MAY. 06 2025 - 13:04h EHUko Gipuzkoako Campusak asteburuan zabalduko ditu ikasteko gelak azterketa garaian EHUko Gipuzkoako Campuseko Elbira Zipitria Zentroak ikasteko gelak irekiko ditu larunbatean eta azterketa garaian zabalik mantenduko ditu igande eta larunbatetan maiatzean eta ekainean zehar, baita uztaileko lehen asteburuan ere. Ordutegi zabala izango dute, gainera, 9.00etatik 21.00etara baita. EHUko ikasteko gelak Araban, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Hainbat zentrotan ikasteko gelen erabilera indartuko dute hurrengo asteetan azterketa garaiari begira, ikasleei ordutegi zabalagoak eta plaza gehiago eskainiz. EHUko Gipuzkoako Campuseko Elbira Zipitria Zentroak iragarri duenez, larunbatetik (hilak 10) aurrera ikasteko gelak irekita mantenduko dituzte asteburuetan. Era horretara, Ondarreta pasealekuko lokalak irekita egongo dira maiatza eta ekaineko asteburuetan, larunbat eta igandetan, baita uztailaren lehenengoan ere. Goizeko 9.00etan zabalduko dituzte ateak eta 12 orduko zerbitzua eskainiko dute, 21.00ak arte. Zerbitzua erabiltzeko, halere, aldez aurretik egin behar da erreserba QRservices aplikazioaren bidez. EHUtik zehaztu dutenez, EHUko ikasleek bakarrik eman dezakete alta aplikazioan eta beraiek bakarrik sar daitezke Elbira Zipitria Zentroko ikasteko geletara. Ohartarazi dute, bestalde, zentrora sartzeko derrigorrezkoa izango dela erreserba onartua izatea, eta edozein kasutan erreserbatutako gela erabili ahalko dela bakarrik, txanda bakoitzean mahai bakarra erabiliz. Beharrezko informazioa eskuragarri dago UPV/EHUren webgunean, Elbira Zipitria Zentroari dagokion atalean.