GAUR8

Duela 150 urte, AEBko Gobernuak Jatorrizko herriak erreserbetara bidali zituen

1876ko urtarrilaren 31n, Jatorrizko herriei erreserbetara bizitzera joan zitezen agindu zien AEBetako Gobernuak. Agindua bete ezean, militarki beren aurka egingo zutela mehatxu egin zuen Grant presidenteak. Eta egin zuten, nola ez.

Hegoaldeko Dakotako erreserbetarako bidean, 1893 urtean.
Hegoaldeko Dakotako erreserbetarako bidean, 1893 urtean. (J.A. ANDERSON | LIBRARY OF CONGRESS)

AEBko kolonizazio bortitzaren historian gaurko data oso esanguratsua da, gaur 150 urte Ulysses S. Grant presidenteak (1822-1885) erabaki lotsagarri bat hartu zuelako: Jatorrizko herrien apartheid-a finkatu zuelako. 

Hemen datu batzuk: 1876ko Siuxen aurkako gerraren hasieran gaude, eta Indiarren Komisionatu Federalak oraindik libre bizi ziren siuxei mehatxua egin zien: behin betiko erreserba batean finkatu behar zuten, bestela AEBko Gobernuak neurriak hartuko zituen. 

Hartu zituen, eta nola: Gobernuak 1868ko Laramie-ko Ituna ahaztu eta, 1875eko abenduaren 3an, Siux-ei beraien lurraldetik atera zitezen agindu zien. Epe bat eman zien ere: 1876ko urtarrilaren 31. Data horren ostean erreserbetara itzultzeari uko egiten ziotenak etsaitzat hartuko zituzten, horrek dakarren guztiarekin. 

Ordurako AEB osoko tribuak guztiz zatikatuta zeuden, gerra pixkana galtzen ari ziren eta pobrezia gorrian bizi ziren asko erreserbetan.

Honen guztiaren berri izateko, interesgarria da Nick Estes-en ‘Gure historia da etorkizuna’ (Katakrak). Nick Estes historialari, irakasle eta mugimendu indigenetako aktibistak lan honetan kronika eta historia baliatuko ditu indigenen erresistentziak eta kolonizazio prozesuak aletzeko. XIX. mendetik hasi eta XXI. menderaino Ameriketako Estatu Batuetan eman diren indigenen erresistentzia tradizio luzea, inguru naturaletan egin nahi edo egin diren azpiegitura handien kontrako mugimenduak eta deskolonizazio prozesuak aletu ditu liburu honetan.