JUN. 21 2025 - 00:00h XVIII. mendeko eraikina, kulturaren bidez despopulazioari aurre egiteko Urraul Goiti bailaran dago Adoain. Biztanle finko bakarra du, 93 urteko Blas artzaina. Lagun talde batek bertan kokatuta dagoen Perotx Etxea eraikin historikoa erosi zuen Nafarroako Gobernuaren enkantean, eta proiektu bat jarri nahi du martxan, kulturaren bidez despopulazioaren aurka borrokatzeko. Perotx Etxearen harrizko fatxada ikusgarria. (PEROTX PROIEKTUA) Asier Aiestaran Nafarroako Adoain herri txikian aspalditik abandonatuta zegoen etxe historiko bat erosi, berritu eta kultur arloarekin zerikusia duten jarduera kolektiboetarako bideratu, modu horretan lurraldeak bizi duen despopulazio prozesu larriari aurre eginez. Horixe da Perotx proiektu komunitarioaren funtsa. Proiektuaren bultzatzaileek hilabeteak daramatzate Adoainen jo eta ke birgaitze lanetan, eta azken asteotan aurrera begira dituzten asmoak ezagutzera ematen ari dira, komunikabide desberdinen bitartez. Alde batetik, hasieratik argi izan dutelako proiektuak zentzurik izatekotan, jendartearen parte-hartzeak emango diola hori. Bestetik, buruan duten ideia gauzatu ahal izateko bultzada ekonomiko potente bat ere behar dutelako. PEROTX ETXEA, SALGAI Proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat Iñigo Martinez da. Aspalditik ezagutzen du Adoain, bere familiak lotura estua izan duelako bailara horrekin, eta bera izan zen Perotx Etxea salgai zegoela jakin zuena. Berak kontatu digu nola hasi zen istorio eder hau. «Aurreneko txispa afektiboa izan zen. Eta istripu baten modukoa izan zela esan ohi dut. Prentsa irakurtzeagatik izan zelako [barreak]. Albiste bat ikusi nuen zioena Nafarroako Gobernuak Perotx Etxea enkantean aterako zuela, Adoain herrian, eta albiste hori irakurtzean hasi zen abentura hau guztia. Nik bailara horretan, Urraul Goiti bailaran, eman nituen nire haurtzaroko uda guztiak. Oso oroitzapen politak nituen, lotura afektibo handia neukan inguru horrekin, eta horrek eraman ninduen kuxkuxeatzera. Etxea ezin ederragoa zela ikusi nuen, Adoain herria ere benetan polita da, eta hor hasi ginen interes apur bat gehiago jartzen», azaldu du. Ikertzen hasitakoan, konturatu zen Perotx Etxea ez zela edonolako eraikina, historia handia zuela. XVIII. mendean eraikitako etxea da, Nafarroako Kultur Ondarearen Ondasunen Erregistroan «tokiko ondasun garrantzitsu» gisa inskribatua dagoena, eta duela bi hamarkadatik erabat abandonatuta aurkitzen zena. Aurrez, 1980tik 2005era, Nafarroako Gobernuak Kaputxinoen Ordenari laga zion 800m2-ko harrizko etxe hau. Zurezko eskailera liluragarri batek lotutako lau solairu ditu, baita frontoi estali bikain bat ere, eta lorategi zabal polita. Urte horietan, udako kanpalekuak, kirol-jarduerak eta herri-ospakizunak hartu zituen bilgunea izan zen. «Nik ez nuen sekula enkante batean parte hartu, baina pentsatu nuen saiatzea, ea modurik bazegoen etxea eskuratzeko. Horrela sortu zen kontua, inolako proiekturik gabe, aukera bat sortu zelako. Ez genuen uste benetan enkantea irabazteko aukerarik izango genuenik, diru aldetik ez garelako batere aberatsak, eta pentsatzen genuen etorriko zela norbait