APR. 26 2025 - 00:00h Herri memoriari leiho digital bat eman dio talde batek: Berriatuko Herri Ondarea ‘Berriatuko Herri Ondarea’ internet ataria estreinatu berri dute Artibaiko ertzetako udalerrian. Goikolau elkartean bildutako herritar talde batek garatu du izaera kolektiboko proiektua, ondare materiala eta immateriala jasoz, digitalizatu eta bistaratuz. This browser does not support the video element. Nerea Goti Gerra garaiko argazki historikoak, herriko ekitaldien irudi zaharrak, taldeak, herritarrei egindako elkarrizketen bideoak, ohituren irudiak eta azalpenak, olak, kortak eta kortarriak, errotak, objektuak, herriko andrabideak, serorak eta serotetxeak... Berriatuan sortu berri duten herri ondareari buruzko plataforma digitalean eskuragarri jarri dituzten elementuetako batzuk baino ez dira. Zaila da deskribatzea herriko ondarearen atari digital horretan aurki daitekeen informazioa, anitza eta zabala baita. Herritar talde batek landu du proiektua, ondarea zentzu zabalenean ulertuta. Arreta zaharrenen ahozko transmisioan geratuko liratekeen kontakizun horietan jarri dute, herri baten memorian galtzen lehenak izaten diren horiek azaleratuz. Ikusezina den ondarean jarri dute fokua, eta Internetera eraman dute, hura bistaratu eta garai batean sutondoaren epelean egiten zen ezagutzaren transmisioari jarraipena emateko. Bilatzailean ondarea.berriatua.eus idatzita begi aurrean agertzen diren atalak zabalduz, Goikolau kobako nekropolian aurkitutako duela 4.000 urte baino gehiagoko lepoa ikus daiteke, eta haren inguruan bildutako informazioa; berdin Pertikako kortako kortarria, auzoak, agiriak, pertsonak... Agertoki zabal horretan, iragana eta oraina uztartzen dira, historia eta istorioak, tokiak, errituak eta tradizioa, besteak beste. Ataria bisitatzea baino ez dago begi aurrean zabaltzen den altxorraren neurriaz jabetzeko. Goikolau kultur elkartea dago lan horren atzean, eta komunitatean erro sendoak dituen proiektua garatu du, herritarren ondoan eta haiengandik jasotakoa herritarrekin partekatuz. Denboran urte batzuk atzera joan beharko ginateke egindako itzelezko lana ulertzeko. Arreta ematen du Berriatua bezalako udalerri txiki batean -1.200 biztanle ingururekin- herritar talde batek egindako lan mardulak. 2012. urtera jauzi egin behar da elkartearen sorrerara joateko. «Ondarea jaso, gorde eta transmititzeko» helburuz jaioa, urte horretan eratu zen elkartea, baina kontatzen dutenetik tiraka ulertzen da ordurako jada bidearen zati bat egina zutela. Ondarearekin sentsibilizatuta zegoen lagun talde bat hasi zen lehendabiziko urrats horiek egiten, poltsan pilatutako «altxorrak» bistaratzen. Iñigo Manzisidor elkarteko lehendakaria, Jose Luis Basterretxea eta Lurdes Idoeta taldeko kideak bildu dira GAUR8rekin Berriatuan, udaletxe aurrean, probarrien ondoan. Orain arteko lanaren emaitza den hain bilduma zabala ikusita, Goikolaurentzat ondare hitzak zer biltzen galdetu dugu. «Guretzat herri ondarea herria bera da. Azkenean, herrian dauden gauza guztiak, herriko historia, herriko jendea, pertsonak... Ikuspegi zabala daukagu eta hori guztia jasotzen saiatzen gara», erantzun du Manzisidorrek. Bere bizipenenetatik erantzun du Basterretxeak. Dioenez, «Udaletxean konturatzen» zara «herria martxan dagoela, elkarteak, musika eskola, elizako abesbatza, frontoia, pilota mundua, futbola, txirrindulari elkartea... dena martxan dagoela», eta horren ondoan, denborarekin eraldatzen joan diren eta izaera kolektiboa duten azpiegiturak, ohitura galduak... eta hain ezagunak ez diren iraganeko gauza bitxiak ere badaudela gaineratu du. Ezagutza hori herrian bertan dago, edozein tokitara begiratuta, baina norbaitek erakutsi behar du begi aurrean dagoen horren esanahia, testuingurua eman eta ezagutza hori azaleratu, betidanik ezagututako landa berde horretan urte asko atzerago norbaitek ur biltegia egin eta ur kanalizazioa eginda ura herrira eraman zuela jakiteko, eta etorri ziren aldaketak.... «Hori da gure ondarea, guk egin duguna» dio berriatuarrak. POLTSA BETE ONDARE-ALTXOR «Bageunden kide batzuk sentsibilizazio hori egin nahi genuenak. Berriatun altxor asko daukagu, eta horiek jaso eta bistaratu nahi genituen. Hasi ginen apur bat gauzak jasotzen eta aurretik gordeta genuen dokumentuak aztertzen, digitalizatzen, informazioa bilatzen, eta gero urtez urte ekintza batzuk sortzen, eta apurka-apurka joan zitzaigun poltsa handi bat egiten. Ikusi genuen garaia zela ondare hori jendeari zabaltzeko eta helarazteko». Eta zein da Berriatuaren ondarea? Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, oso aberatsa da pilatzen joan den memoria, ohiko elementuetatik haratago doana, materiala eta immaterial. «Berriatuak paisaia bat dauka, bide sare oso bat, kilometro askokoa, errege bideak, andrabideak -andreen bideak izaten zirenak, baserritik edo etxetik elizarako eta elizatik kanposanturako- iturriak, garbilekuak, errotak, olak... Hori gure ondarea da, guk egin duguna da», nabarmendu du Basterretxeak. Izaera kolektiboko proiektua da, eta hasieratik «herritarren ondoan» forma hartzen joan den lan bat marraztu dute. Manzisidorrek azaldu du «jardunaldi potenteak» egin zituztela «herrira begira», eta milaka urte atzera eginez, herrian dauden hiru kobazuloetan gordetako ondareari eskainitako deialdi hura kokatu du proiektuaren abiapuntu gisa. «Hortik hasi ginen apur bat ondarea jasotzen. Aurretik ere bageneukan dokumentu asko jasota, argazki zaharrak, antzinako ohiturak,... eta apur bat gauzak jasotzen hasi, biltzen joan, eta urtero egutegi bat diseinatu edo eratu genuen, ohitura batzuk mantentzeko, adibidez Santaeskea, San Juan sua, Berritxu Saria bertsolari gazteen lehiaketa, Ondarearen Europako jardunaldiak... Hori guztia Goikolautik antolatzen zen». 2012an sortu zuten elkartea, tokiko ondarea jaso, aztertu, gorde, balioa eman eta herritarren eskuetan jartzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Erroak Loran da elkartearen lanaren beste erakusle bat. Herrian jardunean dauden taldeei eskainitako jaialdia da, haien guztien lana bistaratu eta aitortzera zuzendua. «Bitxia da, baina ondarea jasotzen gabiltzan heinean ikusten dugu gu ere janzten gabiltzala» dio Manzisidorrek. Gaineratzen duenez, «informazio asko ez genekien edo ez genituen herriko leku batzuk ezagutzen, eta ikusten ari gara behin ezagututa jendeak ere beste balio bat ematen diola horri». «Kanpotik begiratuta, lan itzela egiten ari zela ikusten genuen, zeren ondare hori ez zen asko betiko geldituko. Urteetan egindako ahalegina kontuan hartzekoa da, bai dokumentazio bidezkoa, bai gure aurrekoei elkarrizketak eginez... eta hori dena gorde egin da, ezagutzera eman da, eta azkenean emaitza hau [atari digitala] etorri da, erditze moduko hau, esango dugu», gaineratu du Idoatek. KOFRADIAK, KANPAI DEIAK... Adibide gisa ermandadeek zuten papera aipa daiteke, kofradiek egiten zuten kudeaketa, kanpai deiak, ermitak, erritualak edota Berriatuak dituen baso kortak aipatu ditu Basterretxeak. «Mendietan ganadua gordetzeko egiten zen biribil bat. Berriatuan horrelako 27 daude eta denak dira korta handiak, 21 hektareakoak, biribil perfektuak. Erdian austarria, han sua egite zen eta artzainak zaintzen edo hazten zituen behiak eta txerria, ardiak sekula ez, ez hemen ezta Nafarroan ere, behiak eta txariak, unaiak», azaldu du. Gainera, ez da informazio bilketa lan soila izan, ikerlana ere eskatu du hainbatetan. Alberto Santana, Guillermo Ruiz de Erentxun edota Juan Mari Totorika aipatu dituzte laguntzaileen artean, eta Interneteko ataria ontzeko, dokumentazio aholkularitza bat izan dute ondoan, artxiboa antolatu, datu base bat sortu eta publikagarriak izan diren grabazioak eta materiala sartzeko. «Datu basea Laratza da, eta ataria, Berriatuko Herri Ondarea. Lotuta daude biak, eta hemendik aurrera, gainera, herritarrek izango dute aukera hainbat elementu, informazio eta ondareari lotutako zernahi ikusteko. Asmoa da taldeak ere sartzea, hauen lana ere bistan jartzeko eta elkarren berri hobeto izateko», zehaztu du. Grabazio asko egin dituzte, elkarrizketak, hitzaldiak, topaketak, dokumentalak, adituak ekarri... Ustez karobia zena aurkitu, auzolanean garbitu, eta azkenean ola zela, burdinola... Burdinolei buruzko