JUN. 03 2025 - 13:18h ‘Su beltzaren egunsentia’ lan inklusiboa estreinatuko dute Galdakaon hilaren 15ean Hilaren 15ean, kultur etxean estreinatuko den ‘Su beltzaren egunsentia’ lan inklusiboaz gozatzera deitu ditu herritarrak Galdakoko Udalak, Bitarte Akademiako eta Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko gazteek osatzen duten Fun Up konpainiaren ikuskizunaren balioak azpimarratuz. Inklusioa eta aniztasunaren balioak jorratzen dituen lanaren kartela. (Galdakaoko Udala) GAUR8 Musikaren, literaturaren, dantzaren eta zinemaren bidez Down Sindromea, Autismo Espektroko Nahasmena (AEN) eta osasun mentala ikusaraztea eta horiei buruz kontzientziatzea helburu duen proiektua da ‘Su beltzaren egunsentia’, eta xede horrekin emanaldia prestatu dute hilaren 15erako Torrezabal Kultur Etxean.Bitarte Akademiako eta Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko neska-mutilek osatzen duten Fun Up konpainiak interpretatuko eskainiko dute emanaldia. Taularatuko duten obra ‘Laino zoragarri hori’ trilogiaren bigarren zatia da eta ardatz nagusi bat du: berdintasunean eta aniztasunean heztea, «pertsonen beharretara egokitutako laneratzearen eta gizarteratzearen alde eginez».Benetako gertakarietan oinarritutako lanak, besteak beste, inklusioari, aniztasunari, kiroleko balioei eta alzheimerrari lotutako gaiak jorratzen dituela aurreratu du Galdakaoko Udalak prentsa ohar batean.Lanak, gainera, musika klasikoa eta rocka eta dantza klasikoa eta garaikidea uztartzen ditu.Mikel Bizar abeslari, konpositore eta idazle bilbotarrak sortu du proiektua, eta 2019an kaleratu zuen lehen zatia. Idi Bihotz eta Auritz taldeetako kidea izan da Bizar, eta ‘Athletic Gu Gara’ disko solidarioa zuzendu zuen. Bizar Apnabi, autismoa duten haurren gurasoen Bizkaiko elkarteko kidea da duela 20 urte.Sarrerak Udalaren webgunean, leihatilan eta Torrezabal Kultur Etxeko totemean daude eskuragarri. Sarrerak 5 euroan salduko dira, baina 4 euro ordainduko dute bazkideek eta 3,75 euro 65 urtetik gorakoek eta Gazte Txartela dutenek.