MAY. 03 2025 - 00:00h «The Pitt» eta medikuntza telesailen bilakaera Gutxik espero zuten medikuntzaren munduan girotzen den telesail batek, oraindik ere, publikoa harritzeko eta harrapatzeko gaitasuna izatea, baina berriki amaitu den «The Pitt»-ek lortu du: Max plataformako mundu mailako izenbururik ikusienetakoa izatearekin batera, laudorio ugari jaso ditu. Gaizka Izagirre HASTAPENAK Biziki interesgarria da telesail mota hauen garapena eta bilakaera aztertzea, aukera ematen duelako telebistaren bilakaera soziala, kulturala eta teknologikoa ulertzeko. Serie mota hauek 50-60ko hamarkadetan agertu ziren arren -"City Hospital" (1951) edota "Medic" (1954) bezalako saioekin-, estilo dokumentala zuten, eta ikuspuntu didaktikoa nagusitzen zen; beraz, telebistako fikziozko medikuntza-dramaren sorrera 60-70eko hamarkadan kokatzen da. 1956an, “Dr. Christian” iritsi zen, landatar sendagile atsegin eta maitagarriari buruzkoa. Istorioa izen bereko eleberri, irratsaio eta B serieko film batzuetatik moldatu zuten. 1961ean, aldiz, arrakasta handiko beste bat heldu zen: “Dr. Kildare”. 1966ra arte egon zen antenan eta bost denboraldi eta 191 kapitulu izan zituen. Arrakasta itzela izan zuen, bereziki ikusle gazteen artean, eta, batez beste bi milioi inguruko audientzia izatearekin batera, seriearekin lotutako 500.000 komiki ale inguru saldu ziren sei hilabete baino gutxiagotan. (DR. KILDARE) Hurrengo estreinaldi garrantzitsuak “Ben Casey” (1961) eta “Marcus Welby” (1969) izan ziren. Istorioak nahiko lauak, kritika sozial gutxikoak, zuriak eta apur bat idealizatuak ziren arren, izenburu hauetan guztietan medikuen dilema etikoak, gaixoen dramak eta ospitaleko bizitzaren alde emozionala azpimarratzen ziren. Medikuntza eta gizarte arazoak ere lotzen zituzten, eta apurka, garai hartan bizitza errealeko zenbait gertakari gidoietan txertatu zituzten. Argumentuak nahiko moralak ziren, eta medikuen dilemak modu baikorrean ebazten ziren. Pazienteengan baino fokua medikuengan (beti gizonezkoak) jartzen zen; pertsona jakintsuak, autoritarioak eta moralki perfektuak bezala irudikatzen zituzten. Hastapenetako adibideen atalari itxiera emateko, guztietan ezagunena aipatzea falta da: “M*A*S*H” (1972). Ordura arteko izenburu gehienak oso serioak izaten ziren, eta medikuen irudiarekiko oso errespetuzkoak. Honek, aldiz, komedia eta drama nahasten zituen, eta, Koreako Gerran kanpaina-ospitale batean girotuta zegoen arren, muinean Vietnamgo Gerrari egindako kritika sakona zegoen. Sendagileak lotsagabeak, zinikoak eta nahiko hutsalak ziren: profesionalki bikainak izan zitezkeela erakusten zuen, baina pertsonalki immoralak eta kaotikoak. Ez ziren beti amaiera zoriontsuak izaten: paziente batzuk hil egiten ziren eta kirurgiak gaizki ateratzen ziren. Serie gizatiarrago eta konplexuagoei atea ireki zien. 80KO HAMARKADA 1982an estreinatu zen “St. Elsewhere” telesailak iraultza txiki bat ekarri zuen generoan: ospitale kaotikoa erakusten zuen, mediku inperfektuak, hiltzen ziren pazienteak, eta HIESa, adikzioa eta arrazakeria bezalako gaiak jorratzen zituen. San Eligius Boston hiriko hegoaldean dagoen ospitalean girotua dago. "St. Elsewhere" ("Hor Nonbait") izendapena AEBetan ospitale pribatuek onartu nahi ez dituzten gaixoak hartu eta haiek osatzeko baliabidez urri dauden ospitale publikoak izendatzeko erabiltzen den izendapena da. (ST. ELSEWHERE) Mota honetako telesailetan lehen aldiz narratiba korala erabiltzen hasi ziren (pertsonaia ugari eta argumentu-hari asko, aldi berean). Gaur egun oso ezagunak diren zenbait aktore ageri dira: Denzel Washington, Helen Hunt edota David Morse, besteak beste. Telesailak gai serioak jorratzen bazituen ere, komedia beltzeko une ugari zituen, baita telebistaren historiari buruzko txisteak eta erreferentziak ere. Euskaldun askok beharbada gogoratuko duten seriea da; izan ere, ETB1en euskaraz aireratu zen. 90-2000KO HAMARKADA “ER: Urgencias” telesailak (1994, Michael Crichtonek ekoitzia) arauak aldatu zituen: erritmo zorabiagarria zuen, elkarrizketa naturalak, kamera eskuan grabaturiko plano ugari eta medikuei denbora errealean eginiko jarraipena. Langileen estresa, akatsak edota trauma pertsonalak ere erakusten ziren. (ER: URGENCIAS) Zazpi urte geroago iritsi zen “Scrubs”-ek (2001) umorea eta drama nahasten zituen, eta medikuntzako profesionalen beste aurpegi bat erakusten zuen. Pertsonaia berritsuak azaltzen ziren, bromazaleak, erritmo azkarreko elkarrizketak eta pertsonaia nagusiaren amets gisa aurkezten ziren une surrealistak. 