JUN. 25 2025 - 13:08h Ikerlan batek ondorioztatu du fiskalitatea oso eraginkorra dela elikagaien inpaktua arintzeko EHUren ikerlan batek zerga-politikak elikagaien kontsumoan duen eragina eta ondorioz lortzen den ingurumen-inpaktua aztertu du, eta ondorioztatu du zergen eta dirulaguntzen konbinazio optimoak murriz dezakeela aztarna ekologikoa. Maria Jose Gutierrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedraduna, irudian. (MITXI | EHU) GAUR8 EHUko BIRTE (Bilbao Research Team in Economics) ikertaldearen lan batek zerga-politiken eta elikagaien kontsumoak eragiten duen ingurumen-inpaktuaren arteko harremana aztertu du, karbono emisioak, uraren erabilera eta elikagaien xahutzea bezalako faktoreak aztertuz. Ikertzaileek ondorioztatu dute ez dela hain eraginkorra produktu guztien gaineko zergen igoera, baina bai ordea lortu beharreko helburuen araberako politika berezituak diseinatzea, produktuak diruz laguntzen edo zergapetzen.Ohar batean, EHUko iturriek gogoratu dute elikadurak eragin handia duela ingurumenean. «Izan ere, elikagaiak ekoizteak, prozesatzeak, garraiatzeak, prestatzeak eta haien azken kontsumoak ur asko eskatzen dute, karbono-emisio handiak eragiten dituzte eta elikagai batzuk alferrik galtzea eragiten dute», azaldu dute. Zehaztu dute, halere, ondorio ekologikoak ez direla berberak kasu guztietan. «Adibidez, nabarmentzekoa da zerealen ekoizpena, ur-litro asko behar dituelako, eta haragiarena, berriz, berotegi-efektuko gas-kantitate handiak igortzen dituelako. Beraz, jaten dugunak eragin garrantzitsua du bai gure osasunean eta bai planetarenean. Gure dieta aldatzen bada, gure ingurumen-aztarna ere bai», nabarmendu dute.Errealitate horren aurrean, EHUko ikerlanak faktore ekonomikoetan jarri du fokua, «zehazki, zerga-politikek elikaduraren aztarna ekologikoa arintzeko duen potentzialean».Horrela azaldu du lanaren muina Maria Jose Gutierrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedradunak: «Elikagaien prezioek gora eta behera egiten dutenean, aldatu egiten da erosketa-saskira sartzen duguna eta, beraz, erositakoak ingurumenean duen eragina ere bai. Eta kontuan hartuta zergak eta dirulaguntzak, azken finean, prezioak aldatzeko modu bat direla, aztertu dugu zenbait elikagai zergapetzeak eta diruz laguntzeak zer eragin duen jendearen erosketa-ohituretan».Ikertzaileek ikusi dute politika orokorrak ez direla oso eraginkorrak izaten. «Agerian utzi dutenez, elikagai guztiei BEZa %20 igoz gero, karbono-aztarna %3 baino ez litzateke jaitsiko, eta ur-kontsumoaren eta janaria alferrik galtzearen aztarnak, %1 baino gutxiago», adierazi dute.Aldiz, emaitza hobeak lortzen dituzte politika berezituek elikagai batzuk zergapetzen eta beste batzuk diruz laguntzen, batzuetan karbono aztarna %18 murriztera heltzen zela ikusi baitute. Konbinazio «optimoak»Lanak, gainera, zergen eta dirulaguntzen konbinazio optimoak identifikatu ditu, inpaktu ekologikoa arintzeko bidean, baina agerian utzi du aztertutako formula gehienek aztarnaren bat handitzea dakartela. Hortaz, lehentasunak ezartzea eta zer aztarna arindu nahi den kontuan hartzea proposatzen dute.Aurkitu dituzten konbinazioen harira, adibide bat jarri du Gutierrezek: «Lekaleak eta oliotarako haziak, zerealak eta itsasoko produktuak %20 lagunduz; eta haragia, frutak eta barazkiak, arrautzak, esnekiak eta gainerako kategoriak neurri berean zergapetuz, ur-aztarna %11 murriztuko litzateke; karbonoarena, %9; eta janari-xahuketa %4 jaitsiko litzateke. Inpaktu guztiak jaitsiko lirateke, baina baliteke nahikoa ez izatea, legegileentzat lehentasuna karbono-emisioak murriztea bada».Ohartarazi du, bestalde, ezin dela begi bistatik galdu aplikatutako zerga-politikek izan ditzaketen albo-ondorioak, maila sozialean eta nutrizioaren aldekoak. «Baliteke batzuetan, ingurumen-aztarna murrizteko, herritar zaurgarrienen oinarrizko elikagaien zergak igotzen aritzea. Edo gerta daiteke, bestela, adibidez, uraren kontsumoa murrizteko frutak eta barazkiak zergapetzearen ondorioz haien kontsumoa jaistea eta, beraz, jendeak funtsezko bitaminak gutxiago hartzea», adierazi du ikertzaileak, eta aurreratu du etorkizuneko lanetan nutrizioaren alorreko eraginen azterketan sakontzeko asmoa dutela.