GAUR8

Duela 180 urte jaio zen Ama Kandida, Jesusen Alabak ordenaren sortzailea

Juana Josefa Zipitria Barriola, Ama Kandida, Andoainen sortu zen, gaur 140 urte, 1845eko maiatzaren 31n. Santu egindako lehendabiziko emakume gipuzkoarra da Jesusen Alaben kongregazioa sortu zuen andoaindarra.

Ama Kandida. (JESUITINAS)

Juana Josefa Zipitria Barriola 1845eko maiatzaren 31n jaio zen Andoainen, gaur duela 180 urte. Gerora, 1871ko abenduaren 8an, Jesusen Alaben ordena sortu zuen Salamancan. «Arima bila munduaren azken zokoraino joango nintzateke» zioen emakumea 1912an zendu zen Salamancan, baina gaur egun, Ama Kandidaren nahiari jarraituz, Jesusen Alabek mundu osoan lanean dihardute, «ebanjelioaren mezuari jarraituz, emakumeak hezten».

Gaixorik eta sendabiderik gabe zegoen Maria del Carmen del Val Rodriguez jesuitina. Sendatu ezinezko buruko gaitz batek jota, hamabi egun zeramatzan koman eta hura esnatuko zen itxaropenik ez zuten medikuek. Baina Ama Kandidari otoitz egin ostean, bat-batean etorri zen bere onera gaixoa eta erabat osatu zen.

Medikuek ulertu ezinezko osaketa miraritzat eman zuen 2008an Santuen Kausarako Kongregazioko Medikuen Batzarrak. Ama Kandidaren kanonizazioa ahalbidetu zuen miraria horrek. 2010eko urriaren 17an Benedikto XVI.a aita santuak Ama Kandida santutu zuen Vatikanoko San Pedro plazan.

Moja andoaindarra santu egin duten lehen emakume gipuzkoarra da. Joan Paulo II.ak 1996ko maiatzaren 12an beatifikatu zuen Ama Kandida, Jesusen Alaben lagunartea sortu zuena. Kanonizazio ekitaldian, Aita Santuak Jesusen Alaben lagunarteak, mundu osoan zehar, txiroenen hezkuntzan eta emakumearen papera sustatzearen alde egiten duen «lan sutsua» ere nabarmendu zuen.

Ama Kandida santu egin duten bosgarren gipuzkoarra da. Lehen emakumezkoa. Aurretik santutu zituzten Loiolako San Ignazio (XVI. mendean), Igokundeko San Martin (XVI. mendean), Santo Domingo Erkizia (XVII. mendean) eta San Miguel Aozarazakoa (XVII. mendean).