2004an, guztiok ezagutzen duzuen beste mugarri garrantzitsu bat: “House”. Hugh Laurie aktorea izan zuen protagonista ahaztezinaren rola jokatzen, eta, Sherlock Holmes-en antzeko dedukzio ahalmenari esker, kasu mediko bitxiak eta ezohikoak argitzen zituen. Lehen mediku antiheroia dela esan daiteke. Umore beltza helduleku gisa erabiliz, medikuntzaren munduan girotutako telesailek ordura arte jorratzen ez zituzten hainbat gai plazaratzen zituen, sakonak zein polemikoak; sendagaien gehiegizko erabilera, buruko osasun arazoak, gaixotasun arraroen aurrean nola jokatu, edota medikuen etikari buruzkoak, esaterako. Ekoizpenak 177 atal eta 8 denboraldi izan zituen guztira, eta azken atala 2012an eman zuten. (HOUSE) “Grey’s Anatomy” (2005) eta bere drama erromantikoaren estiloak medikuntza istorioak beste maila emozional batera eraman zituen. Harreman pertsonalak jartzen ziren erdigunean, pertsonaien hazkundea, bizitza pribatua eta profesionala nabarmenduz. ADIBIDE BERRIAK COVID-19aren pandemia trama ugaritan jorratzen ari dira, baita osasun mentalari, egiturazko arrazakeriari edota sistema publikoen kolapsoari buruzko gaiak ere. Azpimarratzekoa da, baita ere, errealitatearekin bat datozen pertsonaiak topatu daitezkeela, aniztasuna zabalagoa da: arraza, genero edota sexu-joera guztietako protagonistak. “The Good Doctor” (2017) eta “New Amsterdam” (2018) izenburuek aipamena merezi dute, desgaitasunak dituzten medikuak edo osasun sistema ustelen aurka borrokatzen duten pertsonak erakusten dituztelako, baina ez dira jarraian aipatuko ditudanak bezain ahaltsuak. Azken urteotako estreinaldien artetik, “Polseres vermelles”, “Nurse Jackie” eta, bereziki, “This Is Going to Hurt” eta “The Knick” nabarmenduko ditut. Azken biek, jorratzen duten gaiaz harago, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituzte, nortasun handikoak dira. (NURSE JACKIE) “This Is Going to Hurt”-ek ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku gisa lan egiten duen Adam Kayren egunerokoa azaltzen ditu. Hain estresagarria da telesailak transmititzen duen egunerokoa, ezen, umore oso beltza duen komedia dramatikoa izateaz harago, thriller frenetiko bat baitirudi. Mota honetako telesailetan gutxitan ikusitako sekuentzia estresagarriak eta dramatikoak ageri dira, baita zoriontsuak ere. Steven Soderbergh zuzendariak HBOrentzat sortu zuen “The Knick”, aldiz, medikuntza modernoaren hastapenetan girotuta dago; garai hartako aurrerapen zientifikoak eta medikuntza praktika gogorrak aztertzen ditu. Estilo bisual eta estetika bereziak ditu; ezohikoa eta oso ona da, baina ez da ikusle guztientzako moduko telesaila. «THE PITT» Gaurko gaiaren bidea zabaldu duen telesaila aipatzea falta da. Askok uste dutenaren kontrara, “The Pitt” ez da “ER: Urgencias” telesail mitikoaren sekuela edo jarraipen bat, izaeragatik hala dirudien arren. Tira, izaeragatik eta batez ere dituen osagaiengatik: protagonistetako bat berbera da (Noah Wyle), baita sortzaileak ere (R. Scott Gemmill eta John Wells), eta, gainera, ospitale bateko larrialdi zerbitzuetan girotuta dago. Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako proposamena da. Kolapsatzeko zorian dagoen sistema baten jarduera frenetikoa erakusten du, larrialdietako buruak (Noah Wyle) ahal duena egiten duen bitartean. Artatuak izateko zain dauden pazientez betetako ospitalea da ikusiko duguna; behar baino langile eta ohe gutxiago daude, eta profesionalak alde batetik bestera korrika ikusiko ditugu. (THE PITT) Telesail baten eta bestearen arteko desberdintasunik handiena istorio nagusia aurkezteko erabiltzen den malabarismo narratiboa da: irauten duen hamabost ataletan, lanegun batean gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Ez hori bakarrik, larrialdietako taldearen eguneroko txanda osatzen duten hamabost ordu trinkoak denbora errealean (gutxi gorabehera) azaltzen dira. Hamabost atal, hamabost orduko jarduna. Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan baita ikuslearengan ere. Telesailak ez du etenik, erritmoa etengabea eta oso bizia da, frenetikoa. Nahiko gordina ere bada (zentzu guztietan); hildakoak azaltzen dira, odola, zaurien lehen plano esplizituak, paziente histerikoak, langileen eta nagusien arteko istiluak, eta abar. Dramatismoa badago, baina baita gizatasuna ere. Ez du generoa berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzailea eta guztiz liluragarria da. Urteko telesailetako bat, zalantza izpirik gabe.