This browser does not support the video element. AUG. 09 2025 - 00:00h Eredu agroekologikoa jarraituz, lurrari ahotsa eman nahi diote Arrietako azokan Azken urteetan erreferentziazko hitzordu bihurtu da Arrietako azoka. Eredu agroekologikoan ekoitzitako jakiak eta artisauen lanak biltzen dituen esperientziak hainbat mezu eta ahotsi egin die toki, herriko plaza egiteko era baten isla bihurtuz eta gertuko eta sasoiko produktuak erdigunean jarriz. Arrietan, inguruko ekoizleek azokak egiten dituzte hilean behin. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Nerea Goti Azken hamabi urteetan, Arrietako plaza inguruko nekazari, ekoizle eta artisauena ere bada. Hilean behin izaten da azoka, hileko lehen igandearekin, hain zuzen ere, eta azoka hutsetik harago doan ekimena da, haren oinarrian zenbait balio finkatu baitituzte antolatzaileek, ekoizpen ereduari eta herriari begira. Esan daiteke etxeko elikagai eta lan onenak biltzen dituztela saltoki horiek, beste azoka askotan bezala, baina Arrietakoak hainbat balioren transmisiorako bide ere izaten ari dira, herriaren zaintzari -zentzurik zabalenean- begiratzen dion egiteko era baten isla eta erakusleiho bilakatuz. Lekukoartu elkarteak antolatzen du hitzordua, nekazaritzan eta artisautzan lan egiten duten produktoreak eta sektorean lan egiten ez duten lagunak ere biltzen dituen taldeak. Ekimenaren sustrai sakonenak ekarri ditu gogora Jon Barainka “Saskel” elkarteko kideak. 2000. urtera joan behar da oinarriak ezagutzeko, «lehenengo hazia» mendearekin jaio baitzen. Nekazari eta boluntario batzuek zerbait egiteko beharra ikusten zuten. Hasierako urte haietan kontsumo talde bat jaio zen, «hazi» horren lehen fruitua izango zena. Lau urtetan zehar egon zen martxan. Esperientzia hori bukatu eta geldialdi bat etorri zen ondoren, baina jarraitzen zuten taldean beste zerbaiti forma eman nahian. Gaubean, Araban, igandetan egiten zituzten azoken eredua zuten mahai gainean. Azoka ospatzeko eguna, edo beste era batera esanda, erosketetarako aproposena izan zitekeen eguna finkatzea izan zen eztabaidagaietako bat... Eta horrela heldu zen lehen azoka, igande batean, eta abuztuan, berez opor garai bete-betean heldu zen lehen esperientzia bat. Herritarrekin egin zuten lehen kontaktu hark sekulako erantzuna izan zuen. Jon Barainka «Saskel» eta Haizea Bengoetxea Andikoetxea, azokak antolatzen dituen Lekukoartu elkarteko kideak. Marisol RAMIREZ | FOKU «Helburua zen, alde batetik, bertako nekazari txikiak saretzea, elkar ezagutzea eta herrian bertan eredu agroekologikoari presentzia ematea», azaldu du Haizea Bengoetxea Andikotxea Lekukoartuko beste kide batek. Filosofia horri jarraituz, azoka hainbat jarduerarekin jantzita izan da betidanik, eragile ezberdinak gonbidatuz eta hausnarketa, eztabaida eta balioen transmisioari espazio berezi bat emanez. «Guk ez genuen planteatzen salmenta zuzeneko espazio soil gisa, baizik eta aldarrikapen eta hausnarketarako espazio bat bezala», dio “Saskel”-ek, agroekologiak hartzen duen filosofia aipatuz. Nekazaritza ekologiko eta iraunkorraren inguruko proiektu asko dago, baina arlo sozioekonomiko, politiko eta kulturalarekin lotutako bidezko harremanak bultzatzen dituen egiteko era hori ere erakutsi nahi zuten, bere adierazpen guztiekin. Filosofia horrek hainbat isla izan ditu urteetan zehar hileroko azoketan. Guztira, hamaika hitzordu dira urtean, geldiunea egiten baitute urtarrilekoan. Kontatu dutenez, inguruan aktibo dauden elkarte, eragile eta espazioekin lan egin dute beti. «Azoka antolatu denean, beti eman zaio espazio bat aldarriari, momentuan behar zuten elkarteei, mugimenduei...», aipatu du Barainkak, eta ekimenak izan duen izaera didaktikoa jarri du mahai gainean. «Adibidez, sagar zukua