APR. 20 2025 - 07:00h Gaur 10 urte hil zen Jose Luis Etxebarria dantzari eta txistularia Jose Luis Etxebarria, ‘Txelu’ ezizenarekin ere ezaguna, dantzaren eta abesbatzen inguruan ibili zen txikitatik. Gaur bezalako egun batez hil zen duela hamar urte. ‘Txelu’ txistua jotzen. (Wikimedia) GAUR8 Begoñan jaio zen Jose Luis Etxebarria ‘Txelu’ 1925eko martxoaren 29an, orduan, Begoña garai haratan nekazal eremua zen, baserriz, txakolindegiz eta giro euskaldunez inguratutakoa. Paisaia horretan hasi zen dantzan, ondorenera sona handiko dantzaria, dantza-talde zuzendaria eta txistularia izango zena. Gaur bezalako egun batez hil zen, duela hamar urte.Sei urterekin dantzatu omen zuen lehenengoz Begoñako Batzokian, eta zortzi urte zituela lehendakaria izango zenaren, Jose Antonio Agirreren ezkontzan dantzatu zuen. Frankismo garaian euskal dantzak debekatuta zeuden, baina 1947an sortutako Dindirri taldean ibili zen Etxebarria dantzan. Santutxuko Gaztedi dantza taldearen sorrera ere parte hartu zuen, eta hortik Euskal Herrian zehar tokian tokiko dantzak ikasten eta irakasten ibili zen. Dantza talde bakoitzak dantzak bere modura egiten zituela ikusirik, Durangaldeko zein Lea Artibaiko erroetara jo zuen bertako dantzak jasotzeko; ikasitakoekin bere lehen liburua argitaratu zuen 1969an, Bizkaiko dantzen inguruan. Dantzak txistuarekiko jakin mina ere ekarri zion, eta bere jasa ikasi zuen txistua jotzen. Ikasketa prozesu horretan zehar txistu metalikoa egitea bururatu zitzaion eta eta diseinatu ostean, tailerreko makina eta tresneriekin esperimentatzen hasi zen. Abesbatzak ere gustuko zituen, jubilatu ondoren Begoñako lagun giroan Santagedako koplak kantatzera ateratzen hasi zen, eta azkenrako Bizkaiko Abesbatzen Astean gizonen abesbatza zuzendu zuen 1998an urtean.