GAUR8

‘Laudioko Bazterrik Ederrena’, udari hasiera emateko argazki lehiaketa ekainaren 1etik aurrera

Herriko txoko ederren edota kutunen irudiak bilduko dituzte Laudion, ‘Laudioko Bazterrik Ederrena’ argazki lehiaketan. «Espazio eta toki azpimarragarrienak bilatzen ditu deialdiak, sormenari ere lekua eginez. Ekainaren 1ean abiatzen da izen ematea.

Laudioko Herriko Plaza, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ | FOKU)

‘Laudioko Bazterrik Ederrena’ argazki lehiaketa antolatu du Udalak, udalerrian dauden espazio ederrak edo herritarrentzako kutunak direnak irudietan islatzeko proposatuz.

«Lehiaketa honen bitartez Laudioko espazio eta toki azpimarragarrienak erakustea nahi dugu. Sormenari guztiz irekita gaude eta Laudioko edozein irudi aipagarrik parte hartu ahal izango du», adierazi du Ludi Temiño, Laudio Hazi arloko zinegotziak.

Izen ematea ekainaren 1ean irekiko dute, eta uztailaren 14ra arte, biak barne, egongo da zabalik. Parte hartzaileek Laudion erroldatuta egotea da eskatzen dute, eta adingabeen kasuan, 13 urte baino gehiago izan behar dute eta tutore legalek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute.

Instagram bidez bideratuko da lehiaketa edizio honetan. Irudiek #MiRinconFavorito #Laudio #MiRinconFavoritoDeLaudio #TopaLaudio eta #LaudiokoUdala hashtag-ak izan beharko dituzte, eta argazkia zein lekutan hartu den adierazi beharko dute.

Lehiaketak lau epaile tekniko izango ditu, baina herritarrek ere bozkatzeko aukera izango dute. Lehiaketara aurkeztutako irudiak ikusgai izango dira Udaletxeko Erabilera Anitzeko gelan, uztailaren 21etik abuztuaren 14ra, eta irudi irabazlea irailaren 13an ezagutaraziko dute.