Krabelinak

Nahiago nuke larre zabal batera joan izan banintz lore-basati batzuk ebakitzera. Izendatzeko gai ez izan arren, loreak banaka-banaka bilduko nituzke eta sorta eder bat osatu gero lagunen bati oparitzeko. Edo akaso egunkari paperetan bildu, liburuetako orrien artean zanpatu edo buruz beheiti zintzilikatu erabat idortu arte. Baina ur faltan inguruko lurrak erabat horituta daude, ez da abereentzat bazkarik ageri, eta bizitza ez da hain idilikoa. Ez zaituztet engainatuko: herriko loradendara sartu berri naiz oparitarako loreak erostera.

Inoiz edo behin irakurri izan dut zerbait loreen lengoaiari buruz. Floriografia da loreen bidez mezuak eta emozioak komunikatzeko kodea. Lore bakoitzari eta kolore bakoitzari erranahi zehatz bat ematen zaio, eta, hala, gizarte bateko arau sozialak egituratzen laguntzen dute. Gurean, adibidez, arrosa gorria maitasun sutsuari lotu izan zaio, margarita inozentziari edota tulipa horia esperantzari. Nik ez dakit gehiegi gaiari buruz, baina beilatokiak eta hilerriak lirio, krabelin eta arrosa zuriz lepo ikusi izan ditut. Hitzik gabeko komunikazio-sistemak eraikitzen ditugu maiz.

Dendaria eskatutako lore-sorta apaintzeaz bukatzen ari zenean gertatu da. Saltokian zeukana kuxkuxeatzen ari nintzen eta izkinako mahai batean ikusi ditut, txukun-txukun, bata bertzearen ondoan ezin zuzenago kokatuta: krabelin gorriak. Zurtoin luze eta petalo biziei begira, kantari hasi zait gogoa. «Kriskitin, kraskitin, larrosa krabelin», «lau krabelin gorri, zuen irudiaren gainean», «hilerrian bada lore, euzki-lili, krabelin», «ta amak eskeini zion krabelin gorria», «krabelin gorri bat zara, gure bihotzean loratu zana»…

Izan zitekeen joan den mendeko Euskal Herriko etxe apaindu baten fatxadako argazkia. Izan zitekeen Adolfo Guiarden “Baserritar neskato krabelin gorriduna” margolan ezaguna, edo izan zitekeen Celeste Martins Caeiroren irudia Portugalen, 1974ko Krabelinen Iraultzan, soldadu bakoitzari lore bat banatzen armaren kanoian ipini zezan. Baina ez da hala izan. Krabelin gorriei so, aste honetan zendu den Iker Aristu Etxeberria Txistu etorri zait gogora. Iker, jendea zure irudiaren magalean krabelin gorriak pausatzen irudikatu dut; zure mina ulertu dut, zure lagun eta senideena, militantzia kideena, geurea.

Zure heriotzaren harira Nafarroako Torturatuen Sareak zabaldu zuen oharrak argi zioen torturak betirako zauri sendaezinak uzten dituela. «Egin zigutenaz ari garenean, ez gara ari iraganeko etapa bati buruz, orainari buruz ari gara». Euskal Herrian 5.000tik goiti torturatu daude. Nafarroan, urte luzeetan egindako ahalegin nekaezinaren ondorioz duela bi urte hasi ginen basakeria horren biktimen lehendabiziko aitortza ofizialak jasotzen. Torturatzaileek hor diraute, bai. Baina guk egia, justizia eta erreparazioaren bidean aitzinerantz segituko dugu.

Iaz “Gutun bat Kottori” dokumentala estreinatu genuen Beran, eta filmaren sortze-bidean torturaren zauriak bizi-bizirik ditugula sentitu genuen. Solas egin ahal izateko espazio erosoak eta solaskideak behar izaten dira, eta tortura zer den eta zer eragiten duen hitzetara ekartzea ariketa zaila da. Arlo instituzionalean aitortzan eta erreparazioan urrats sendoak behar ditugu nahitaez, baita zauri sozial eta emozionalak goxatzeko aukerak eta baldintzak sortzea ere.

Azkenean, lore-sorta eta krabelin gorri bat eskuan atera naiz dendatik. •