Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Jakintza letra larriz

Zerrenda amaigabea da. Oporraldian irakurri beharrekoen zerrenda, ikusi beharrekoena, entzun beharrekoena, ikasi beharrekoena. Ezin logika produktibistari iskin egin: denbora librea formatzeko baliatu beharraren presioa -eta nahia-.

Urtean zehar gomendioak pilatzen zaizkit, mugikorra kapturaz beteta dut, agendaren izkinak izenburuz, ikastaroen estekez… Jakin-mina izatea bizi gogoa izatearekin lotzen dut, baina joan den astean bi elkarrizketak jakintza toki askotatik etor daitekeela gogorarazi zidaten, belarri eta begiak zabalik eta bizitzan adi egotea dela askotan gakoa. Guztia ez dagoela liburu, podcast, dokumental, artikulu eta masterretan.

Elkarrizketa 1: Villabonako bi jostun gazterekin egon naiz. Baserri batean bizi diren, helduagoak diren eta ikastaroak ematen dituzten bi emakumeren inguruan mintzatu zaizkit: «Ikastaroak ematen dituzte kontserbak nola egin, untxia nola hil eta larrua nola landu… Beraiek esan ziguten: ‘Imajinatzen duzue bere bilobari puntuzko jertse bat egiten ez dakien amona bat? Ba martxa honetan amona horiek izango gara’».

Genero, rol eta mandatuak alde batera utzita, zer pentsatua eman zigun; jakintza bat galtzen ari zela ohartarazi zidaten billabonatarrek, eta horren adibide dela joskintzarena, «eguneroko joskintza: botoi bat josi, barrenak hartu edo kremailera bat jartzearena». Botoi batekin borrokan ariko nintzateke, baina beste deus egiten ez nuke jakingo.

Elkarrizketa 2: Beroak uzten duenean etxeko leiho guztiak irekita gosaltzen dut. Iluntzeetan mugimendu gehiago dago eta batzuetan dibertigarriagoa da -Olatz Mitxelenaren azken ipuin liburuko “Piztia” narrazioko pertsonaiei galdetu beharko genieke-.

Baina goizaldeko freskura ederra da. Mimoz eta denboraz zaindutako baratze handi batera ematen dute gure leihoek. Neguan aizkoran ari den gizonaren hotsa izaten da gosarietako soinu banda; udan, aitzurrarena. Ez naiz goizetan hori egitea gustatzen zaion bakarra. Bizilagunak ere bertan egoten dira goiz askotan, udako tailerretara edo igerilekura joan baino lehen. Interesgarria zait beraiekin solasean aritzea, leihotik leihora. Ikuspegia zabaltzen didate beti, irri txiki bat atera gehienetan, bururatuko ez litzaidakeen galderaren bat bota, baita zutabeetarako printzaren bat eman ere.

Zer kontatua izaten dute ia beti, baina batez ere galderak izaten ditu txikienak. Ia bost urterekin, galdera logiko asko ditu; burutazio xelebreren bat ere bai tarteka. Jakin-mina bizi-bizi duela ikustea apasionantea da.

Zehazten eta izendatzen ere ez dakizkidan baratzeko lanak egiten zebilen aitona. Berari begira geunden biok, mimoz zaintzen dituen landareei so. Lore gutxi atera zaizkiola kritikatu dio bilobak; eskuinerantz okertu zaizkit ezpainak niri. Zertan dabilen galdetu dio; niri ere gustatuko litzaidake jakitea. Ezjakinaren lotsa erantzi eta zein landare diren galdetu diot nik umeari, eta zuzen erantzun dit: «Hasierako zatian daudenak, tomateak; aurrerago daudenak, banabarrak, eta izkinan ikusten dituzunak, letxugak».

Jakintzaren sorkuntza zein transmisioaren noranzkoa zentzu anitzetan egin daitekeela ikasita eman diot tragoa kafeari. Nora noan eta zer egin behar dudan galdetu dit txikiak agurtzean. «Egin beharrekoen» zerrenda errezitatzea pentsatu dut, baina ez ditu erantzun aspergarriak gustuko.•