Garena eta eraiki nahi duguna
Zeri buruz idatz daiteke martxoaren 19tik 29ra, Korrikari buruz ez bada? Segur aski, beste gauza askori buruz, zalantzarik gabe. Baina burua eta gorputza lasterketa infinitu batean dugu kokatuta askok eta askok egun hauetan, gau eta egun; bide batez, ez diogu beste inolako lasterketari begiratzen gainontzeko hilabete eta urteetan; are gutxiago, parte hartu.
Kanpotik edonork erokeria/tontakeria/logikaren aurkako ekimen gisa ikusteko moduko gauzak egiten ditugu batzuetan euskaldunok (eta eskerrak zerbaitek bereizten gaituen noizbehinka, gero eta uniformeagoa den mundu honetan). Bestela, noren logikaren baitan sartzen da milaka eta milaka pertsonak, edozein motatako ehunka taldek, egun edo gaueko edozein ordutan lekuko bat hartu, hizkuntza baten alde oihu egin, korrika egin, salto egin, irri egin eta askotan horretarako dirua ematea? Egia esan, gaur egun logikaz kanpoko hainbeste gauza egiten diren garaian bizi garela uste dut. Inolako zalantzarik gabe, ilogika logikoena iruditzen zait Korrika.
Eta, orain, zer? Euskal Herri osoa zeharkatu eta “Euskara gara” lelopean 2.175 kilometro, 3.436 errelebo eta 460 herri hartu ondotik, bihar azken urratsak eginen ditu, Bilbon, euskararen aldeko lasterketak. Superpotentzia emozionala diren furgonetek eta bi urte hau guztia antolatzen ibili direnek atseden hartu beharko dute; galdera da biharamunean erakunde, talde, kolektibo eta norbanakoek zer eginen dugun. Egin, ez izan. Korrikak izateko aukera ederra ematen digu, harrotasun kolektibo itzela, zerbaiten parte sentitzearen ardura eta egiteko, ekiteko, kemena. Hamaika egunetan zehar gai gara korrika egiteko, dirua kausa baten alde emateko, mezu bakar bat esku artean eramateko -kontu zaila gaur egun: eskerrak mezua bihar entzunen dugun. Bestela, beharbada, hain modan ditugun boikoteztabaidadesadostasun horiek leku nahiko handia hartuko lukete gure mundu txikian-, baita gure geografia alderik alde zeharkatzeko ere. Kapazak baikara egunez edo gauez, hiri edo herri, ipar edo hego bisitatzeko eta behin baino gehiagotan parte hartzeko euskararen alde. Har ditzagun indar horiek Korrika ez dagoen bitartean hau gogoratzeko: kontu asko eta asko egiteko gai gara, beste aurrerapauso batzuk egitea ezinbestekoa da. Euskararen estatusetik hasi, politika publikoetan eragin eta ohiturak aldatzeraino, har beza norberak bere erantzukizun iraunkorra; egun hauek dagoeneko erakusten dute, oztopo juridiko, politiko, ideologikoen gainetik, hemen herri bat badela, euskararen alde dena, dagoena eta egiten duena. AEK-k dagoeneko bi proposamen luzatu ditu Korrikaren ondorenerako: euskara klase bat doan emanen dute euskaltegiek apirilaren 22an, eta 65 mintzodromo izanen dira hemen eta han maiatzaren 21ean.
Pantailarik gabe eta orain baino askoz oztopo handiagoak zituen testuinguruan jaio zen Korrika. Ahalegin handia egin zuten milaka euskaltzaleri eta euskalduni esker iritsi gara honaino. Batzuetan ez dakit transmisio eta umiltasun kilo batzuk ez ote zaizkigun falta. Euskara izan dadin denon eguneroko hautu, izan gaitezen euskara gutxienez hurrengora arte. Gora AEK eta gora Korrika!
(Ezin dut hau bukatu parentesi txiki bat egin gabe. Korrikalariontzat: furgonetatik egiten diren argazki eta bideoak hobeak dira beste edonork egiten dituenak baino, haurrak haziko dira eta haien kabuz hartzen ahalko dute lekukoa -baita korrika egin ere-, eta Korrikaren zorion kolektiboak aplikazio eta auto-neurketek baino gehiago balio du). •