hitzaldia antolatu, umeak hartu eta auzoz auzo ibilaldiak egin, herriko baserri guztietara joan... Horri guztiari egitura eman behar zitzaion. Lan horretan ibili da Nerea Erkiaga. Parte hartze prozesuetan aritua, azaldu du elkartearen funtzionamendua ulertzetik hasten dela lana, «zer jaso duten, zer jasotzeko asmoa duten... eta hori egitura batera ekarriz, parte hartze dinamika eta jasotako guztiari antolaketa eman ziola esan du. «Horri guztiari egitura eman behar zitzaion, artxiboa antolatu, artxibo digitala, eta denek ulertzeko moduko antolaketa bat eman. Udalarekin sinatutako hitzarmena aipatu du, horren bidez udala arduratuko baita bildutakoa gordetzeaz, baita elkartearen lana geldituko balitz ere. Ondarea zentzu zabalean ulertuta, lekuak, bideak, tradizioak, ohiturak... joan dira jasotzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Egitasmoa bideratzeko, Udala ere dute ondoan,. Lankidetza hitzarmena adostu dute, «erakunde bakoitzak ondare mailan egiten duen ekarpena aitortuz eta Internet plataforma berria herri ondarea katalogatu eta ezagutarazteko tresna amankomuna izan dadin». Izan ere, Udalak bildutako informazioa eta dokumentazioa jaso da webgunean, eta Goikolau Kultur Elkarteak egin asmo duen lana babesteko konpromisoa hartu du. Ildo horretatik, memoriak komunitatearentzat duen garrantzia azpimarratu du Joseba Goienola alkateak, eta Goikolauk egin duen lana goraipatu du. Bere hitzetan, «garai berrietara egokitzen dakien herria izaten jarraitu nahi du» Berriatuak, «eta aldi berean, aurrekoek egindakoari begirunez begiratzen diona». Horretarako tresna ere bada atari berria. Berriatuko eta Boiseko hotelaren istorioa Alberto Santana historialariarengana jo dugu Berriatukoa bezalako proiektuaren proiekzioa ulertzeko. Izan ere, askotan izan dute Goikolaukoek ondoan historiagile bizkaitarra, hainbat elementuren inguruko ezagutza osatzeko. Euskaltzaindiaren egoitzan egindako Internet atariaren aurkezpenean hartu zuen parte Santanak, eta GAUR8ri kontatu zionez, «behatzaile parte hartzaile» baten ikuspuntua da berea, nolabaiteko distantziatik begiratzen duena. Bere ikuspuntua eman du haiek egunero ikusten duten ondare horren balioa azalduz eta ikuspegi konparatibo bat emanez. «Haiek bazekiten, noski, basakortak zituztela, baina testuinguruan jarrita, Euskal Herriko paisaiaren funtsezko elementuak dira. Bazekiten baserri zaharrak zituztela, baina ez zioten erreparatu habe batean agertzen den txakurrari, eta ez zekiten hura Bizkai osoko txakur bakarra zenik. Elementu bakoitza baliotsua da berez. Goikolau elkarteak egin duena landa-lana da, pertsonekin eta herriko elkarteekin harreman zuzena duten elementuak biltzeko. Ez zekiten zenbateko balioa zuten, kanpora proiektatuta ikusi arte», azaldu du. Historiagile batentzat luze hitz egiteko ondarea du Berriatuak. Arreta ematen duten elementuez, aipatu du Santanak «oso kasu bereziak» dituela: «Etxe Pintxoak dituen margoak XVIII. mendekoak dira. Gaur egun kasu bakarra da, bazegoen besteren bat Gernikan eta txikiago beste batzuk, baina Euskal Herriaren historia osoan ez dago istorioak grafikoki hain ondo kontatzen dituen etxerik, oso-oso berezia da». «Arantzibiako dorretxea jauntxoen, ahaide nagusien eta bestelakoen, haraneko jendearen, burdinaren erakarpenaren eta abarren hondar-arkitekturaren erakusgarririk onena da, eta duen basakorten bilduma aparta da. Atlantikoko Euskal Herrian 40.000 inguru izan ziren, eta kasu askotan udalerriak sortu baino lehenagokoak dira», gehitu du adituak. Boiseren anekdota ere partekatu zuen GAUR8rekin. Bertan museo bat dago, zaharberritutako euskal hotel bat duena eta “Berritxu” izenez ezagutzen zuten pertsona bati alokatzen ohi zioten gela bat. Berba asko egiten zuelako zela pentsatzen zuten, baina Santanak dioenez, Berriatukoa zen. Anekdota horren harira, migrazio kateak eta Estatu Batuetan izandako loturak aipatu zituen, baita Lekoia baserria, «Euskal Herriko baserri ederrenetako bat», eta Perun aberastu zen Gregorio de Ibarra “Perulero”-ren historia..., eta lotuta historia zabala duten adibide mordo bat, minutu bakar batzuetako elkarrizketa.