Asier Aiestaran
Kazetaria

Euskal Herriko mugak oinez, Goierriko Mendizale Beteranoen eskutik

Euskal Herriak oinez ibiltzeko hainbat aukera eskaintzen ditu, ibilbide desberdin asko, eta Goierriko Mendizale Beteranoak elkarteak horren ezaguna ez den bat bildu du «Euskal Herriko mugak oinez» liburu-gidan. Gure herriko maparen perimetroa zeharkatzeko proposamena da; 1.382 kilometro, 66 etapa.

Duela hilabete pare bat argitaratu zuen Sua argitaletxeak “Euskal Herriko mugak oinez” liburua. Bertan, izenburuak dioen moduan, gure lurraldea bere perimetrotik zeharkatzeko ibilbide bat proposatzen da, guztira 1.382 kilometro, 66 etapatan banatuta.

Baina liburuaren ezaugarri nagusietako bat egiletza partekatua da, kolektiboa, lan hau Goierriko Mendizale Beteranoak elkarteak osatu duelako bere azken urteetako ibilaldiak bildu eta paperera eramanez. Prozesua nolakoa izan den azaldu digute Juanjo Muxika eta Joxean Insausti elkarteko kideek Ordizian jarritako hitzorduan.

BIDEAN SORTUTAKO IDEIA

«Goierriko Mendizale Beteranoak 2009. urtean sortu zen, aurrejubilatutako zenbait jende bilduta. Hasieran 18 pertsona ginen, emakume bat tartean», ekin dio azalpenari Muxikak. «Euskal Pirinioko Bira egin genuen 2010 eta 2011 urteen artean, 2011 eta 2012 urteen artean Nafarroako Bira. Zazpi Hiriburuetako Ibilbidea ere egin genuen garai horretan...», gogoratu du.

«Guk hasiera batean ez geneukan Euskal Herriko muga osoa oinez egiteko asmorik, baina Euskal Kostaldeko Ibilbidea egiten hasi ginenean Baionatik, Bizkaia aldera gerturatzen ari ginela konturatu ginen posible zela zerbait gehiago egitea. Horrela, Arabako Bira egiten hasi ginen, hori Bizkaiarekin lotzen, Errioxako muga, Nafarroakoa... Eta 2012. urtean hasi zen Euskal Herriko mugak oinez lotzeko egitasmo hau gauzatzen. Azkenean, sei urteren buruan, zeharkaldi osoa egitea lortu genuen», azaldu du Muxikak.

Diotenez, gaur egungo informazio iturriekin, ez zuten arazo berezirik izan ibilbidean falta ziren zatiak osatzeko. «Ez genuen zailtasun berezirik izan. Behin Nafarroa Zaragozarekin lotzen joan ginenean aurrera jo genuen, eta egia da orain Interneten informazio asko aurki daitekeela. Liburuak, mapak... Zegoenari tiraka Nafarroako mugak egiten joan ginen, lehenik Zaragozarekin, gero Huescarekin, Hiru Erregeen mahaia, Auñamendi, Zuberoa eta Biarno aldetik aurrera, Nafarroa Beherea, Lapurdi... Baionan, hasiera puntutzat hartu genuen lekuan bukatu arte», azaldu du Juanjok.

Joxean Insausti (ezkerrean) eta Juanjo Muxika (eskuinean), Ordizian egindako hitzorduan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zailtasunen bat aipatzekotan, une batzuetan lekuan bertan bideren bat zaindu gabe egotea izan zela gaineratu du Joxeanek: «Zailtasun handirik ez da izan, baina zerbait egotekotan da lekuan bertan aurkitzen duzuna. Noiz edo noiz bide trakets samarren batean ibiltzea tokatu izan zaigu. Bat dut gogoan, Zuberoa eta Biarno arteko mugan, Izarbe inguruan. Jendea ibiltzen ez den lekuetan horrelakoak aurkitzea normala da».

«Santa Grazitik abiatuta, Izarbe jaisten ari ginela, sastraka artean ibili behar izan genuen», berretsi du Muxikak. «Garo altua, larra... Erorikoren bat ere izan genuen, zorionez ezer larririk ez», gehitu du, baina argi utzi nahi dute bi mendizaleek ibilbideak prestatzeko jende oso prestatua dutela elkartean. «Oso gida potenteak dauzkagu. Aurrez oso ongi prestatzen dituzte ibilaldiak, nondik nora joan behar dugun, zailtasunak non egon litezkeen...». Eta Muxikak dioen bezala, garai aldaketara ere moldatu dira: «Hasieran, 2009an, iparrorratzarekin ibiltzen ginen. Gero GPSa eskuratu genuen eta errazagoa egiten da dena».

