GAUR8

Carl Saganen hausnarketak


Badirudi globalizazioaren gainbeherak eromena eragin duela. Ipar Globalak ez dio jaramonik egin Gazako genozidioari, eta Ukrainako gerra elikatzen jarraitzen du. Gainera, berrarmatzeaz hitz egiten hasi da, erabateko ausarkeria dela ulertu gabe, eta ondorio kaltegarriak izango dituela, ez bakarrik segurtasunaren esparruan, baita ekonomian eta ingurumenaren arloan ere. Nagusitasuna eusteko lasterketa ero horretan, larrialdi klimatikoa jada ez da lehentasunen artean agertzen. Gainera, sinplifikatu egin da, guztia iturri berriztagarrietan oinarritutako elektrifikaziora murrizteraino, gaia konplexuagoa dela ulertu nahi izan gabe. Ebidentziak dio urteak daramatzagula elektrifikatzen eta emisioak ez direla murrizten. Beste esparruetan ere ekimenak martxan jartzea ezinbestekoa da. Baina kezkagarriena ahots kritikorik eza -zeuden gutxi batzuk hiltzen ari dira- eta statu quo-a kritikatzera ausartzen direnak isilaraztea da.

Testuinguru nahasi horretan, Carl Sagan astrofisikari eta dibulgatzaileak eman zuen azken elkarrizketetako batez oroitu naiz. Elkarrizketa horretan bi gogoeta garrantzitsu utzi zituen. Zientzian eta teknologian oinarritutako gizarte batean bizi garela esan zuen, baina «inork ez du ezer ulertzen zientziaz eta teknologiaz, eta botere eta ezjakintasun nahaste hori lehenago edo geroago eskuetan lehertuko zaigun erregaia da». Zalantzarik gabe, edozein unetan dena lehertuko den puntu horretara hurbiltzen ari gara, boterea eta ezjakintasuna areagotu besterik ez baitira egin harrezkero. Baina bere gogoeta haratago zihoan, eta bere buruari galdetzen zion «nork zuzentzen duen zientzia eta teknologia demokrazia batean, jendeak horretaz ezer ez badaki». Argi dago gure gizartean zientziaren eta teknologiaren norabidearen erabakia demokraziatik kanpo dagoela, eta interes korporatiboen eta Estatuen botere-anbizioaren mende dagoela. Hortaz, gure gizartearen alderdi nagusi bat demokraziatik erabat kanpo dago, eta, beraz, ez da soilik boterearen eta ezjakintasunaren arteko nahasketa, baizik eta jarraitu beharreko garapenaren gaineko kontrol demokratikorik eza. Horrek gure egunerokotasunean ondorio handiak ditu: jendea enpresen asmakizunen atzetik dabil, ondorioak ahal den moduan kudeatu nahian. Esate baterako, orain gutxi arte haurrek natibo digitalak izan behar zuten; eta gaur egun gurasoak eragin kaltegarriaz jabetu dira eta borrokatzen ari dira haurrak pantailetatik aldentzeko. Asmakizun madarikatuak!

Halaber, esan zuen zientzia «ezagutzaren gorputza baino gehiago, pentsatzeko modu bat dela, unibertsoari buruzko galdera eszeptikoak egiteko modu bat, giza hutseginkorraren kontzientzia argi batetik egiten dena». Hitz horiekin, Saganek arbuiatzen zuen oso zabalduta dagoen ezagutzaren pilaketaren ideia. Kontua ez da ezagutza metatzea, kapitala pilatzen den moduan, baizik eta espiritu kritikoa mantentzea, oker egon gaitezkeela jakinda. Apaltasuna proposatzen zuen ezagutza-gorputzean sinesten dutenen harrokeriaren aurrean. Ideia horri hausnarketa politikoa ere gehitu zion. Zerbait egia dela esaten dutenak zalantzan jartzen dituen espiritu kritiko hori gabe, «beren autoritateari buruzko eszeptikoak izan gabe, edozein hitzontziren sareetan eroriko garela» esan zuen. Eta egungo egoera ikusita, puntu horretara iritsi gaudela esan dezakegu.

Badirudi bizitza unibertsoari begira ematen duten zientzialari batzuek Europako agintari gehienek baino askoz argiago ulertzen dituztela giza arazoak. •