GAUR8

‘The Omen’, mende erdi bat beldurra sortzen

Gaur bezalako egun batean, 1976an, Richard Donner zinemagileak beldur modernoaren erreferentzia bihurtu zen filmetako bat estreinatu zuen ‘The Omen’ (euskaraz, ‘Iragarpena’). Protagonista haur bat da, Damien, Antikristoaren seme txikia, senar-emazte arrunt batzuek hazi dutena.

Horrela bukatzen da filmea.
Horrela bukatzen da filmea. (WIKIPEDIA COMMONS)

1976ko ekainaren 6an estreinatu zen Erresuma Batuan ‘The Omen’, Richard Donner estatubatuar zuzendariaren beldurrezko filma. Denborarekin klasiko bat bihurtu da, baina estreinatu zenean kritika onak jaso zituen arren –Gregory Pecken interpretazioa, argumentuaren originaltasuna eta Jerry Goldsmithen soinu-banda baloratu ziren batez ere–, hiru urte lehenago estreinatutako ‘The Exorcist’-en itzalak ez zion onik egin.

Halere, jatorrizko soinu banda onenaren Oscar Saria irabazteaz gain, Jerry Goldsmithek konposatu eta film sail honetako ikur den ‘Ave Satani’ doinu beldurgarriak jatorrizko abesti onenaren Oscar Sariaren izendapena ere jaso zuen.

Hemen sinopsia: Kathy Thornek (Lee Remick) hildako haurtxo bat erditzen duenean, haren senarra Robertek (Gregory Peck) emazteari egia ezkutatu eta, hark jakin gabe, haien hildako haurra haur umezurtz ezezagun batengatik ordezkatuko du. Thorntarrentzat amesgaiztoa haurraren 5. urtebetetzean hasiko da, ustekabean umezainak (Freda Dowie) itxuraz inolako azalpenik gabe bere buruaz beste egiten duenean.

Aita Brennan apaizak (Patrick Troughton) Roberti etxean daukan arriskuaz ohartaraziko dio, baina apaiza ezustean istripu beldurgarri batean hilko da. Robert azkenean Antikristoaren seme txikia adoptatu duela ohartaraziko da.

Grabatzen ari zirenean, antza, denetarik gertatu zitzaien taldekoiei (istripuak, ezusteak, IRAren atentatu bat inguruetan...). Madarikazio baten menpe zeudela zabaldu zen... seguruenik estudioak zabaldutako zurrumurrua izango zen.

Egia esan, proiektuan parte hartu zuten pertsona askorentzat, filmea katarsi moduko bat izan zen. Batez ere Gregory Peckentzat, ordu txikietan zegoelako. Gainera, 1975ean, Jonathan Peckek, bere semeak, bere buruaz beste egin zuen. Tragedia hura gertatu eta hilabete batzuetara, izarrak Erresuma Baturantz jo zuen, filma errodatzera.

Hiru jarraipen eta egokitzapen bat izan ditu: ‘Damien: Omen II’ (1978), ‘Omen III: The Final Conflict’ (1984), ‘Omen IV: The Awakening’ (1991) eta ‘The Omen (2006)’. Bai eta ‘Damien (2016)’  telesaila ere.