Saharako errefuxiatu kanpalekuetatik Euskal Herrira, haize freskoaren miran
Uraren freskoa bizkarrean, hondar arrastoak oinetan, izozkiaren gozoa ezpainetan. Udak forma jakina hartu ohi du haurraren gorputzean. Saharako errefuxiatu kanpalekuetako 50 graduek lausotu egiten dute hori guztia. Aurten ere etorri dira bertatik Euskal Herrira, oporrak bakean pasatzera.

Iraitz Lizarraga Gomezentzat lehen urtea da. Lehen urtea Saharako haur bat etxean hartu duena, bederatzi urteko Omari Hmatu Husein. Zizurkildik ari da Euskal Herria deskubritzen. «Aurten pentsatu nuen Saharako haur bat hartzea. Jende askok esan dit ‘aspalditik daukat buruan nik ere...’. Bada, nik ez, aurten pentsatu eta egin. Normalean horrela hartzen ditut nik erabakiak». Bidaia bizia izaten ari da Omari eta Iraitz elkarrekin egiten ari direna. Elkar ulertu nahian denbora dezente joaten zaie. «Emozionalki oso indartsua izaten ari da. Finean, Omari bere etxetik kanpo dagoen bederatzi urteko mutiko bat da, hizkuntza ez du kontrolatzen, ohitura eta kultura erabat berriak dira beretzat, bere etxeko ereduak ez dauka zerikusirik nire etxeko ereduarekin... Era berean, konturatzen naiz sekulako gaitasuna duela egoera berrira moldatzeko. Amaren falta sumatzen du, baina aldi berean gaitasuna dauka ondo pasatzeko, lagunekin jolasean ibiltzeko, uneaz gozatzeko...».
Iritsi zen egunean aztoratuta zegoen Omari, haserre antzera. Etxera bidean, Villabonako plazan Saharako emakume talde bat ikusi zuen. «Zuzenean joan zen haiengana eta hizketan eta hizketan hasi zen. Bera lasaitu egin zen, baita ni ere. Emakume haiek esan zidaten lasai egoteko, mutikoak esan ziela oso pozik zegoela hemen». Emakume haietako batek, Fatimak, segidan eman zion bere telefono zenbakia, edozer behar zuela ere. Eta hurrengo egunean deitu egin zion Lizarragari, Omari nola zegoen jakiteko. Omarik beste bost anai-arreba dauzka, bera laugarrena da.
Badute beste kontaktu bat edozein unetan laguntza eskatzeko. Salem izena du, sahararra da eta hezitzaile eta itzultzaile lanak egiten ditu Oporrak Bakean programan. Maiz hizkuntza traba izaten da eta eskertzen dute Salemen laguntza. «Guretzat lasaigarria da. Niretzat lehen bi egunetan salbazioa izan zen Salem izatea, ezin genuelako elkar ulertu Omarik eta biok. Haurrentzat ere lasaigarria da, batzuetan zerbait esan nahi digute eta ezin ulertu ibiltzen gara. Horrelakoetan Salemek laguntzen digu», kontatu du Lizarragak.
Omariren auzokoa da Hamdi Embarec Hamda. Dajla kanpalekuko umeak dira biak, auzoko lagunak. Hamdi Anoetara etorri da, Alazne Ruiz Luluaga eta Egoitz Luisa Urkolaren etxera. Bertan bizi dira Euri, Matixa eta Ximun ere. Etxean bat gehiago da Hamdi aste hauetan. Baina etxekoa lehendik ere bazen. 2016-2019 urteen bitartean, lau aldiz segidan etorri zen Anoetara Nurdin, Hamdiren anaia nagusia. «Guk Nurdin hartu genuen lehen aldiz 2016an, bikote modura, artean gure seme-alabak jaio gabe zeudela. Askotan esaten dugu gure lehen semea izan zela. Orain Hamdi etorri da eta etxeko beste umeen artean moldatu behar du, bat gehiago da», hasi da azaltzen Alazne Ruiz. Hamdiren etxean lau anai-arreba dira. Bera, hirugarrena. «Nurdinen ondorengo arrebak etorri nahi zuen, baina pandemiagatik ezin izan zen. Hamdiren ondoren beste neska txiki bat dute etxean. Hura desiratzen dago etortzeko», azaldu du Egoitz Luisak.