diru gehiagorekin. Baina gure harridurarako, enkantea irabazi egin genuen», gaineratu du Iñigo Martinezek, lehen urratsak gogoratuz. Lantaldea Nafarroako mapa aztertzen. (PEROTX PROIEKTUA) PROIEKTUA DEFINITZEN Behin etxea eskuratuta, eraikin erraldoi horretan zer egin pentsatzen hasteko garaia iritsi zen. Hasiera batean, aukera desberdin asko zeudela pentsa daiteke, baina Martinezek onartzen duenez, etxearen ezaugarriek eta kokalekuak nahiko argi bideratzen zuten erabilera norabide batean. «Proiektua definitzerako orduan faktore batzuk egon ziren dezente markatu zutenak. Lehenik eta behin, etxearen ezaugarriak. Oso etxe handia da, ia 800 metro karratu ditu, 23 lagunek bertan lo egiteko lekuarekin, hainbat espazio komun, ganbara handi bat, jangela handi bat, frontoi estali bat etxeari erantsita dagoen bigarren eraikin txikiago batean, 1.700 metro karratuko lorategi zabal bat... Ezaugarri horiekin, etxeak eskatzen zuen taldeentzako jarduerak edo zerbitzuak ematea». «Bestetik, Adoain Iruñetik 50 kilometrora dago, baina baita 50 minutura ere, errepidea ez delako sobera zabala eta mendate txiki bat pasa behar delako. Kosta egiten da munduaren amaierara iristea, baina behin han zaudela, merezi du. Gainera, oso bailara despopulatua da, ikasturtean zehar 60 lagun inguru bakarrik bizi dira bertan. Horrek suposatzen du ez zela lekurik egokiena ekitaldi motzak antolatzeko, antzezlan bat, kontzertu bat edo dena delakoa, baizik eta izan behar zuela gehiago egun edo asteburu pasa moduan antolatzeko zerbait», jarraitu du. Eta egitasmoa definitzerakoan garrantzitsua izan den beste faktore bat ere gehitu du Iñigo Martinezek: «Proiektuaren atzean gauden pertsona gehienak kulturgintza mundutik gatoz». Zabaldu duten dosierrean aipatzen denez, «Perotxek 2024ko udan egin zituen lehen urratsak, Nafarroako eta penintsulako beste leku batzuetako jende multzo bat astebetez elkarrekin bizi izan zenean, etxea garbitzeko eta berreskuratzeko lanei ekiteko. Irakaskuntzarekin, ikus-entzunezko arteekin, gizarte-zientziekin, nekazaritza eta basogintzako ingeniaritzarekin edo elikadurarekin lotutako pertsonen talde heterogeneoa, eleaniztuna eta belaunaldi desberdinetakoa». Eraberritutako espazioetako bat. (PEROTX PROIEKTUA) Lanerako osatu duten taldeaz, informazio gehixeago ere eman digu Martinezek. «Hasierako lantaldea osatu dugunok lagunak gara, baina batez ere proiektu desberdinetan bidaideak izan garenak. Aktibismoan edo kultur egitasmoetan aritu izan gara, baina adiskideak ere bagara. Polita da gauzak kolektiboki egitea. Edonola ere, proiektu irekia da eta aurreikusten ditugu parte-hartze maila edo geruza desberdinak, iruditzen zaigulako bakoitzak parte hartu beharko lukeela ahal eta nahi duen neurrian. Dena izango da ongietorria. Hogei bat lagun gara nolabait proiektuarekin harremana daukagunak. Badago talde eragile bat, lau lagunekoa, proiektua nagusiki dinamizatzen ari dena, baina beste 15-16 lagun daude beste maila batean laguntzen ari direnak eta babesa ematen ari direnak», eskertu du. TALDEENTZAKO EGONALDIAK Oinarri horietatik abiatuta, Martinezek pasioz azaldu digu etxearentzat egiten duten erabilera