GAUR8

‘UPNA show’, sinadura zientifikoa duten bakarrizketak Tuteran eta Iruñean

NUPeko hamaika ikertzailek hartuko dute parte ‘UPNA Show’ ekimenean, gaurkotasun handiko gaien inguruko bakarrizketak eskainiz. Tuterako Gaztanbide antzokian izango da lehen emanaldia hilaren 23an eta Civivox Iturraman, 24an. Doakoak dira biak.

‘UPNA Show’ ekimenaren parte hartzaile batzuk, irudian. (UPNA | EUROPA PRESS)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamaika ikertzailek parte hartuko dute NUPek berak antolatutako ‘UPNA Show’ bakarrizketa ikuskizunaren bigarren edizioan. Iragarri dutenez, bi emanaldi eskainiko dira: bata, ostiral honetan, maiatzaren 23an, Tuterako Gaztambide antzokian (20.00etan), eta bestea, maiatzaren 24an, larunbata, Civivox Iturraman (19.30ean). Bi kasuetan doako sarrera dute ikuskizunek, leku bietako leihatiletan gonbidapena jaso ondoren.

Biktimaren kontzeptua historian, adimen artifiziala eta haren alborapenak, elikagaien kontserbazioa, belar txarrek ekosistemetan duten garrantzia edo sendagaien albo-ondorioak izango dira bakarrizketetan jorratuko diren gaietako batzuk, azaldu dute NUPeko iturriek prentsa ohar batean.

Proiektu honetan parte hartzen duten ikertzaileak honako hauek dira: Iñigo Mugueta Moreno, Ana Laura Giambelluca, Marcos Andres Vierge, Itxaso Aranguren Erice, Aranzazu Jurio Munarriz, Iosune Cantalejo Diez, Ana Zabalza Aznarez, Estibaliz Larraizar Rodriguez, Oscar Teijido Hermida, Bernardo Garcia Pola eta Deborah Liguori. Big Van Ciencia talde komikoak aurkeztuko du ikuskizuna.

‘UPNA Show’ Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendeko Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin lankidetzan egindako dibulgazio zientifikoko ekitaldia da. Ikuskizunak Tuterako Udalaren eta Bardeako Zientzia eta Ondare Katedraren laguntza ere izango du.