Zergatik hartu harreran Saharako haur errefuxiatu bat? «Nik zalantzak neuzkan, haurrentzat ona ote zen edo ez... baina lehen bilerara joan eta kanpalekuetan 50 gradura daudela entzun nuenean, pentsatu nuen ‘etor daitezela hona, joango gara igerilekura eta hondartzara’. Informazioa jaso nuen eta erabakia hartu. Aste hauek behintzat freskoago pasa ditzala, ondo jan, mediku azterketak egin, haize pixka bat hartu... », esan du Lizarragak.
«Gure kasuan beti entzuten genuen Euskal Herriak, bere askatasun nahi horretan, bazituela herrialde senideak eta Mendebaldeko Sahara horietako bat zela, gatazka bat bizi duen neurrian. Alazne eta biok bagenuen interes bat Euskal Herriarekiko gertukoak diren herri horiekin eta elkartasun internazionalistak dezente erakartzen gintuen. Egia da guk ere gure dilemak izan genituela; haur horiek handik hona ekarrita mesede egingo ote diegu, ez ote dizkiegu hemengo ohitura txarrak erakutsiko, errefuxiatu kanpaleku batean miserian bizi direnei zer transmitituko diegu... bagenuen kezka zer nolako ekarpena egingo genien haur horiei. Ez ote genituen haien herritik kanpora begira jarriko, handik kanpo mundua politagoa balitz bezala. Zalantza askoren ondoren, erabaki genuen gure ekarpena egin genezakeela eta laguntza eskaini», gaineratu du Egoitz Luisak.
Nurdin 2016an etorri zen lehen aldiz Anoetara. Lau urtez segidan udak Alazne Ruizekin eta Egoitz Luisarekin pasatu zituen. Etxeko bihurtu zen, baita Nurdinen familia ere. Geroztik lotura estua dute. «Harreman berezia daukagu familia horrekin. Batzuetan pentsatu izan dugu beste familia bateko haurren bat hartzeko aukera, baina familia horrekin daukagun lotura ez dugu galdu nahi. Arropa bidaltzen diegu, tarteka janari erosketa handi bat... beraiek gurekin kontatzen dute», azaldu du Ruizek.
«Errefuxiatuen kanpalekuetara joan ginenean, ikusi genuen hemen bezala han ere egoera desberdinak daudela familien artean. Nurdinen familia ez zegoen egoera onean, amak eta ahizpak ez zuten ondoan gizonezkorik, etxera dirua ekarriko zuenik, eta egoera zaurgarrian zeuden. Guk urtean zehar Sahararen aldeko kanpaina guztietan parte hartzen dugu, baina gure familia honekin badugu tratu berezi bat eta saiatzen gara ahal den neurrian laguntzen», esan du Luisak.
Iraitz Lizarraga ari da pixkanaka Omariren familiarekin harremana josten, baina ez da oso erraza izaten ari. «Bideodeiren bat egin dugu, baina asko kostatzen zaigu elkar ulertzea. Omarik amarekin hitz egiten du, beharra dauka. Nire inguruko lagunek arropa pila bat eman zidaten Omarirentzat. Hantxe neukan etxean, ez baineukan garbi zer neurritakoa beharko zuen. Etorri zenean eta esan nionean arropa hori beretzat zela, harrituta geratu zen, oso pozik. Ni konturatu gabe mugikorra hartu, arropari argazkia atera eta amari bidali zion. Jatekoarekin ere asko gozatzen du. Izugarri jaten du. Atzo erosketak egitera joan eta txokolate tableta handi-handiak ikusi zituen eta harrituta geratu zen. Hondartzan ere asko gozatu zuen», dio Lizarragak.
