GAUR8

Amy Winehouse, talentua eta zorigaitza

Gaur 15 urte, 2011ko uztailaren 23an, hilik aurkitu zuten Amy Jade Winehouse, Londresen, Candem auzoko bere etxean. 27 urte zituen, eta bere musikagatik ez ezik, alkoholarekin eta bestelako drogekin zituen gorabeherengatik ere ezaguna zen. Bere ahotsa gure memorian iltzatuta gelditu da.

Amy Winehouse, artxiboko irudi batean.
Amy Winehouse, artxiboko irudi batean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Gaur egun 43 urte izango zituen Amy Jade Winehousek (Southgate, Londres, Erresuma Batua, 1983ko irailaren 14a - Camden, Londres, 2011ko uztailaren 23a), baina gazte joan zen, intoxikazio alkoholiko baten ondorioz. Bulimia arazo goiztiarrak izan zituen, eta gaztetatik hauskorra izan zen: 14 urterekin hartu zituen lehen antidepresiboak eta, ustez, nahasmendu bipolar larria zuen.

Baina dibertigarria eta ausarta ere izan zen emakume berezi hau. Bere sormena, lehenik antzerkian eta ondoren konpositore eta interprete gisa, soul-jazz estiloan, bere bizi-euskarria izan zen, nahiz eta luzera autosuntsiketara bideratu omen zuen.

Ibilbide labur baina oparoa izan zuen. Bi disko kaleratu zituen, eta nazioarteko musika zerrenden lehen postuetara heldu zen biekin. 2003an plazaratu zuen lehena, ‘Frank’, Frank Sinatraren omenez. Milioi eta erdi disko saldu zituen harekin; sariak eta mundu osoan emandako kontzertuak heldu ziren atzetik. 

2006an kaleratu zuen bigarren lana, ‘Back to Black’. Gorenera eraman zuen hark, hamabost milioi disko salduta. 2007an urteko diskorik onena aukeratu zuten, eta 2008an, bost Grammy sari irabazi zituen. Horrela, sariketa horretan bost sari lortzen zituen lehen abeslari ingelesa bihurtu zen Winehouse.

Musika genero desberdinak (soul, jazz, rock and roll, ska) nahasteagatik ezaguna, «akustikoki indartsua» eta «sakonki bere emozioak» adierazteko gai zen kontralto ahotsa zuela esan izan da.