egiten da urtero, gazta freskoa egiteko tailerra egin da, eskilatzea ere plazan egiten da, tomate dastatzea, tomate barietate ezberdinak ezagutzeko...», aletu du elkarteko kide beteranoak, eta Bengoetxeak gaineratu du azokak antolatzean beti saiatu izan direla sasoiko produktuak eta lanak prestatzen, garaiko lanak eta elikagaiak plazara eramanez, eta baserritarren munduaren atzean dauden lan ezberdinak ezagutzera emanez. Coca-colarik ez txosnan Nekazaritza eta herriaren arteko harremana ardatz duen agroekologia bezalako eredu batean, Saskelek erantsi du herritarren ondoan lan egitea edota haien parte hartzea bultzatzea bilatu izan duten zerbait izan dela hasieratik. Horren adibide gisa, lehen azoka bera aipatzen du. «Guretzat beti izan da inportantea herriko jendearekin kontatzea. Lehen azokan, baserrietan dauden eta jada erabiltzen ez diren tresna zaharrak bildu eta ikusgai jarri genituen. Herriko jende gehiena etorri zen azokara, noski, bere etxeko edo ondoko etxekoak ziren erreminta horiek ikustera. Frontoia beterik egon zen. Horrek beste begirada bat eman digu», dio Barainkak. Azoka ezaugarritzen duen beste adibide bat mahai gainean jarri du. Txosna izaten du azokak, baina tokiko edariak baino ez dituzte saltzen: txakolina, sagardoa, ardoa.... «baina Coca-Cola, adibidez, ez dugu hamabi urtetan inoiz saldu. Gure ideia izan da beti bertako produktuak plazaratzea, bai jarduerak egiteko orduan bai pintxoak egiterakoan», adierazi du Lekukoartuko kideak. Arrietako azokan hartutako irudia. LEKUKOARTU ELKARTEA Egindako ibilbide pertsonalez hitz egin dugu Arrietako azoka horietara gerturatzeko bildu ditugun bi ekoizleekin. Zereginean beteranoa da “Saskel”. Izan ere, Bizkaigane proiektuko sortzaileetako bat da. 40 urte egin ditu bertan lanean. Izaera komuneroko egitasmoan, behiak, ardiak eta txerriak gobernatzen dituzte, baina baratzeko eta esnekiak bezalako produktuak ere merkaturatzen dituzte. Komuna eta kooperatiba ereduen arteko egitasmo hori zortzi lagunen eskuetan dago orain, eta txorizo, okela, barazkiak... eramaten ditu plazara Bizkaiganeren markarekin. Jakin-min handia piztu duen proiektua izan da. “Saskel”-ek gogoratu du herri askotatik etorri dela jendea proiektua ezagutzera, baina «administrazioa ez dela etorri, lotsa ematen diola; ez dauka aurpegirik gugana etortzeko. Badaki nortzuk garen eta zer pentsatzen dugun», gaineratu du. «Hamabi urte eta (administrazioa) ez da etorri eskua ematera, zeren lan sozial bat egiten badugu politizatu egiten dugu, eta politika, azkenean, jaten dugun ogia ere bada», erantsi du. «Azoka neutroak nahi dituzte erakundeek, non ekoizleek mahaia eskatu eta hainbat izapide beteta izan behar duten», jarraitu du, beste azoka batzuen atzean dagoen ereduaz. Azoka estandarrez ari diren galdetuta, «gure estandarra beste bat» dela zehaztu du Bengoetxeak. Olatxu baserrian sortutako proiektu agroekologikoko produktorearen hitzetan, azokak baditu beste arau batzuk; produktu agroekologikoen plaza da eta paper garrantzitsu bat du ekoizle gazteei begira. «Beti sinistu izan dugu hasi berri dagoen jende horri espazio bat eman behar zaiola. Nik uste dut Lekukoartun eman diogula espazio bat instalatze bide horretan egon den jendeari, eta horrek berezitasuna ematen dio», berretsi du. «HAUSPOA EKOIZLEENTZAT» Bengoetxea bera Arrietako familiaren etxera itzuli zen, eta herrian abiarazi zuen marmelada eta kontserbagintzarekin lotutako proiektua. «Nire ama eta nire amaren familia Arrietakoa da. Ama izan zen baserritik hirira salto egin zuen belaunaldikoa, eta gero nik buelta egin dut. Aitita eta amamaren baserrian instalatu ginen hasieran bikotea eta biok, eta nekazaritzan eta kontserbagintzan hasi ginen», kontatu dio GAUR8ri. Berez, 2012an