Hamdiri bizikleta da oraingoz gehien gustatu zaiona. «Bere anaia Nurdin bederatzi urterekin etorri zen eta Hamdik 13 dauzka. Desberdintasuna sumatzen da, Hamdik lasaiago hartzen du dena. Gainera, anaiak kontatuta, gauza asko badakizki. Nurdinek argazki album handi bat eraman zuen hemendik etxera eta seguru askotan ikusi dutela. Horrez gain, gaur egun sareak eskurago dituzte eta badakite hemen nola den bizitza gutxi edo gehiago. Adibidez, igogailuak arreta eman zion Hamdiri etorri zen lehen egunean».
Tindufeko kanpalekuetan uda sasoian egiten duen bero latzetik ihes egiteko bide bat da Oporrak Bakean programa. Era berean, haur sahararren osasuna zaintzeko aukera bat ere bada. Hartara, mediku azterketak egiten dizkiete haur guztiei, osasunez nola dauden ikusteko. Pisua, altuera, bista, entzumena, odol analisiak, dentista... «Normalean osasuntsu egoten dira. Hamdiren kasuan, hortzetan arazo batzuk ditu eta dentistarenean gabiltza. Oinarrizko tratamendua egiten saiatuko gara, udan ez baita erraza izaten kontsultak lotzea. Normalean hortzetako arazoengatik ez da luzatzen egonaldia. Bestelako osasun arazo larriago batzuen ondorioz luzatu izan dira haurren egonaldiak», azaldu du Ruizek.
IGERIKETA IKASTAROA
Tolosako kiroldegian igeriketa ikastaroa egiten ari dira Omari eta Hamdi, eskualdean dauden Saharako gainerako haurrekin batera. Handik etorri dira elkarrizketara bi familiak. «Garrantzitsua da igeri ikastea. Normalean, ez diote ezeri beldurrik, oso haur biziak eta ausartak dira», azaldu du Ruizek.
Abuztuan oporretan joango dira familian Hamdi eta Omari, bakoitza Euskal Herriko bere familiarekin. «Gure seme-alabek oso pozik jaso dute Hamdi. Etxean asko bizi dugu Saharako herriaren errealitatea eta oso presente daukagu. Maiz hitz egiten dugu Saharako familiaz, argazkiak ditugu etxean, bideodeiak egiten ditugu urtean zehar... », kontatu du Luisak.
Saharako haurrak omen dira bere herriko enbaxadore onenak. «Haurrek presente daukate beren herriaren errealitatea. Horrez gain, hemen gure herrietan haur horiek ikustean Saharak bizi duen errealitateaz akordatzen gara berriro», esan du Ruizek. «Nurdin etorri zenean, mendira joan eta hemen belar asko dagoela esaten genion, ez Saharan bezala. Eta bere erantzuna izaten zen ‘Sahara-Saharan belar asko’. Eta hondartzara joan eta itsasoa ikustean, ‘Sahara-Saharan hondartza handi-handiak’ esaten zuen. Hasieran ez genion ulertzen, baina gero ulertu genuen zer esan nahi zuen: Mendebaldeko Sahara, Marokok okupatu zuen lurra zeukan buruan, hori ari zen deskribatzen ‘Sahara-Sahara’ esaten zuenean, benetako Sahara beretzat. Kanpalekuetan egon ginenean, Saharako hondar pixka bat hartuko genuela esan eta, Nurdinen amonak ‘hau ez da Sahara, hau Aljeria da’ esan zigun». Jaiotzerako existitzen zen gatazka baten gainean hazi dira Saharako haur errefuxiatuak, baina presente daukate beren herriak bizi duen zapalkuntza.
