APR. 26 2025 - 00:00h Inurritegia Etxera iritsi orduko atsedena eskatzen dit gorputzak, manta goxo bat eta pantaila bat. (Evgeniy SHKOLENKO | GETTY IMAGES) Beñat GAZTELUMENDI Bakarra azaldu zen lehendabizi; hamabosgarren mende bukaerako kolonizatzaile baten gisa, puntu bat ozeanoan, inurri beltz bat baldosa grisen gainean. Etxeko zapatila jaso nuen hasieran, «lehertuko haut» esan nahiko banio bezala, «hi ez haiz hemengoa, hau nire etxea duk, nire arauak, nire hizkuntza; nik ez diat sartzeko baimenik eman». Baina errukitu egin nintzen, nire baitako ekologistak esan zidan ezetz, inurriak ere behar zituela munduak mundu izaten segi dezan. Bigarrena azaldu zen hurrengo egunean. Ustekabean iritsitako gonbidatu bat balitz bezala agurtu nuen. Lau hilabete ditu urteak, hogeitaka egun hilabeteak, hogeita lau ordu egunak, eta gudu zelai bat da horietako bakoitza. Etxera iritsi orduko atsedena eskatzen dit gorputzak, manta goxo bat eta pantaila bat, entzefalograma lautu bat eta pentsatu beharrik gabe begiak zeharkatzen dizkidaten irudiak. “The white lotus” eta “Adolescence” eta “Baby Reindeer” eta izenburuaz akordatzen ez naizen dozenaka telesail gehiago, pantailaz bestaldetik gazteleraz mintzo zaizkionak nire entzumen euskaltzale kontzientziatuari, nire Ahobizi txapari, nire intsumisio linguistikoari. Halaxe, pantailaren distirak hirugarren inurri bat argitu zidan joan zen astean. Leihoaren markora hurbildu nintzen, hainbeste inurrik habiaren bat derrigor behar zutela sumaturik. Eta halaxe agertu ziren laugarrena eta bosgarrena ere. Habiarik ez. Ez zela hainbesterako pentsatu nuen. Zer ziren bada zentimetro batera iristen ez ziren bost inurri dozenaka metro karratutan. Huskeria bat, anekdota bat. Gauean lorik hartu ezinda geratu nintzen, ordea. Azkura sumatu nuen belaun atzeetan, azkura bizkarraldean, azkura garondoan. Hazka aritu nintzen gogotik, azala gorritu arte igurtzi eta igurtzi. Baina, ezer ez. Azkura ez zen desagertzen, lekuz aldatu, horixe besterik ez. Hurrengo goizean, aurpegiko haitzulo sakonen barrunbeetatik begiratu eta hantxe aurkitu nituen zazpi, zortzi, bederatzi. «Eh, tú» esan nion bati, eta esan orduko azkurak erre zidan eztarria. Nor ote zen nire ahotsetik mintzo zen erdaldun hori. «Nekatuta hago» esanez baretu nahi izan nuen inurritegi bat bezain aztoratuta neukan kontzientzia. Eta arazoa horixe zela pentsatu nuen; nekea, eta nekatzen naizenean pantailaz bestaldetik erdaraz mintzo zaidan mundu distiratsu hori. Supermerkatuko apalategietan bila ibili eta soluzioak aurkitu ditut, ustez: pozoia espraian, eta silikona. Leiho ertzak bunker bateko hormen gisa blindatu ditut. Kitto, nire etxea, nire arauak. Lasai sartu naiz ohera. Baina eztarriko azkurak iratzarri nau berriro ere. Eta egongelan, telebistaren pantailatik ihesean dabiltzan inurrien hotsa aditu dut. •