Erika LAGOMA POMBAR

Ez gara soldata igoeraz ari

Antton Telleriak aipatzen zuen magisteritza eta bera ez zeudela ondo. Ingeniariek eta arkitektoek unibertsitatean gibela uzten dutela eta maisu-maistrena paseo bat dela gutxi gorabehera; irakastea ez dela lanbide bat, bizi estilo bat baizik, mantala erabiltzen duten superheroiak direla irakasleak; gometxak; Suediatik ekarritako sistema pedagogikoa, gelan utzi eta egin dezatela nahi dutena… Niri ere irriak eman zidan pantailaren aurrean, baina sarri asko egunerokoak tragediatik izaten du komediatik baino gehiago. Halaxe bukatzen da bakarrizketa umorezkoa: “Errespetu bat irakasleei, baina bi ere ez”.

Ez dakit errespetu bat, edo bi. Ezjakintasun orokorra bai, hiru edo lau. Gure seme-alaben errealitatetik ezagutzen dugu eskola, mosaiko osoan tokatu zaigun pieza txiki hori.

Sindikatuek mahai gainean jarri dituzten eskariak hauek dira: burokrazia gutxiagotu eta erraztu; ikasleen beharrei erantzuteko denbora gehiago; aniztasunari erantzuteko baliabideak; ratioak jaitsi; koordinatzeko orduak; formakuntza; instalazioen egokitzapena; ordezkoen lan-baldintzak hobetu; segregazioari erantzun; ikasleen euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko plana; interinitate tasa jaitsi; erosahalmena berreskuratu; erretiroa hartzeko baldintzak hobetu; mediku azterketak egiteko eskubidea; benetako beharrei erantzuteko inbertsioak egin.

Gela Egonkorreko hezitzailea da Peru. Bere ikasle askok ez daukate ahozko komunikaziorako gaitasunik. Gutxi batzuek oso mugatua, eta ez oso funtzionala. Lehen Hezkuntzako urteetan komunikazio alternatiboak sortu behar izaten zaizkie, ikasle bakoitzari berea. Horretarako, Entzumen eta Mintzamenerako irakasleen figura funtsezkoa da. Oso ratio altuak dituzte, itineranteak dira, tutoreekin, espezialistekin, familiekin koordinatu behar dira. Ezin dira komunikazio sistema alternatiboak sortu astean 30 minutuko bi saiotan.

Haur Hezkuntzako 4 urteko gelan ari da Miren, 58 urte ditu. Jaiotzetik minbizia duen ume bat hasi zaio eskolan irailean. Kimioaren ondorioz, ahul eta nekatuta egoten da. Besoetan eraman behar izaten du Mirenek. Elikagai solidoak jaten hasi berria da, eta botoi gastrikoa dauka jarrita. Mirenek 20 ume dauzka bere kargu. Aholkulariari ez zaio iruditu laguntza behar duenik.

Abendua da, eta Isabelek ikasle bati behar bereziak dituela antzeman dio. Hurrengo ikasturtera arte ez du laguntza espezifikorik jasoko ikasle horrek.

Mikelek 21 ikasle dauzka gelan. Tutorea da. Txekiatik etorri berri zaio ume bat. Euskal Herrian jaio zenez, ez dizkiote hizkuntza indartzeko orduak esleitu. Hezkuntza premia bereziko 3 ikasle ditu, hamaika saiotan jasotzen dituzte laguntzak, hamaika saio hirurentzat. Ikasteko zailtasunak dituzten beste 4 ikasle dauzka, astean bi saiotan izaten du beste irakasle baten laguntza. Jarrera arazoak dituzten beste 2 ere baditu. Programazioak berritu behar ditu, ikas-egoeren txantiloiak bete, buletinak berriztatu, jardueren plan pertsonalizatuak eta euren balorazioak idatzi, konpetentzietan ebaluatu, kalifikazioak jarri, gurasoekin batzarrak egin...

17 ikasle ditu Aiorak. 6k Hezkuntza Premia Bereziak dituzte, kasu gogorrak dira. Zazpi saiotan du laguntza, zazpi saio 5 haurrentzat. Horietako 1 Georgiatik etorri berria da eta ez du ezer ulertzen, garapenaren nahasmendu orokor larria dauka. Hiru orduz jasotzen du laguntza. Hezitzaile bat beharko luke une oro. Aiora bakarrik egoten da gelan askotan. Ume bakarraren lehen hizkuntza da euskara.

Ez dira zenbakiak. Gure haurrak dira. •