bertan hasi ziren, eta nabarmendu duenez, «Lekukoarturi esker errotu genuen proiektua». Izan ere, garrantzi handia ematen diote egitasmoak duen sare izaerari, funtsezkotzat jotzen baitute ekoizleen ikuspegitik, batez ere lanbidean hasten diren baserritarrentzat. «Oinarrizko gauza bat da proiektu txikientzat», berretsi du, «kristoren hauspoa baita» hasieran, sor daitezkeen zailtasunen aurrean... «Azkenean, guk eduki dugun pribilegioetako bat da lehenengo sektorean lan egitea aukeratu ahal izan dugula» dio Bengoetxeak, eta “Saskel”-ek gaineratzen du «herri txiki batean integratzeko zubia ere izan dela Lekukoartu, herriko beste talde batzuekin batera. Hilean behin izaten da azoka, hileko lehen igandean. LEKUKOARTU ELKARTEA Azokek ekoizle txikien produktuak merkaturatzeko orduan duten garrantziaz, aipatu dute oso zaila dela txiki batek dendetan saltzea; «Ekoizpenaren araberako zirkuitua egin behar da, eta zuzenean saltzeak jabetza ematen dizu, zuk kontrolatzen duzu, zeren beste bati saltzen badiozu, denbora askoz edo gutxiz izan, berak kontrolatzen du zure ekoizpena». «Plazetan, merkatuetan, saltzen baduzu, aldiz, zuk kontrolatzen duzu prezioa..., eta dependentzia gutxiago duzu», dio “Saskel”-ek. Bat dator Bengoetxea, eta gaineratzen du gainbeheran daudela salmenta zuzeneko espazioak. «Alternatibak sortzen ari dira ekoizleak saretzen ari direlako proiektu kolektiboetan, eta Lekukoartu horretarako espazio bat izan daiteke», esan du. Gogoeta horretan sortu da azoka batzuk folklore bilakatu izanaren ideia. «Ematen zaien balioa ez da egitarauko ekimen batena», eta ekoizleek, batez ere txikiek, atzean duten lan handia ikusaraztea behar dute, horri behar duen presentzia ematea; ez bakarrik produktuaren erakusleiho izateari balioa ematea, baita proiektuaren atzean dagoen lana eta balioa nabarmentzea ere». Arrietako esperientzian nekazaritza ezagutu baina sektorean lan egiten ez duten herritarrak ere badaude, eta sarean boluntario gisa laguntzen aritu direnak, nekazarien seme-alabak izan direnak eta lana ezagutzen dutenak. «Bakoitzak daukanetik egin du ekarpena, sormenaren ikuspuntutik, antolakuntzari dagokionean , diseinuan... norberak bere jakituriatik egin du ekarpena», ziurtatu dute. Ardatz horietan ainguratzen joan da hazten proiektua, eskualdean erreferentziazko hitzordu bat bihurtu arte. Plentzia, Bakio, Getxo, Bermeo eta Mundaka bezalako herrietatik heltzen dira azokaren ohiko bezeroetako batzuk. «Azoka bera elkargune bat baita», diote ekoizle biek, eta eskaintzen duen horretaz, argi dute produktu sorta askotarikoez gain -barazkiak, kosmetika, esnekiak, okela, kontserbak...- artisautza eta tximinia garbitzailea bezalako ofizio zaharrak aurki daitezkeela. Elkarteak, gainera, inguruko ekoizleak gonbidatzen ohi ditu, eta arestian esan bezala, kalean dauden aldarrikapen eta hausnarketen bilgune ere izaten da. Arrietako azokaraino heldu da, adibidez, Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren mezua. Basogintza ere izan da Lekukoartu Elkarteak landu izan duen arlo bat. Gogoratu dutenez, basoen kudeaketa publikoaren ikuspuntutik, Arrietak 60 hektarea inguru ditu Urdaibai aldera, pinuz eta eukaliptoz beteak. Hiru egunetan zehar, esposaketa, tailerra eta 100 lagunen parte hartzea izan zituen ibilbidea egin zuten, ereduen inguruko hausnarketan sakonduz. Palestinarekiko elkartasuna ere izan da azokak zabaldu duen mezuetako bat, bertako produktuak saltzen ohi zituen palestinar baten saltokiaren bidez. Baserriko munduak eman dezakeen onena eraman daiteke plazako saltokietara, baina beste giro bat sortzen da, egiteko era bat begietara eman eta plaza herritarren ahotsez betetzen bada. Arrietako azoketan arnasten den giroa musikaren doinuez haratago doa aspaldi.