Ohea egitearena
Lehengo batean, ohea egin gabe alde egin nuen etxetik, eta ez nintzen bueltatu iluntzera arte. Egunean zehar, behin baino gehiagotan egin zidan dar-dar begi-izkinak. Urduri egon nintzen tarteka.
Zergatikhartudutlozergatikerorizaitkatilua-hortzakgarbitupartezoheaeginnezakeennnnn.
Ez nuen halako burutapenik izan nahi, baina nire barruko zerbaitek etengabe zioen zerbait gaizki aterako zela nire egunean, goizean oheko maindireak lurrean arrastaka uzteagatik. Pentsatuko duzue maniatiko xamarra izango naizela eta listo; “superstizio” horixe dudala erantzungo dizuet nik: etxetik irteterako ohea egitearena.
Bizitzako aldi diferenteetan, superstizio diferenteek hartu izan didate gorputza. Egun inportanteetan kulero berberak jantzi izan ditut; dutxa oro, manparako ertz berean marrazki ñimiño berbera egin izan dut; eskuineko galtzerdiaren aurretik ezkerrekoa jantzi izan dut propio; semaforoak berdean jarri arte espaloi ertzean txintxo zain egon izan naiz, ez-dakit-zer erakarriko -edo uxatuko- dudala pentsatuta. Gero, ondo pentsatuta, uste dut ez dudala asko sinesten gauza horietan. Baina irudipena dut nire bizitza ordenatuta-edo mantentzen asmatzen dudala, horiei segituta; edo hala sinesten dudala, behintzat.
Bizitzako momentuaren eta eguneroko bizimoduaren arabera inbentatu izan ditut superstizio-zera berriak -eta aurrekoak ahaztu-. Jolas baten antzekoa da niretzat: inbentatu, eta, aldi batez, inbentatukoa sinestea.
Azken bolada luze honetan, gainera, jende heldu, txukun eta ordenatuenek nola, egunero-egunero ohea eginda uzten dut horrela, etxetik irteterako. Beste zeozer okurritzen zaidanera arte, hala beharko du. •

«Herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna»

«Gaur egun bezeroetako askok ez dute enpatiarik lanean dagoen jendearekiko»
«Cringe»-a eman gabe

Lurra apurtu zenekoa