proposamena. «Ezaugarri horiek mahai gainean jarrita, atera dena da proiektu kolektibo bat, taldeei zuzendua, non kultur jarduera den osagai nagusia eta horren gainean etorriko diren besteak. Emango dira lotarako tokia, jatekoa eta abar. Aurreikusten ditugun formatuak dira asteburupasak, erretiroak, nolabait yoga-erretiroen modukoak, baina yogaren ordez beste jarduera batzuk garatuz. Yoga-erretiro batean yoga egitera zoaz, baina leku berezi batean, eta izaten duzu lotarako tokia, jatekoa... Ba guk hartuko genuke eredu hori eta yoga beharrean beste jarduera batzuk egin. Adibidez, literatura-erretiro bat, non badatorren idazle bat liburu batez aritzera eta jendea badoan liburua irakurri eta konpartitzera. Edo izan daiteke aktore edo zuzendari baten master-class bat, sukaldaritza ikastaro bat, sendabelarrena...», zerrendatu du Martinezek. Erretiro kontzeptua ez dago ausaz hautatua, inguruaren balio naturala sekulakoa delako. «Azkenean, aukerak askotarikoak dira. 23 lagunentzako tokia daukagu lo egiteko, sukaldea, jantokia, ingurunea ere menditsua eta oso polita da. Oso eremu basatia da. Biztanle gutxi daudenez, gizakiaren presioa txikia da beste leku batzuekin alderatuz, eta hori naturan ikaragarri sumatzen da. Animalia asko ikus ditzakezu beste leku batzuetan gehiago kostata ikusten direnak. Orkatzak, oreinak, azeriak, erbiak, eperrak...». Eta erretiroekin batera, egonaldi mota desberdinak ere antolatzeko gune egokia izan daitekeela uste dute bultzatzaileek. «Ikusten dugun beste formatua egonaldiena da. Taldeei zuzenduta: antzerki talde bat, musika talde bat... Leku bat behar duen jendea aste betez edo bi astez jo eta ke kontzentratuta aritzeko. Edota norbanako sortzaileei zuzendutako egonaldi kolektiboak: idazleentzako egonaldi bat baina 10 plaza eskaintzen dituena, adibide bat jartzearren. Oso etxe handia da eta ez dauka zentzurik pertsona bat bakarrik egoteak. Izan behar du gutxieneko kopuru bat lekua benetan probesteko. Izan litezke elkarlanak unibertsitateekin, formakuntzak egiteko, lo egiteko lekua behar duten jarduerak... Hortik doaz apur bat guk aurreikusten ditugun erabilerak», dio Martinezek, ideia berriei atea erabat itxi gabe. Etxeari itsatsita dagoen beste eraikinean pilotaleku estali bat dago, egokia taldeen aisialdirako. (PEROTX PROIEKTUA) DESPOPULAZIOAREN ARAZOA Proiektu hau Adoainen kokatu izanak, bestalde, badu esanahi berezi bat. Izan ere, despopulazioarena arazoa larria da Nafarroako hainbat eremutan, baina arazo hori nonbait benetan bizi baldin badute, hori Urraul Goiti bailaran da. «Despopulazioaren datuak Urraul Goitin eskandalu bat dira. Europako Batasunak jarrita dauka ‘Muturreko Despopulazio Arriskua’-ren marra gorria kilometro karratuko 7 edo 8 lagunetan. Urraul Goitin, erroldatutako pertsonen zerrenda hartuta, ez da pertsona batera ere iristen. Pirineoan, adibidez, despopulazioarekin arduratuta dagoen eremu bat izanik, eta horregatik sortu zen Pirineoaren Mahaia adibidez, datuak hobeak dira. Egoera larria izanik, agian kilometro karratuko 4-5 pertsona egongo dira. Eta hori erroldatutako pertsonak zenbatuz, zeren benetan bertan bizi direnak erdiak izan daitezke. Bailara