Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
Gertatzen ari den hori agerikoa izan arren, kontakizunaren balantza alde ilunera etzateko arriskua dago beste aldean indarra egiten duenik ez badago. Agerikoa zen, hasiera-hasieratik, Zestoako sei bizilagunen kontrako makroepaiketak ez zuela ez hanka ez buru, indarkeria matxista jasan duen emakume bat eta hura babestu duten bost pertsona akusatuen aulkian esertzeak ez zuela zentzurik. Indarkeria matxistaren kontra gutxieneko oinarriak finkatuta dituen sistema judizial batek inoiz ez lioke zilegitasuna emango gizon batek hasitako bataila pertsonal eta ankerrari, sistema horretako agenteek jakin beharko bailukete salaketak aurkezteak erasotzaileen egiteko moduarekin guztiz koherentea den patroi bati erantzuten diola: biktima birbiktimizatzen, umiliatzen eta berriro ere mintzen saiatu da salatzailea, eta hainbat urtetan behar-beharrezkoa izan duen lagun saretik erauzteko ahalegina egin du. Salaketa bera zentzugabea zenez gero, agerikoa da horri bide eman dion sistema judizialaren jite heteropatriarkala.
Zestoako sei herritarren kontrako epaiketa hasi bezperatan, Urola Kostako talde feministek indarrak batu zituzten, eta elkarretaratzera deitu zuten abenduaren 14rako, “Elkartasuna ez da delitua” lelopean. Zestoan azken urteetan egindako elkarretaratzerik jendetsuena izan zen, eta 4.000 biztanlera iristen ez den herriko 30 eragileren atxikimendua lortu zuen «elkartasun feministaren» aldeko mobilizazioak.
Zerrenda horretan hutsune nabarmen bat zegoen, ordea. EAJk erabaki zuen ez zuela bat egingo Zestoako Mugimendu Feministak kaleratutako manifestuarekin, hiru arrazoirengatik: biktimak ez duenez aurkeztu gizonaren kontrako salaketarik, ezin zaiolako «erasotzaile» deitu; sistema judizialak «hobetzeko» hainbat aldagai dituela onartzen duen arren, ez dagoelako ados oinarri «heteropatriarkala» duela esatearekin; eta hiruretan larriena, ez datorrelako bat «indarkeria matxista sostengatzen duten egitura guztien aurka lerratzeko» eskaerarekin. Herriko sei bizilagunen aurkako epaiketa hasi zen egunean egin zituen adierazpenok, udalbatzarrean, EAJko bozeramaileak. Prozesu honetan izan da, beraz, kontakizunaren balantza alde ilunera etzateko indarra egin duenik.
Hutsune horrek, baina, ez zuen elkartasunaren aldeko aukeraketa erraldoia lausotu, eta plaza bete jende erakutsi zuen argazki hori izan zen auzi honen kontakizun feminista josi zuen lehen puntada: mugimendu feministak urte askoan aitzurtu duen “nik sinesten dizut” lubakira lerratu zen herria.
Eta zer zuhurra egun horietan Onintza Enbeitak idatzi zuena: «Ni Zestoako seiekin nago. Ez enpatiagatik bakarrik. Ideologikoki ere bai. Indarkeria matxista ezabatu nahi badugu, hura baliatzen dutenak epaitu behar ditugu, ez lagun bat haren saretik libratu dutenak». Zer zorrotza Oihana Aranak esandakoa: «Sistema judiziala gizon eta emakume klaseak betikotzeko tresna patriarkal bat gehiago da: emakumeek gizonen mendeko izaten jarraitzea posibilitatzen duena». Zer ederra Oihana Elduaienek egindako azpimarra: «Kasu honek argi utzi du sistema ez dagoela prestatuta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko. Indarkeria matxista egiturazkoa dela ere ezin argiago ikusi da […]. Eta bitartean? Zer gertatzen da bitartean? Lagunak. Zer dira, ba, lagunak elkartasun feminista ez bada? Gero ere hor egongo diren lagunak, zaintza eta elkartasun feminista». Eta zeinen itxaropentsua Mikel Ibargurenen zutabea: «Elkartasun feminista epaitu nahi izan dute, baina erasotzailea epaitu du elkartasuna saretu duen herriak. Egiturazko indarkeria patriarkalaren ‘anaidia’-ren aurrean ‘ahizpatasuna’ nagusitu da eta mugarria izango da».
Epaiketak iraun bitartean, kontakizun hori sendotzeaz arduratu ziren egunero-egunero Donostiako Auzitegiaren kanpoan elkartasunaren alde elkartu ziren herritarrak nahiz, epaitegiaren barruan, bost urte arteko kartzela zigorren arriskua garondoan zutela epailearen aurrean deklaratu zuten akusatuak eta haiek deitutako testiguak. Saio horiek bertatik bertara jarraitu zituzten herritarrek ez dute aise ahaztuko bizitakoa, zer esanik ez auzipetuek. Gogorra izan zen, eta gordina, eta ederra. Ederra, epaileak azken hitza esan aurretik, elkartasunak, laguntasunak eta kontakizun feministak irabazi dutelako. Biktima bakartzeko helburuz hasi zuen gizonak prozesu judizial hau, eta akaberarako, kasik herri osoaren babesa irabazi du emakumeak. Horratx kontakizun feministaren botere eraldatzailea. •