SAHARA, LEHEN LERRORA
Haur errefuxiatu sahararrak harreran hartzeko ekimenak ia lau hamarkada osatu ditu. Harrera familia batzuek gurasoak hartu zituzten lehendabizi eta haien seme-alabak, ondoren. Bilobak hartu behar ez izatea da erronka. «Guk beti esaten dugu aurtengoa azken Oporrak Bakean programa izatea nahi genukeela. Saharako herriak bere lurrak berreskuratu eta joango gara gu oporretara Mendebaldeko Saharara. Baina ez dadila haurren beharrengatik izan, gozamenez baizik».
“Gure haurrak era badira”, gogorarazten du Palestinaren aldeko ekimenak. Saharakoak ere badira gure haurrak, baina mende erdia errefuxiatuta daraman herriaren errealitateak lehen lerroa galdu ote duen, hori da susmoa. «Kanpalekuak egonleku bihurtzearen beldurra badute sahararrek. Argindarra iritsi da, hozkailuak dituzte, haize egokitua... baten batek pentsa dezake ez daudela hain gaizki. Eta egoera hori normalizatzea arriskutsua da», iritzi dio Ruizek.
Udan gure herrietan Saharako haurrak plazan jolasean ikustea akuilu izan daiteke kontzientziak astintzeko, haur horiek errefuxiatuak direla gogorarazteko. «Gero urtean zehar Sahararen alde antolatzen diren ekimenetan parte hartzen dute herritar askok, dagoeneko aurpegia jartzen diotelako bertako haurren errealitateari, udan ezagutu dituztelako. Ikusgarritasuna ematen die Saharako haurrei, hezur-haragizkoak direlako, ez pareta batean jarritako kartel bat bakarrik. Kezkagarria da gaur egun, egunero sekulako albisteak dauden mundu globalizatu honetan, nola ari garen ahazten gugandik ez hain urrun errefuxiatuen kanpaleku izugarri bat dagoela. Eta ez dirudi konpontzeko gai garenik. 50 urte daramate egoera horretan, badituzte Nazio Batuen Erakundearen aldeko sententziak, badituzte arrazoia ematen dieten araubideak eta legeak, baina ez dira gauzatzen, haien egoera ez da konpontzen. Etsipena hor dago», nabarmendu du Luisak.
Haurrak haur dira munduko bazter guztietan. Berezkoa dute pozik bizitzeko jarrera. «Saharako haurrak ez dira oharkabean pasatzen herriko plazetan. Oso alaiak dira, kalea asko gustatzen zaie, jolasteko gogoz daude beti...», esan du Ruizek. Uda bukatuta etxera bueltatuko dira, errefuxiatuen kanpalekura. «Pentsa nora bueltatu behar duten, baina garbi daukate bueltatu egin nahi dutela, hura dela beren etxea. Hemen denetik dute, oso ondo pasatzen dute, baina hangoak dira eta hara bueltatu nahi dute. Sentimendu hori oso barruan daukate», jarraitu du.
«Omarik ere oso presente dauka Sahara. Bere obsesioa da hemengo gauza denak Saharara eramatea, eta bera ere hara bueltatzea, noski. Pozik dago hemen, baina egutegian apuntatzen ditu bueltatzeko falta zaizkion egunak».
Azkena izan dadila. «Jarrai dezagula proiektu honekin, herri aske bateko haurrak beste herri aske bateko haurrekin elkartzen, baina ez dadila izan errefuxiatu kanpalekuen baldintza kaskarrek bultzatuta», amaitu du Egoitz Luisak. Bueltatu daitezela Sahara-Saharara.
«Gure ametsa Mendebaldeko Sahara libre hori da. Bitartean, errefuxiatuen ondoan egongo gara»
Oporrak Bakean programako arduradunetako bat da Eli Eizagirre. Aurten hasiera korapilatsua izan du harrera programak, haurrak 17 egun beranduago iritsi baitira. «Uste genuen dena ondo zegoela, baina egun gutxiren faltan, esan ziguten Estatu espainolera etorri behar zuten haurren hainbat pasaporte kolektibo egin gabe zeudela eta horrek esan nahi zuela hegazkin guztiak bertan behera geratzen hasiko zirela, gureak barne. Hegazkin bidaia guztiak berriz programatu behar izan ziren eta, ondorioz, haurrak 17 egun beranduago iritsi dira», azaldu du Eizagirrek. Paper kontuak. Hain justu, horiek sortzen diete buruko min gehien.
