Maddi Aiestaran
Bertsolaria

Igandea zen

Renault Espace gris batean sartu ginen. Gerrikoak lotu genituen eta hankak luzatuta eroso jarri genuen gorputza. GPSak ordu bat eta hogeita bost minutu markatzen zuen. Kopilotuak agindua eman zuen burua biratuta, «hasi botatzen entzun nahi dituzuen abestiak». Eta bat etorri ginen musika estiloan bostok. Eguzkiak jotzen zien han kanpoko basoei, lakuei, gasolindegiei. Familia-txango baten hasiera ematen zuen. Gozotegiko palmera kutxak eserlekutik eserlekura egiten zuen mugimendua; husten joan zen pixkanaka. Altu kantatu genituen noizbait ikasitako letrak; belaunaldi-kideak ginelako genekizkien batzuk, elkarrekin ikasitakoak ziren beste asko. Buruari erortzen utzi nion eta etzan egin nintzen ondoko lagunaren sorbaldaren gainean. GPSari begiratu, eta pentsatu nuen urruti-urrutira joango nintzatekeela; horrelaxe joango nintzatekeela urruti-urrutira. Kotxearen erosotasunari egotzi genion bidaia hain ona egin izana. Eta aparkatu genuenean, abestia bukatu arte egon ginen tokitik mugitu gabe, altu kantatu genituen azken letrak. Motorra itzali genuen, eta bagindoazela, eguzkiari utzi genion geure buruen gainera etortzen.

Igandea zen eta kotxe-bidaia eder batek eman zion egunari hasiera. Lagun batzuk juntatu eta eguna nonbait igarotzera gindoazen, elkarrekin egotera. Joan eta egotea nahikoa jolas izaten da sarri. Bidean eman genituen minutu luzeetan zehar, pelikula bateko protagonista nintzela sinetsi nuen, foku bat zegoela nire lepoaldeari begira. Eta ez dakit horregatik zen edo zer, iruditu zitzaidan gauzak eta gauzak eta gauzak gertatzen ari diren tripa honetan, lasai esertzen ere asmatu daitekeela. •