Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Erregai

Hari bat sumatu duzu, gasolindegiaren lurpetik egunero telebistan ikusten dituzun ultrengana.
Hari bat sumatu duzu, gasolindegiaren lurpetik egunero telebistan ikusten dituzun ultrengana. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Beti gustatu izan zaizu usaina. Dieselarena, bereziki. Tutua depositu-ahoan sartu orduko gas moduko zerbaiten lurrunak biltzen dizkizu sudur-mintzak. Usaina baino, usainarekin batera datorkizun sentsazio hori duzu gustuko: zentzumenen lausotze hori, oinak asfalto gainetik hodei artera joan diren susmoa. Eta orain ere usainak bildu zaitu. Sentsazioak. Lanbroak. Eta lanbro artean etorri zaizkizu azken asteotan ezagututako izenak. Orinokoko putzuak eta Ormuzko itsasartea; laino toxikoak Teheranen eta helikopteroen hegaldiak Caracasen. Aireztatu gabeko etxeak Muskizen eta Zierbenan. Zer da gasolina, geopolitika ez bada. Mangera sakatu duzu. Hara zenbat biolentzia, keinu xalo batean bilduta.

Egarri da zure autoa, erregaia eskatzen dizu. Diesela nahiago, aukeran. «Drill baby, drill» xuxurlatu diozu, nahi gabe, esku artean daukazun mangerako palankari. Beste norbaiten hitzak zure ezpainetan. Hari bat sumatu duzu, gasolindegiaren lurpetik telebistan egunero ikusten dituzun ultrengana lotzen zaituena. Zure buruari askotan esaten diozu ohiturak aldatuko dituzula, autoa gutxiago erabiliko duzula, patxadaz biziko zarela. Baina azeleragailua sakatzen dizu agendak. Aspaldi irakurri zenuen liburu hark zioen gisan pasatzen dira egunak, zaldi basatiak balira bezala. Produzitu egin behar duzu, sortu, irabazi, «drill baby, drill». Karteran gorde dituzu kontraesanak, kreditu txartelaren atzean.

Ilunabar gorri batek sutu duen mundu bat etorri zaizu begien parera. Erreta Iran, erreta Venezuela, kiskalita Libano, erraustuta Gaza. Kurduak zain. Erre-gai Kuba, inoiz itzaltzen ez den pospolo baten gisa. Korrika hasi dela aipatu du irratiak. Zure lo-ezinak streaming bidez apaldu dituzu ostegunetik hona; goizeko ordu txikietako kilometroei begira egon zara ohean, pantaila txiki batetik. Autorik ez dugu baztertu, baina hori behintzat egin dugu. Hizkuntza bati eutsi, hizkuntza bati pausuak eman, gorputz kolektibo bat. Hitzari zer esana, mundu bat. Eta, hala ere, oraindik ere entzun egin behar. Ez tematzeko zure berezitasunekin. Hizkuntzaren auzia ez dela inportantea. Gure kontrako kanpainak antolatzen dituzte, helegiteak jarri. «Drill baby, drill». Zer da ba hizkuntza, geopolitika ez bada.

Eta hortxe goaz, gure zola gastatu eta gorputz nekatuekin. Mundu kiskali batean, hizkuntzak hiltzen ari diren arren, dieselaren moduko gas homogeneo batek denok bildu nahi gaituen arren, hortxe goaz, pausua pausuari, eskua eskuari. Hitzezko, oinezko eta zentzumenezko geopolitika partikular bat da gurea; lur bat marrazten dugu hizkuntzatik, eta hizkuntza bat lurretik. Autoari erregaiak ematen dio ibilia. Eta guk ibilia dugu erregai. •