LIBURUA EGITEKO AUKERA

«Talde koordinatzaile barruan hitz egin genuen», egin du memoria ariketa Juanjok. «Datuak badauzkagu, erreferentziak ere bai, luzerak, denborak, desnibelak... ‘Zer iruditzen zaizue liburu bat argitaratzen saiatzea?’ proposatu genuen. Taldeko zuzendaritzak baiezkoa eman zuen eta Elkar argitaletxearekin, kasu honetan Suarekin, harremanetan jarri ginen. Hori 2023an izan zen eta prozesuak hiru urte iraun du».

Emaitza 240 orrialdeko liburuxka mardula da, argazkiz eta mapaz, bakoitza bere QR kodearekin, ongi osatua. Euskal Herriko mugak oinez zeharkatu ahal izateko 66 etapa deskribatzen dira, bira osoa Baionan hasi eta Lapurdiko hiriburuan amaituz, erlojuaren kontrako norabidean.

Etapa bakoitzak bost bat orduko iraupena du gutxi gora-behera, baina badaude apur bat motzagoak edo luzexeagoak direnak, ibilbideko beharren arabera. Antzekoa gertatzen da ibilitako kilometro kopuruarekin ere: 20 kilometroren bueltan ibil daiteke etapa bakoitza, baina aldakorra da igo beharreko desnibelaren arabera, esaterako.

Horregatik, liburuan etapa bakoitzaren datu eta xehetasun guztiak zehazten dira: hasiera puntua, amaiera puntua, denbora, luzera eta desnibela. Faktore horiek kontuan hartuta, etapen sailkapen bat ere egiten da zailtasunaren arabera: erraza, ertaina edo zaila. Eta jarraitu beharreko bidea deskribatzen da, erreferentzia puntu nagusiak nabarmenduz eta mugarriz mugarri igarotako denboren berri emanez.

Garrantzitsua da nabarmentzea etapak leku batean hasten direla eta beste batean amaitu, beraz ibilbideak liburuan deskribatzen diren bezala egitekotan garraioa kontuan izan behar dela. Egileek diotenez bereziki inte-resgarria izan daiteke autobusean mugitzen diren mendi taldeentzat; bestelako mendizaleen kasuan agian ideiak hartzeko da aproposagoa, edota ibilbide osoak egin beharrean zatika joan-etorriak eginez.

Etapak oso luzeak ez izateak, gainera, ibilaldiak beste bisita batzuekin osatzeko aukera eskaintzen du. «Gu, ibilaldia amaitu ondoren, inguruan intereseko guneren bat bazegoen bertara joaten ginen. Pozalaguako kobazulo famatua Karrantzan, Otsozelaia Izturitze inguruan, Burgiko ofizioen museoa eta ibilaldia, Orbaitzeta inguruko zutarriak eta eremu megalitikoak... Horrelako asko dago», nabarmendu du Juanjo Muxikak.

Azken batean, gure herria hobeto ezagutzeko aukera paregabea da, Insaustiren hitzetan. «Entzunda geneuzkan lekuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Eta erabat ezezagunak zitzaizkigun beste batzuk ere bai. Zaragoza eta Nafarroa arteko mugan dauden herrixkak, Bardeak... Eta batez ere leku oso desberdinak, paisaia askotarikoak. Hasi kostaldetik -flysch-a, Gaztelugatxe...-, mendi tontor handiak -Hiru Erregeen Mahaia eta inguruko mendiak-, Bardeak eta Erriberako baratze eta soroak, niretzako ezezagunak ziren Arabako mendi asko, Bizkaia eta Kantabria artekoak...».

MENDI TALDE BIZI-BIZIA

Juanjo eta Joxeanekin izandako elkarrizketa Goierriko Mendizale Beteranoak elkartearen jarduna hobeto ezagutzeko ere baliatu nahi izan dugu. «Une honetan 120-130 bazkideren bueltan ibiliko gara. Goierri osoko jendea eta gehiago, Legazpitik hasita Tolosalderaino. Donostia-Getaria-Zarautz aldetik ere etortzen da jendea. Hemengoak dira, baina hara bizitzera joandakoak. Emakumeak 35 bat izango dira. Hasieran bakarra hasi zen, baina pixkanaka gehitzen joan da kopurua», kontatu digu Insaustik.

