Euliak

Bero da. Sargori. Leihoz beste aldera, makurtu egin dira zuhaitzetako hostoak. Jendea abanikoak hartuta dabil kalean, soberako arropak kenduta, aukerarik balu azala ere eranzteko grinaz. Bero da. Bero sapa. Badirudi lehertu egingo direla termometroak, urtu egingo direla kristalak eta porlanak. Sugandilak bakarrik etzaten dira eguzkitan.
Ilunabarrean, leihoak zabaldu beharko zenituzkeela pentsatu duzu. Giro itoa dago etxean, badira pare bat egun egurastu ez duzula. Ez zara ausartu orain arte. Bazenekien aukera bat eman orduko berriz sartuko zirela. Euliak. Baina ezin duzu gehiago, izerdi eta tipula ustel usaina sumatzen duzu bizilekutzat daukazun pladur, kristal eta hormigoizko barrutian. Hormak ere izerditan hasiko dira aurki. Ez duzu beste erremediorik. Ezin duzu zure bunker itxian jarraitu, arnasa behar duzu zuk ere. Kontserbadore bihurtu ote zaren galdetzen diozu zure buruari. Noiztik bizi zaren munduarekiko ikaraz, zure min eta ezinetan gotortuta, uzkurtuta. Leihoa zabaldu duzu; minutu bat besterik ez da izango. Eta berehala sartu da lehenengoa: gizena, patxadatsua, bzzzz, bzzzzz, bzzzzz. Hozkailuko atean pausatu da. Bizi-bizi dator bigarrena, bz, bz, bz; etxeko bonbilla eta leiho guztietan kuxkuxean aritu ondoren sabaian geratu dena, zure arma guztietatik urrun. Euliak. Euli madarikatuak. Hiruk, lauk, bostek; etxea inbaditu dizute jada.
Aurreiritziak bezalakoak dira euliak; zirrikitu bat utzi orduko zure etxean egiten dute habia. Irakurtzen dituzula onartzen ez dituzun egunkariek, ikusten dituzula aitortzen ez duzun telebistek, zabaltzen dituzula ohartzen ez zaren leihoek ekartzen dituzte zurera. Eta behin sartutakoan, akabo. Ez dago desegingo dituen armarik. Sukaldeko trapuekin saiatu zinen lehenengo, kolpeka-kolpeka lau euli eta bi edalontzi birrindu zenituen arte. Tira itsaskorrak jarri zenituen gero, abuztuko egun sargori batean lika irristadan zure platerera isuri zen arte. Erraketa elektriko batekin zabiltza orain. Alferrik da ordea. Asko harrapatu dituzu. Baina beti geratzen da bat, ezkutuan, altzari-azpiren batean, lanpara barruren batean edo zure belarri atzean, auskalo non. Eta, ustekabean, hotsa entzuten duzu, bzzz, bzzz, bzz; ez dagoen lekuan ere entzun egiten duzu, ikusi egiten duzu. Eta mundua zabala eta ederra da zure begi eta belarrien parean, baina zuk euli hori baino ez duzu ikusi eta entzuten, zuk uste gabe zure sukaldean sartu zaizun euli astun eta zaratatsu hori.
Eta orain ere hor zabiltza, euliak zure txokotik atera nahian. Ordenagailua zabaldu duzu, buruan zeneukana idatziz jarri behar zenuen. Letra beltzak hondo zurian. Eta, bat-batean, hitzak ere mugitzen ikusi dituzu. Zer dira ba hitzak, norbaitek zure garunean utzitako euliak besterik. •

LABeko Idazkaritza Feminista, 30 urteko borroka eraldatzaile baten kronika
Noren adar armatu

«Hausnarketa patxadatsua eta begirada osoa» proposatu dute aisialdiko eragileek

Entrenamendua eta nutrizioa arraunean, garapen etengabea