osoan 60 pertsona inguru bakarrik bizi dira», jarri du testuinguru moduan Martinezek. «Establezimendu publiko bakarra dago, Santa Fe taberna-jatetxea. Ez dago dendarik, ez dago ezer. Zerbitzu guztietarako Agoitzera edo Irunberrira joan behar da. Jende gutxi eta, gainera, zahartua eta maskulinizatua. Demografikoki bailara honi 20-30 urte geratzen zaizkio asko jota, ez bada zerbait egiten joera aldatzeko. Ezagutu ditut Nafarroan despopulazio arazoak beste leku batzuetan, baina Urraul Goitikoa beste kategoria bat da. Prozesu ia-ia atzeraezina da». Datu zehatzak dosierrean jaso dituzte: Errealitate Sozialaren Behatokiak 2021ean egindako Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoaren arabera, bailarako 12 udalerrietan 133 pertsona baino ez daude erroldatuta, baina 60 baino ez dira benetan bertan bizi. Zahartze-indizea (65 urtetik gorako biztanleen proportzioa 16 urtetik beherakoekin alderatuta) 488koa da; Nafarroakoa, berriz, 127koa. Maskulinitate-indizea (eskualde bateko 100 emakumeko gizon kopurua neurtzen duen proportzionaltasun-adierazlea) 98 da Nafarroan, eta Urraul Goitin 189. Eta 2000-2019 artean Nafarroan biztanle kopurua %20 hazi zen bitartean, bailarak populazioaren %22 galdu zuen. Egoera horren adibide argiena da Adoain. «Proiektu hau edozein lekutan izango litzateke interesgarria, baina Adoain bezalako herri batean egiteak uste dugu baduela garrantzi estrategiko bat. Adoainen biztanle bakarra dago, Blas, 93 urte dituen artzaina. Adoain hustutako Nafarroako zero kilometroa da. Denbora kontua da, eta ez askokoa, batetik zerora igarotzea». Konponbide magikorik ez dagoen arren, Martinezek nabarmendu du Perotx proiektuak bizitza ekarriko lukeela bailarara. «Perotx martxan jartzeak esan nahiko du Blas ez dela bakarrik egongo. Batetik, proiektuan lan egingo dugun pertsonengatik. Aurreikusten dugu hasieran bi pertsonak, eta agian hiruk, bertan lan egitea, eta aste osoa ez bada ere, astearen zati majo bat bertan igarotzea. Eta horrez gain jendea hurbilduko da jardueretara. Herria erabat hutsik egon beharrean, jendea ibiliko da bertan, inguruari bizia ematen. Jende horrek lotura bat sortuko du Adoainekin eta Urraul Goitirekin. Horregatik uste dugu gure proiektuak eragin zuzena izango duela despopulazioaren kontra». Gainera, egitasmoak lagundu lezake bailarako beste eragileak aktibatzen. «Erabiltzaileak une oro interpelatuko ditugu, maila guztietan, ahal duten heinean ekarpen bat egin dezaten erronka horretan. Eta era berean, inguruko beste eragile eta ekoizleekin harremanak egiten eta estutzen ari gara elkarlanerako. Adibidez, sukaldean, ahal den neurrian, lurraldeko ekoizleen produktuak erabiliko ditugu». Benito gil jaio zen etxea, goi-nafarrera euskalkiaren ekialdeko mugan Perotx proiektuak landu eta bultzatu nahi dituen balioen artean, euskararena ere badago. Izan ere, Iñigo Martinezek nabarmentzen duenez, «berezia da eremu honek euskararekin duen harremana». «Tamalez, badira 100 urte Urraul Goitin euskara galdu zela. Baina badakigu Perotx Etxean sortu zela 1801ean Benito Gil izeneko gizon bat, apeza izan zena, euskaraz doktrina bat idatzi zuena, Itzallen apez