Uda partean, Santa Ana eta iraileko Euskal Jaien artean, geldialditxoa egiten omen dute, baina udazkenarekin batera berriz ere topera. «Une honetan hiru zeharkaldi desberdin egiten hasita gaude. Bat Euskal Herriko zeharkaldia da, Kantabriako mugan hasi eta Hiru Erregeen Mahaian amaituz, nolabait Ur-mugan egiten duten marra hori jarraituz. Hor 20 bat etapa baditugu, gehixeago agian».

«Bestetik Abaltzisketako erromesaren ibilbidea. Guretzat istorio ezezaguna zen. Antza denez maitemindu bat bazen Abaltzisketan eta gaiztakeriaren bat egiteagatik penitentzia jarri zioten: santutegiz santutegi joatea Urkiolaraino. Interesgarria iruditu zitzaigun eta mendian ibiltzeko aitzakia ederra».

«Eta hirugarrena GR-I delako ibilbidea. Berez Tarragonatik Finisterreraino luzatzen da, baina gu Euskal Herriko zatia egiten ari gara, Pitillas aldetik abiatuta. Orain dena aldatzen ari da, baina neguan eguraldi hobearen bila joateko aukera ona izaten da. Eta alderantziz, uda garaian mendi aldera gehiago jotzen dugu», dio Insaustik.

Argi dago ideiak eta planak ez zaizkiela falta, eta ezta oinez leku berriak ezagutzeko gogoa ere. Ez dakigu beste libururik etorriko den, baina bidean goza dezatela.

Ibilbide osoaren laburpena, bere 66 etapekin, Baionatik mendebaldera abiatuz eta Baionan bertan amaituz. GMB

66 ETAPAK

ITSASOA MUGA
    1.    Baiona - Lafitenea
    2.    Lafitenea - Hendaia 
    3.    Hondarribia - Pasai Donibane 
    4.    Pasai San Pedro - Donostia 
    5.    Donostia - Zarautz 
    6.    Zarautz - Deba 
    7.    Deba - Lekeitio 
    8.    Lekeitio - Elantxobe 
    9.    Elantxobe - Gernika 
    10.    Gernika - Bermeo 
    11.    Bermeo - Bakio
    12.    Bakio - Gorliz 
    13.    Plentzia - Portugalete 
    14.    Portugalete - Cobaron 

MENDEBALDEKO MUGA
    15.    Kobaron - Turtzioz
    16.    Basinagre - Pozalagua 
    17.    Ranero - Lanestosa 
    18.    Lanestosa - Los Tornos 
    19.    Los Tornos - Balmaseda 
    20.    Balmaseda - Santa Koloma 
    21.    Santa Koloma - Añes 
    22.    Añes - Agiñaga 
    23.    Agiñaga - Urduñako mendatea 
    24.    Urduñako mendatea - Astulez 
    25.    Astulez - La Horca mendatea
    26.    La Horca mendatea - Herran 
    27.    Herran - Tobillas 
    28.    Tobillas - Gurendes 
    29.    Gurendes - Sobron 
    30.    Omecillo ibaia - Zambrana 

HEGOALDEKO MUGA
    31.    Zambrana - Bastida (San Gines)
    32.     San Gines - Samaniego
    33.     Samaniego - Eltziego
    34.     Eltziego - Oion
    35.     Oion - Legardako ermita
    36. Legardako ermita - Lodosa
    37. Lodosa - San Adrian
    38.     San Adrian - Rincon de Soto
    39.     Rincon de Soto - Castejon
    40.     Castejon - Piedralobos
    41.     Piedralobos - Mojon Tres Reyes
    42.     Mojon de los Tres Reyes - Malon
    43.     Malon - Cortes

EKIALDEKO MUGA
   44.     Cortes - Antso Abarka
   45.     A. Abarka - Santa Margarita
   46.     S. Margarita - Zarrakaztelu
   47.     Figarol - Gabarderal
   48.     Gabarderal - Leire
   49.     Petilla Aragoiko itzulia
   50.     Leire - Gazteluberri
   51.     La Tejeria - Burgi
   52.     Burgi - Fago
   53.     Puieta - Abauko aterpea
   54.     Abau - Argibiela mendatea
   55.     Argibiela - Linzako aterpea
   56.     Linza - Hiru Erregeen Mahaia
   57.     Laskun - Ernaz (San Martin H.)
   58.     Ernaz - Urdatx/Santa Grazi
   59.     Urdatx/Santa Grazi - Izarbe
   60.     D-632 errepidea - Urdaburu
   61.     D-918 errepidea - Eskiula

IPARRALDEKO MUGA
   62.     Eskiula - Mitikile
   63.     Mitikile - Ozaraine
   64.     Ozaraine - Bidaxune
   65.     Bidaxune - Ahurti
   66.     Ahurti - Baiona