«Oporrak Bakean programaren zailtasun handiena paper kontuak dira. Batzuetan ematen du haurrak bi hilabetez harreran hartzea eta horretarako familiak topatzea dela lanik zailena, baina benetan zailak pauso burokratikoak dira. Erakunde asko daude tartean: hemen, aldundiak, espainiar Ordezkariordetza, Osakidetza... eta, han, Fronte Polisarioaren eskutik, Aljeriako enbaxada, Aljeriako Kanpo Ministerioa, Espainiak bertan duen enbaxada... paper mordoa egin behar da. Ikusten ez diren lanak dira, baina urte osoko lana da guretzat, programako arduradunontzat. Ez da erraza harrera familiei hori guztia azaltzea, eta are zailagoa da han zain dauden haur sahararrei azaltzea zergatik oraindik ezin duten hegazkina hartu. Prozesua oso zaila da», jarraitu du azalpena.
Abuztuaren 27-28an agurtuko dituzte haurrak. «Bizpahiru eguneko atseden mentala hartu eta aurtengo balorazioak egiten hasiko gara; hemengo familienak, hango familienak, haurrenak... Herrialde mailako balorazioak ere egiten ditugu. Hortik aurrera, urriaren hasieran datorren urteko kanpaina prestatzen hasiko gara. Berriro martxan».
Aurten 311 neska-mutiko etorri dira Hego Euskal Herrira, 10 eta 12 urte artekoak gehienak. Badaude salbuespenak, behar jakinengatik gaztexeagoak edo zaharxeagoak ere etortzen dira, baina gehien-gehienak 10-12 urte bitartekoak dira eta programaren helburua da hiru urtez segidan etortzea Euskal Herrira uda pasatzera. «Berez Oporrak Bakean programa 8-12 urte bitarteko haurrentzat pentsatua dago. Pandemiaren ondoren, oso ondo hasi zen funtzionatzen zortzi urteko haurrekin. Baina arazoa da ez dagoela harrera familia nahikorik eta adina mugatu behar izan da».
Estatu espainoleko datuak esanguratsuak dira. Duela 15 urte 10.000 haur hartzen ziren harreran errefuxiatu kanpalekuetatik; bat-batean 8.000 haurrera jaitsi zen kopurua eta, aurten, 3.000 eskas iritsi dira. «Haurrak badaude, harrera familiak falta dira».
Harrera familiak ez dira aukera bakarra. Aterpetxeetan ere hartzen dituzte Saharako haurrak. «Berez Oporrak Bakean programa aterpetxeetan hasi zen Euskal Herrian. Lehen aldiz Donostiara eta Gasteizera etorri ziren haurrak 1986an. 1986-1994 urte bitartean, soilik aterpetxeetan egoten ziren haurrak. 1994-1995 urteetatik aurrera hasi zen harrera familien kontzeptua zabaltzen. Familiak aterpetxe horietara bisitan joaten ziren, haurrak ezagutzen zituzten, haiekin planak egiten zituzten... Urte haietan harrera familia asko sortu ziren Euskal Herrian, oso mugimendu indartsua izan zen. 2008-2009 urte inguruan berriz aterpetxeak antolatzen hasi behar izan genuen, harrera familiak gutxitu zirelako».
