MAY. 24 2025 - 00:00h Mezuak Oier IMAZ ALIAS Maiatzaren 12an eman zuen jakitera bere disoluzioa Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK), 40 urteko historiari amaiera emanez. Martxoan deituriko aldebakarreko su-etenaren segida izan da erabakia, eta erantzuna eman dio otsailean Abdullah Öcallanek egindako eskariari: kongresura deitu, armak utzi eta bere burua disolbatu. Diotenez, negoziazioak hasiak ziren duela hilabete batzuk. Horren adibide da Öcallani bisitak baimendu izana (1999tik dago isolaturik, preso, Imraliko irla-kartzelan, 2009ra arte bera izan behar zelarik bertako preso bakarra). Bide beretik, Turkiako gobernuak iragarri du konstituzioa aldatzeko prestutasuna ere baduela, nahiz eta azpimarratu duen Turkiako estatua (eta bere konstituzioa) turkiar nazioarena dela, eta berea bakarrik. Etorkizunak zer ekarriko duen ezin jakin. Aldebakarrekoa izan da erabakia eta, hemen ere badugu eskarmentua, aldebakarreko erabakiek, bestea mugitzeko borondatez egiten badira ere, ziurgabetasunez beteriko bidea marrazten dute etorkizunean. Finean, entzunak izateko egiten dira mezuak, baina ez norberak bakarrik entzun ditzan. Komunikatuak argudiatzen du, fase historiko honetan, auzi kurdua bide demokratikoetatik konpontzeko aukera badagoela. Turkiako gobernua interpelatzen du bake prozesuan zintzotasunez engaiatu dadin. Bestetik, kurduen komunitatea deitzen du bere burua antolatzera, emakume eta gazteen lidergoarekin, beregaina izatera, bere burua defendatzera eta gizarte komunal eta demokratikoa eraikitzera. Turkiar estatuaren jardunbidean ez daukat konfiantza handirik, egia esan. Aldiz, kurduen komunitateari egindako deialdiak burura ekarri dit Ercan Aybogak, Rosa Luxemburg fundazioko kide eta aktibista ekologistak, Rojavako Iraultzari buruz 2016an argitaratu zuen liburua. Bertan, egileak xeheki azaltzen du nola, ekinbide sozial eta komunitarioaren bidez, ekonomia eredu alternatibo bat eraikitzen joan den kurduen komunitatea Rojavan, lehenago miseria baino ez zegoen lurralde batean, estatuaren erantzunaren zain egon gabe. Eredu kooperatiboaren garapenaz hitz egiten du. Herriko etxe, gazte eta emakumeen lidergoaz. Garapen ekonomikorako biltzarrak industrian, komertzioan, nekazaritzan… Interkooperazioa: diru sarreren ehuneko 25 kooperatibaren funtsetara, ehuneko 25 egitura partekatuetara… «kontratu kooperatiboa». Hauetan ere badugu eskarmentua hemen. Aste honetan joan zaigu Pepe Mujica ere. Gauza asko esan dira berari buruz. Horien artean, bat daramat buruan itzuli mitzuli. Zintzoki, ez dut oroitzen nori entzun nion. Pepe Mujica izan da ezkerreko agintarietan bakarretako bat gai izan dena, bere buruari uko egin gabe, besteekin ere hitz egiteko. Honela laburbiltzen zuen bere lagun Gorka Elejabarrietak orriotan: «Una manera de entender la militancia, la vida, y de saber cooperar con otros sin necesariamente estar de acuerdo en todo. Algo que suena tan sencillo y resulta tan complicado». Kurduen kasuan konplikatua izango dela jakina da. Baina egindako urratsak mezu indartsua zabaltzen du, eta ez bakarrik kurduentzat. Mundua dagoen bezala egonda, pozgarria da demokrazia, bakea eta komunitatea lehen lerrora ekarri eta gerra, lehia edo boterea bazterrean uzten dituzten mezuak entzutea. Izan daiteke, zergatik ez, duela 14 urte Euskal Herritik bidalitako mezuaren oihartzuna. Ea iristen den, Israelgo estatuko agintarien belarrietara ere. Aski da. •