Nerea Godoy
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

Lurra apurtu zenekoa

Udaro izaten dira milaka gertakizun, ikasleek gelara ekartzen dituztenak.
Udaro izaten dira milaka gertakizun, ikasleek gelara ekartzen dituztenak. (Marcos MORENO | EUROPA PRESS)

Amaitu dira hainbeste eta hainbesteren ahotan dauden hezkuntzako langileon opor luzeak eta iritsi da berriro ikasturte berri bat. Gu iaz baino urtebete zaharrago eta gure ikasleak beti adin-tarte berekoak, jubilaziotik hurbilen daudenek dioten bezalaxe. Udaro izaten dira milaka gertakizun eta, jakina, oraingoan ez zen desberdina izango. Guri dagokigu, ordea, gertakari horiek ikasleekin partekatu eta hausnartzea, entzun eta galdetu, galdera batekin erantzun eta, finean, gertatu den hori taldean ulertu.

LURRIKARA

Gure ikasle asko Kolonbian izan dira senideak bisitatzen, han bizi direlako abuelita eta abuelito, gurasoen txikitako lagunak eta beste. Kolonbiar sustraiak dituen euskalduna izatea ez da beti erraza; batzuek hango ikusten zaituztelako, eta, besteek, bestaldeko. Mundutarrak horrelakoxeak gara. Han oporretan zeudela lurra apurtu egin zela kontatu du neskatila batek, eta denak zur eta lur daude bere kontakizuna entzuten. Euskal Herrira itzultzeko hegaldia atzeratu egin zieten, aireportua txiki-txiki eginda gelditu zen-eta. Zorionez, Yarumalen ez zen sarraskirik gertatu eta alde horretatik pozik dago Luci. Lurrak dar-dar egin zuenean ez zekien ametsetan edo esna zegoen, sinestezina zirudien. Orduan jakin zuen zerbait ez zihoala behar bezala eta argirik eta estaldurarik gabe geratu zen herrialdearen gehiengoa. Abuelita-k 1950ean gertatutako lurrikara gogoratu zuen guztiak mahaiaren inguruan eserita zeudela, eta Lucik eskolan ikasita lurrikarak zergatik gertatzen ziren bazekienez, azaldu egin zien. Haurrek txalo jo diote, erdi txantxetan eta maitasunez. Hildakoak eta zaurituak ekarri ditu gogora orduan Lucik, berak ezagutzen ez zituen arren, pena sentitzen duela azalduz. Isilik geratu dira 25 umeak. Taldean pentsatzeko galdera batzuk bota dituzte: zergatik sentitzen dugu mina hildakoen aurrean? Nola berreraikitzen dira suntsitutako eraikin horiek guztiak? Non bizi dira etxerik gabe gelditu ziren pertsonak orain? Zer jan eta edango dute? Nola sendatuko dituzte?

LUR HONEK EMATEN DUEN IKARA

Ikasle batek Espainiako Ceuta hirian zerbait gertatu dela entzun duela gehitu du halako batean, jan-edanaren harira. «Ceutakoek ez diete lagundu nahi!», esan du batek amorratuta, «lagundu nahi diete, baina asko dira», gehitu du beste batek, eta «Pedro Sanchez!!», esan du hirugarren batek, ondo dakienak zertaz ari den baina ezjakinaren itxurakeria eginez. Orduan, gertatutakoaren berri zehazki ez zekitela ikusita, galderak ipuin baten ondoren egin dizkiet. Ipuinean bada pobreziaz inguratutako hiri aberats bat, ura, janari pila bat, argia duten etxeak, lana, dirua eta abar dituzte bertako biztanleek. Gainera, beste kontinente bateko kide dira eta horrek munduan zehar mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen die. Horren inguruan bizi direnetako asko, gose dira, egarri, ez dute etxerik ezta aldatzeko arroparik ere, asko umezurtzak dira eta kaleetan pasatzen dute eguna. Bitartean, hiri horretan bizi direnak ez daude haiekin kezkatuta, bakoitza bere zilborrari begira dago. Horixe da ipuina, eta zuek, zer egingo zenukete hiri horren kanpoaldean biziko bazinate? «Hirira joan eta laguntza eskatu», esan du Lucik begi marroi handi eta borobil-borobilekin. Baina, herritarrek, «kanpora!» oihukatuz, Gurutze Gorriari bidea etenez, estralurtarrak bazinate bezala inbasioez hitz eginez eta laguntza hori ukatuz erantzungo balute? Lurra apurtu egiten da batzuetan, eta, beste batzuetan, gizakiok apurtzen dugu bi arrazoirengatik: aberasteko edo gure aberastasuna babesteko, hau da, ez partekatzeko.

Ea ekainera bitartean, lurraren konpontzaileak hezteko denborarik badugun. Hezkuntza antirrazista eta elkartasunaren pedagogia, ekin ikasturteari! Hezi gaitezen irrian, aniztasunean, enpatian eta elkartasunean. •