Gaur 8

Carmen Albisu, Erriberako euskalduntzearen erreferentea

Gaur 110 urte jaio zen Errenterian Carmen Albisu, Tuteran 11 urteetan euskara erakutsi zuen emakumea. Garai hartan ez zegoen ez ikastolarik, ez gau eskolarik, ez AEKrik eta Carmenen etxeko egongelan hainbat belaunaldi euskara etorri ziren. Haiek gero Erriberan euskara sustatuko zuten.

Carmen Albisu eta Imanol Añon.
Carmen Albisu eta Imanol Añon. (GAUR 8)

Gaur bezalako egun batean jaio zen Errenteriako Santa Klara kaleko 14. zenbakian Carmen Albisu (1916ko uztailaren 16a - Tutera, 2007ko maiatzaren 5). Gazte-gaztetatik hasi zen nobio harremanetan Imanol Añon Jasorekin. Imanolen etxekoak erdaldunak ziren, Tuterakoak, baina berak euskaraz ikasi zuen eta giro abertzalera hurbildu zen. 

Bikoteak Tuterara bueltako bidea egin zuten ezkondu zenean, Imanol kartzelatik atera zenean gerraren ostean. Euzko Gudarosteko Itxarkundia batailoiaren kapitaina zen eta zazpi urte egin zituen preso Burgosko espetxean. 

Tuteran Imanolek Mecánicas la Tudelana enpresa muntatu zuen bazkide batekin. Bost seme-alaba zituzten eta, etxean euskaraz aritzen zirelako, ‘los vascos’ deitzen zieten.

Gazte alargundu zen Carmen, 52 urterekin. Handik gutxira, dantza taldeko gazteek ea euskara irakatsiko zien galdetu zioten. Carmenek segituan eman zien baiezkoa eta 1970ea negunero euskaltegi bihurtzen zen bere etxeko egongela iluntzeko zazpietatik hamarrak arte. 

Serio hartu zuen egitekoa: uda osoa pasatu zuen Iruñean eta Donostian Deustuko Unibertsitateak antolatutako euskara batuko ikastaroa egiten, euskaraz primeran hitz egin bai, baina ez baitzegoen alfabetatua. 1981eko abenduan utzi zion eskolak emateari, 11 urtez musu truk tuterarrei irakasten aritu ondoren.

1984an sortu zen Argia Ikastola. Guraso sortzaile gehienak noizbait Carmen Albisuren ikasle izandakoak ziren

1995ean, lehenengoz Nafarroa Oinez Tuteran izan zenean, omenaldi hunkigarria egin zioten Carmeni, Tuteran euskara irakasten aitzindari izan zela aitortzeko.