Txapela jartzea eskaini zizutenean bulkada bat etorri zitzaizun.

Lehenengo sorpresa itzela hartu nuen. Burutik pasatu zitzaizkidan lanean bizitako hainbeste irudi: ikasleak, bertso saioak, finalen antolaketak. Bulkada bat etorri zitzaidan eta esan nuen: hau egin behar dut. Gero, agian, ez nuen gehiegi neurtu horrek suposatuko zuena, ze nire mundua ez da publikoa; baina ez naiz damutzen. Oso pozik nago. Harro egoteko motibo asko dauzkat.

2004an hasi zinen ikastetxez ikastetxe bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte horretan ibili zara. Nolakoa izan da ibilbidea?

Hasieran, berriaren aurrean zalantza izan nuen: gai izango naiz bertso bat zer den transmititzeko hamar-hamaika urteko umeei? Ausartu nintzen eta poz handiak hartu ditut, ze haurrentzat oso erakargarria da bat-bateko kontu hori. Beraiek raparen mundua ezagutzen dute, horrekin zoratu egiten dira. Orduan, lilura sortzea erraza da. Gero, kontua da lana egin behar dela, emaitza bat lortu behar dela. Laguntza digitala daukagu; hor material ikaragarria daukagu jasota. Denetik azaldu behar zaie: musika, teknika, publiko aurrean egotea... Denarekin emaitzatxoa lortzen dutenean pozgarria da haientzat ere. Adibidez, Gabon sasoian bakoitzak bere koplatxoa prestatu behar du gero postal batean etxera eraman eta abesteko.

Nola aldatu da eskola emateko modua?

Aldatu gara geu, aldatu da umeek informazioa jasotzen duten era, aldatu da lan egiteko modua, eta horrek pisu handia izanik, garrantzitsuena euskararen egoera da. Herri txiki batean hizkuntza eta bertsolariak ezagutzen dituzte, baina Bilbo handian lehenengoz entzuten dute leku askotan eta hizkuntzaren egoera ere latza da. Nola aurre egin horri? Nafarroako finalean entzun nuen agur batean: bertsoarekin.

Zer garrantzi du hezkuntzan bertsolaritza lantzeak?

Gure kulturaren zati garrantzitsua da, ikusi baino ez dago daukan indarra. Belaunaldi aldaketa berri bat etorri da; orain dela 30 urte eta gaur egun ez da berdina ez bertsoen plaza, ez bertsolariak ere. Teknikak asko zehaztu dira, mezu bat ere badago, eta entzuleak mezuari ere garrantzia ematen dio.

Nondik datorkizu bertsoarekin duzun lotura?

Herri oso-oso euskaldun batekoa naiz, Lea Artibaiko Gizaburuagakoa. Gure garaian bertsolaritza pizten hasi zen eta geneukan erreferentzia Jon Lopategi zen; gustatzen zitzaidan, apurtzailea zen. Gero beste bertsolari bat agertu zen herrira [Xabier Amuriza senarra] eta hurbilagotik bizi izaten hasi nintzen.

Txapelketa antolatzen aritu zara. Nolako lana da?

Gogorra da. Azpimarratzekoa da boluntarioak prest egoten direla herri guztietan. Bertso eskoletan egiten den lanetik datorren gauza bat da eta jende gazte asko ikusten da petoarekin. Zorte bat da hori. Ni ere lanean aritu naizen urte guztietan ibili naiz boluntario. Gainera, asko gustatzen zitzaidan herririk herri ibiltzea. Tentsioa egoten da, ze lan asko egin behar da, baina bukatzen zenean eta txapela jartzen zenean lanean ibili ginenok elkarri ematen genion besarkada horrek dena konpentsatzen zuen.

Zer iruditu zaizu txapelketa hau?

Beste belaunaldi bat dator aurrera, emakumeak ere hortxe daude. Entzule gazte asko ikusi dut. Aipatzekoak dira urtez urte kanporaketa guztietara joaten diren bertsozaleak ere; miresten ditut. Jende gaztea ikusten dut bertso bakoitza entzun eta arakatzen. Denetik eskatzen du: umorea, seriotasuna, kaleko gaiak... Saioetan kalean dagoena agertzen da eta hori garrantzitsua da; esan nahi du aurrera goazela gizartea aurrera doan heinean.

Erretiroa hartuta, nolakoa da zure egunerokoa?

Ai, oso ondo bizi naiz! Eguneroko ardura hori ez edukitzea, burua askatzea, handia da. Halere, oraindik hiruhilabeteka funtzionatzen dut eta uste dut ondo datorkidala “ordu gabeko” bizimodu desordenatu hau pixka bat finkatzeko. Denbora libre asko daukagu eta gauza txikitxo asko egiten ditut. Gauza handi bat ere badugu: bilobatxoa zaintzen dugu eta horrek denak estaltzen ditu.