GAUR8

Duela 140 urte hil zen Emily Dickinson poeta estatubatuar transgresorea

1886ko maiatzaren 15ean Amhersten zendu zen Emily Dickinson. Herri berean jaioa zen, 1830eko abenduaren 10ean. 55 urte zituen eta Brighten izeneko giltzurrunetako gaixotasuna zuen. Emily Dickinson da AEBk eman duten poetarik garrantzitsuena eta nazioarteko literaturan lorratz sakonena utzi duena.

Emily Dickinsonen dagerrotipoa, 1847an.
Emily Dickinsonen dagerrotipoa, 1847an. (WIKIPEDIA COMMONS)

Gaur 140 urte, hiletak familiaren etxean bertan egin ondoren, Lavinia Dickinsonek hartu zuen bere gain zendu berria zuen arrebak utzitako bertsoak argitaratzeko lana. Eskuz jositako berrogeita lau liburukitan ordenatuak, bizitza osoko lana zen. Zehatz-mehatz, 1.789 poema.

Liburuki haietan idatzita zegoena Emily Dickinsoen (Amherst, Massachusetts, 1830 - Amherst, 1886) XIX. mendeko literaturako poeta lirikorik handienetakoaren ondarea zen. Poema gehienak argitaratu gabeak ziren; izan ere, ingelesak eman duen poetarik garrantzitsuena bizi zen bitartean, haietako zortzi baino ez ziren argitaratu, gainera, bere borondatearen kontra.

Legegizon baten alaba zen, eta giro guztiz puritanoan hazi zen Emily. Amodio galdu baten ondoren bizimodu bakartia egin zuen. Ez zuen seme-alabik izan, baina lorratz sakona utzi zuen,  XX. mendetik aurrerako poeta estatubatuar guztiak, Emily Dickinsonen seme-alabak direla esaten baita. 

Emily Dickinson arau-hauslea izan zen, nahiz eta, seguru asko, ez zuen halakorik egiteko asmorik. Bere bizitzan zehar, gustatzen ez zitzaizkion gauza askoren aurka borrokatu zuen; adibidez, puritanoen jainkoa jarri zuen zalantzan –«bere arima berarentzat eskatzen zuen Jainko ahalguztidun baten» ideia tradizionalaren aurrean oldartu zen–, aitari aurre egin zion idatzi eta irakurri ahal izateko –nahi zuenean aitaren liburutegira sartu eta handik irteteko eskubidea lortu zuen– eta bere hirugarren ‘matxinadak’ poesiarekin du zerikusia, bere garaiko poesia amerikarrean nagusi ziren arau poetikoei aurre egin baitzien argi eta garbi.

Emily gai izan zen estilo guztiz pertsonala sortzeko eta tonu esperimentaleko poesia idazteko. Euskarara ekarria dago.