Harrera familiak edo aterpetxeak? «Ez dakit esaten, aukera desberdinak dira. Ni oso aterpetxe-zalea naiz. Neroni begirale izan naiz hamar urtean aterpetxe horietan eta orain harrera familia naiz. Bi aukerak oso baliagarriak eta lagungarriak dira. Harrera familiak behar ditugu, urtez urte gutxiago ditugulako. Era berean, harrera familien bidez Oporrak Bakean programak daukan helburu garrantzitsuenetako bat betetzen da: Saharako herriaren egoera ezagutzera ematea. Harrera familiek Saharako herriaren egoera ezagutzen dute eta, era berean, beren inguruko sarean zabaltzen dute informazioa. Eta programaren helburu nagusietakoa hori da; haurrak berotik babestera datoz, medikuarenetik pasatzera, ondo elikatzera... baina era berean haurrak bidelagunak topatzera ere badatoz. Aurten 50 urte beteko dira errefuxiatu direla eta erraz esaten da. Oporrak Bakean horretarako ere sortu zen, saharar herriaren berri munduari zabaltzeko», azaldu du Eizagirrek.
Aterpetxeak helburu horiek ere betetzen ditu, baina baditu beste tasun batzuk. «Haurrak taldean mugitzen dira eta horrek ikusgarritasun handia ematen die. Aurten Zerainen jarri da martxan proiektua lehen aldiz eta Zeraingo herria erabat Saharako herriarekin bat eginda dago. Bizikidetza izugarri ederra izaten ari da eta zeraindarrek asko laguntzen diete».
Haurren ikuspegitik ere badira desberdintasunak harrera familian egon edo aterpetxean egon. «Taldean daude eta hizkuntzarekin ez dute arazorik elkar ulertzeko. Hasieran ezezagunak izan arren, lagunartea sortzen dute segituan. Familietan dauden haurrek euskara eta gaztelera errazago ikasten dituzte. Aterpetxean daudenek beste balio batzuk jasoko dituzte; adibidez, neskek eta mutilek elkarrekin jolas dezaketela, elkarrekin bazkaldu, eta elkarrekin bizi daitezkeela. Beren kulturan oso desberdina da hori».
Oinarrizko osasun frogak egiten zaizkie haurrei. «Kasu batzuetan betaurrekoak behar dituztela konturatuko gara, beste batzuetan belarrietako tapoiak kendu... kasu oso berezietan osasun arazo larrixeagoak ere deskubritu izan dira. Horretara ere etorri dira, artatu eta gaixotasun horiek sendatzeko bidean jartzera. Osasun egoera onean iristen dira. Askok anemia izaten dute, baina lauzpabost otordu on janda, desagertu egiten da. Pisuz eta tamainaz askoz txikiagoak etortzen dira, baina normalean hiruzpalau kilo gehiagorekin bueltatzen dira. Uda kanpalekuetatik kanpo pasatzeak berak osasuna ematen die. Urarekin jolasean aritzea, ur gehiago edan ahal izatea, elikadura hobea izatea, osasun arazo txikiak sendatzea... denek irabazten dute osasunean».
Igeriketa ikastaroak, piraguan ibiltzea, itsasoan hainbat ekintza... haur sahararrek ondo pasatzen dute eta euskal herritarrek ikusi egiten dituzte haur horiek, herri baten bizipoza eta mina begien aurrean. «Bihotzez desio dudan eta sinisten dudan gauza bat nabarmendu nahi nuke: aurten azken urtea izan dadila. Gure ametsa da datorren udarari begira, beraiekin batera Mendebaldeko Saharako hondartzetan piraguan ibiltzea, igeri egitea, itsasoan gozatzea... gure ametsa da Mendebaldeko Sahara libre hori ezagutzea eta gozatzea. Bitartean, haien ondoan egongo gara. Errefuxiatuak diren bitartean eta kanpoko laguntza behar duten bitartean, beraien ondoan jarraituko dugu. Ahalik eta harrera familia gehien lortzen saiatuko gara, ahalik eta haur gehienei kanpalekuetatik ateratzeko aukera emateko».
Harrera familia izateko baldintzak: gogoa eta denbora izatea (oporrakbakean.eus).