zegoenean. Testu hori erabiltzen da zaraitzuera ikertzeko. Lucien Bonaparteren berriemaile nagusia zen eremu horretan. Lucien Bonaparteren euskalkien mapan, Adoain oraindik euskaldun azaltzen da 1863. urtean. Eta gainera, Adoain agertzen da goi-nafarreraren ekialdeko muga bezala. Hurrengo herrian, Itzallen, jada zaraitzueraz egiten zen. Garai berekoa da, 1808an herriko beste etxe batean jaioa, Aita Esteban adoaindarra. Kaputxinoa, misiolaria... Nafarroan nahiko ezaguna da. Erdialdeko Amerikan ibili zen, misioetan, baina gero Baiona aldera itzuli zen eta bertan euskarazko hiztegi bat egin zuen. Euskaltzaindiak errekonozimendua eman zion eta bere jaiotetxean badago plaka bat», azaldu du Martinezek harro. Etxearen beste ikuspegi bat, lorategitik ikusia. (PEROTX PROIEKTUA) Horregatik, garai batean euskalduna izan zen eremu batean euskara berriz ere zabaltzea erronka ederra dela dio. «Bitxia da, Perotx euskaraz eraiki zen etxe bat izan zen, gero 100 urtez apenas entzungo zuen euskara, ez bazen aezkoarrak edo zaraitzuarrak gerturatzen zirelako, eta guri orain poza ematen digu etxeari eta herriari euskara itzultzea. Euskaraz gauzak antolatuko ditugu bertan eta zerbitzua elebiduna izango da. Horrek poz handia ematen digu». Crowdfunding kanpaina, beharrezkoa proiektua aurrera ateratzeko Perotx proiektua aurrera ateratzeko, behar-beharrezkoa izango da jendartearen babes ekonomikoa. Horretarako, crowdfunding kanpaina bat abiarazi dute goteo.org plataforman, aurrekontuaren zati bat osatu eta proiektua errealitate bihurtzeko. «Oso garrantzitsua da guretzat, momentu kritiko batean gaudelako eta laguntza behar dugulako. Birgaitze lanen aurrekontu totala 250.000 eurokoa da, eta Nafarroako Gobernuak eman digun dirulaguntza 57.000 eurokoa. Batetik bestera dagoen aldea ikaragarria da. Crowdfunding kanpaina modu bat da beste zatitxo bat bideratu ahal izateko. Gainontzekoa aurrezkien bitartez, maileguren batekin... osatu beharko litzateke, ikusi beharko da. Aukera desberdinak daude, zenbateko txiki batetik hasita bakoitzak nahi edo ahal duena jartzeko. Babesa eta laguntza eskatzen dugu. Proiektu hau edonon proiektu interesgarri bezain zaila izango litzateke, baina Adoain bezalako leku batean are zailagoa. Honen atzean ez dago fundaziorik eta horrelakorik, oso jende normala gaude, apustu handia egin duguna», azpimarratu du Iñigo Martinezek kanpainari buruz. Lantaldea, lorategian bilduta. (PEROTX PROIEKTUA) «Oso esker onekoak izango gara. Guretzat, gainera, ez delako soilik diru kontua. Bada modu bat harremanak sortzeko. Nik crowdfunding kanpainetan parte hartu dudanean beti sortzen da lotura bat. Zuk badakizu ahal izan duzun heinean lagundu duzula proiektu bat aurrera ateratzen, eta betiko lotura bat sortzen da. Eta hori guretzat polita eta garrantzitsua da. Guk hau proiektu komunitario bat bezala ulertzen dugu. Bideragarritasun bat beharko du, baina ez da negozio bat. Negozio bat jarri nahi izatera, aurkituko genuke leku aproposagoren bat. Nahiko genuke jendeak hau ulertzea baliabide kolektibo bat bezala. Herriarentzat, bailararentzat, baina baita kulturgintzan dabiltzan pertsonentzat ere», gaineratu du.