Oporraldi bat

Nekatuta bukatu nituen lanegunak, eskuineko ukalondoa minbera eta hanka biak ahituta. Lepoari itxekita egonen ez balitz, uste dut ez nintzatekeela nire burua garraiatzeko gai izanen. Giharretako mina bezain trabagarria zitzaidan neke mentala, baina lasaitzen ninduen nire nekeari justifikazio logiko bat egozteak. Zerbait baliagarria egin izanaren sentsazioa uzten du eskulanak, ostatuko eskaileretan goiti-beheiti aritzeak herritarrei bazkariak zerbitzatzen, ziztu bizian tragoak ateratzen, desorduetako elkarrizketei eusten edota iruzkin desatseginak jasaten. Bertze batzuetan ez zait hain erraza egiten, baina oraingoan nahiko argi nuen merezi nuela. Horixe bertzerik ez nuen behar: liberazio bat. Bizitzatik ihes egiteko modu bat, lasaitasun eta poz labur bat.

Horrela ailegatu naiz paraje eder honetaraino. Kanpin aulkietan eserita dago bikote jubilatua lakuaren ertz batean, liburuaren azken orrialdeei so emakumea eta garagardo latako azken tantak zurrupatzen aldameneko gizona. Mutil gazte batek kanabera eskuan igaro du harrizko petrila autora heltzeko, baina zorroa hutsik darama. Heriotzarik gabeko arrantza eremua arautu dutela irakurri dut eskuinaldeko seinalean. Parean, bi ume pozik belarditik uretara joan-etorrian. Gaztetxoenak ilusioz oihu egin du koxkorrenak zapaburua tuperrean sartzea lortu duenean eta aitonak txalo egin dio toallatik. Lakuaren bertze aldean larre behorrak ura edaten, eta noizean behin amuarrainen bat putzuan saltoka. Oporrak erromantizatu egin behar dira eta hemen guztiak dirudi idilikoa.

Argazki bat atera dut. Horretara joaten gara oporretara: Instagramen ikusi ditugun lekuak ezagutzera, deskonektatzera, errutina ahanztera, gelditzera, errealitatez aldatzera, irakurtzera, ezer ez egiten ikastera, momentuaz gozatzera eta argazkiak ateratzera (horretara, batez ere). Eta hementxe nago ezkerreko eskuarekin meloi azalak plastikozko poltsa batean sartzen, eskuinekoarekin argazki kamera eusten dudan bitartean. «Adeu» edo «moltes gràcies» erranez agurtzen ditut tabernariak ostatuetatik alde egitean, ingelesez ari diren giriak baino atseginagoa banintz bezala. Baina ni ere furgoneta batean iritsi naiz honaino, paraje eder honetaraino. Ni eta kapitalismoa lau gurpilen gainean.

Hozkailu bat, ohe bihurtzen den eserlekua, egurrezko armairua, bateria bat eta leihoetako isolatzaileak. Etxe bat lau metro karratutan. Baina baita zapatetako lohi arrastoak ere, jertsean eskuak behar bezala sartu ezina, makurtuta egotearen ondorioz nabari dudan lepoko mina, ustekabean usteldu zaidan haragiaren usain nazkagarria, traste guztien azpian dauden eta une honetan bertan behar ditudan zapatak hartzeko malabarrak, lo egiteko bero nazkagarria, nire moduan etorri direnen kaka mokordoak eta kleenexak errepide bazter guztietan... Baina ni atsedenaz eta zereginik ezaz gozatzera etorri nintzen oporretara.

Laku bazterrean ere sartu da eguzkia eta ilundu du egunak. Joan dira behorrak, jubilatuak, umeak. Ni ere banoa “furgesia”-ren izurritera eta lau metro koadroko tetris amaiezinera. Bertze behin motxilan pilatuko ditut kontraesanak, erreproduzitzen ari naizen bizitza ereduari tranpa egin nahian. •